Pradalesek «gutxieneko zoru komun bat» ezartzea defendatu du segurtasun arazoei aurre egiteko

Segurtasunaren askotariko ertzak izan dituzte hizpide Eusko Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hezkuntzan eta bizikidetzan egin du azpimarra, eta iragarri du larrialdietako aginte bakarreko sistema eratuko dutela.

Pradales, Zupiria sailburua atzean duela, gaur goizean. RAUL BOGAJO / FOKU
Pradales, Zupiria sailburua atzean duela, gaur goizean. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
Gasteiz
2026ko urriaren 28a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer da segurtasuna? Eta nola berma daiteke? Galdera horiek ardaztu dute Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren segurtasun integralari buruzko osoko bilkura monografikoa. EAJren eta PSE-EEren ekimenez egin dute saioa, legealdi honetako hirugarrena jada. Eta, aurrekoetan gertatu moduan, gai bakarreko saioa izan ordez askotarikoa bilakatu da. Zibersegurtasunaz, klima larrialdiaz, etxebizitza krisiaz, indarkeria matxistaz, lan segurtasunaz eta polizia ereduaz hitz egin dute, besteak beste. Baita duela gutxi izandako istiluez ere. Erronka horiei guztiei aurre egiteko abiapuntu gisa «gutxieneko zoru komun bat» ezartzea defendatu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, segurtasuna nolanahi ulertuta ere.

Pradalesek nabarmendu du segurtasuna «subjektiboa» dela, nork bere testuinguruaren eta bizi balditzen arabera duen pertzepzioari lotuta dagoelako. Horregatik, «segurtasunaren paradigma errotik aldatzen» ari den garaiotan, adierazi du segurtasuna bere osotasunean aztertu eta landu behar dela. Hain justu ere, gogorarazi du helburu horrekin jarri zutela abian Basque Segurtasun Foroa, orain urtebete, askotariko eragileekin eta herritarrekin batera «segurtasun integrala» nola landu hausnartzeko.

Bada, prozesu hori amaitu berritan egin dute gaur gai bakarreko osoko bilkura, haren segida gisa, eta lehendakariak hark utzitako ondorioak baliatu ditu bere irakurketa egiteko. Azken hamabost urteetako bilakaerari argazkia aterata egin du kontakizuna, datuetan oinarrituta, eta azaldu duenez, egoera nabarmen aldatu bada ere, batez ere ETAren mehatxua desagertu zenetik, segurtasun ezaren pertzepzioa areagotu egin da berriro toki jakin batzuetan, nagusiki hiriguneetan, eta horrek kezka eragin du.

«Euskadin, herri aurreratu guztietan bezala, poliziaren erantzuna ezinbestekoa da. Eta kalean nahi ditugu, eskura. Oinez. Herritarrengandik hurbil»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Horrez gain, balio demokratikoen eta etikoen galeraz ere ohartarazi du, eta indarkeriaren «justifikazio onartezinaz». «Jokabide antisozialen banalizazio bat sumatzen ari gara, oinarrizko elkarbizitza arauak bete ez daitezkeelako sentsazio bat», esan du Pradalesek, Bilboko istiluei eta joan den astean terrorismo delitua egotzita atxilotukoei erreferentzia eginez. Eta ohartarazi du indarkeria «inoiz gurutzatu behar ez den marra gorri bat» dela: «Gizarte bezala ez dugu onartuko».

Heziketan eta elkarbizitzan egin du azpimarra Pradalesek, horiek direlakoan segurtasuna hobetzeko tresna garrantzitsuenak: «Bizikidetza konpromisoa ezin da sekula taktikoa izan. Ukaezinak diren printzipio etikoetan egon behar du oinarrituta». Horiek horrela, norberaren etxetik hasita «ispiluaren aurrean jarri eta galdera deserosoak» egiteko eskatu die herritarrei, eta nork bere gain hartzeko erantzukizunak. Izan ere, azpimarratu duenez, ardura erakundeena ez ezik, gizartearena ere bada.

«Polizia integrala»

Lehendakariaren arabera, autoritatearekiko errespetua berreskuratzea ere oinarrizko zutabe bat izan beharko litzateke, segurtasuna hobetzeko. Izan ere, adierazi du «kultura» hori ere galtzen ari dela. «Bada garaia ertzainen eta udaltzainen lana aitortzeko. Beren jardunari balioa emateko», nabarmendu du, eta zera erantsi: «Haien kontrako erasoak eta mehatxuak ez ditugu inoiz ere onartuko. Zerbitzu publikoa eskaintzen dutenak babestea herritarrek jasotzen duten zerbitzua babestea ere bada».

Bada, Pradalesek iragarri du polizia kopurua handitu, koordinazioa eta prestakuntza hobetu eta agenteen kaleko presentzia indartu egingo dutela: «Euskadin, herri aurreratu guztietan bezala, poliziaren erantzuna ezinbestekoa da. Eta kalean nahi ditugu, eskura. Oinez. Herritarrengandik hurbil». Haien prestakuntzari dagokionez ere, neurriak hartuko dituztela esan du, mehatxu berriei aurre egin ahal izateko: «Polizia integral batek agente integralak behar ditu».

Horri lotuta, iragarri du «jauzi bat» emango dutela larrialdi eta segurtasunaren arloan: aginte bakarreko emergentzia sistema bat eratuko dute. Babes Berehalako Arreta Bermatzeko Euskal Sistema izena izango du, eta sare berean bilduko ditu babes zibileko zerbitzuak, suhiltzaileak, osasun zerbitzuak edota erakundeak, besteak beste. Helburua da suteei, uholdeei, istripuei edo antzeko larrialdiei berehalako erantzun bateratua ematea. Udazkenerako martxan nahi du Jaurlaritzak.

EAJ eta PSE-EE

Jeltzaleen eta sozialisten ekimenez egin dute osoko bilkura monografikoa, eta haiek izan dira, hain zuzen ere, hitza hartzen lehenak. Biak ala biak ildo beretik mintzatu dira, eta bat etorri dira lehendakariaren irakurketarekin ere, ñabardurak ñabardura. Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak, adibidez, azpimarratu du segurtasuna «eskubide bat» dela, eta ezin dela alderdien intereserako erabili, PPk eta Voxek egiten duten bezala. Edonola ere, mehatxuak eta arazoak aldatu egin direla eta erakundeak horietara egokitu behar direla ohartarazi du. «Euskadi aldatu egin da eta ezin diogu duela hogei urte bezala heldu».

Joseba Diez Antxustegi
Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU

Ildo beretik, Joseba Diez Antxustegi EAJko legebiltzarkideak ere ziurtatu du «Euskadi herri segurua» dela, datuek ere hori erakusten dutela, baina aitortu du herritarren pertzepzioa bestelakoa dela eta kezka horri erantzun egin behar zaiola: «Ezin dugu albo batera begiratu». Hori bai, adierazi du kontzeptu eta arrisku berriak agertu direla, eta horiei heldu egin behar zaiela. Baina ideiak ez nahasteko ere eskatu du, dena zaku berean sartzen bada segurtasuna ez delako deus izango. Lehentasunen artean kokatu ditu elkarbizitza indartzea, balio demokratikoak eta autoritatearekiko errespetua berreskuratzea, eta «Euskal Polizia» etorkizunerako prestatzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA