Zupiriak esan du Ertzaintzak behar bezala jardun zuela Munduko Kopako finaleko istiluetan

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azpimarratu du prebentzioa lehenetsi zutela, eta Poliziak partida ikusteko eta manifestatzeko eskubideak «bermatu» zituela.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
aitor biain
2026ko irailaren 30a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak azalpenak eman ditu gaur Eusko Legebiltzarrean, Munduko Kopako finalaren harira izandako liskarrei buruz. Espainiaren eta Argentinaren arteko partidaren atarian istilu batzuk izan baziren ere, Zupiriak ontzat jo du Ertzaintzak egun hartan izan zuen jokabidea, eta antolatu zuen operazioak ongi funtzionatu zuela adierazi du. Azpimarratu du Ertzaintzak «bermatu» egin zituela herritarren elkartzeko eta manifestatzeko oinarrizko eskubideak, eta, beraz, partida ikusi nahi izan zutenek eta euskal selekzioaren alde elkarretaratu zirenek modua izan zutela nahi zuten hori egiteko.

Alderdi Popularrak eskatuta egin du agerraldia Segurtasun sailburuak Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Gazteleraz erantzun die Ainhoa Domaika legebiltzarkideak egin dizkion galderei. Zupiriak gogora ekarri du uda «normaltasunez» igaro dela, aparteko istilu larririk gabe, eta herrietako festak ere «lasaitasunez» egin dituztela. Zehaztu du, hala ere, lasaitasun hori «ilundu» egin zela kasu jakin batzuetan, Munduko Futbol Txapelketaren harira izandako gertakariekin, kasurako.

Sailburuak esan du Jaurlaritzak gogor gaitzetsi zituela istiluok, eta hitzez hitz errepikatu du horien harira argitaratu zuen oharrean jasotakoa. Ertzaintzak antolatu zuen operazioaren xehetasunak ere eman ditu, eta aipamen berezia egin die Bilboko Casilda Iturrizar parkerako prestatu zuenari. Azaldu du ertzainek hura boikotatu nahi zuten talde txiki batzuk lokalizatu eta atxiki zituela, eta aurpegia estalia zuten pertsona batzuk pantailara hurbiltzea eragotzi zuela.

«Ertzaintza behar zen lekuan egon zen», esan du Zupiriak, Alderdi Popularraren salaketari erantzunez. Izan ere, PPk salatu du egun hartan ez zela poliziarik egon parkearen inguruan, erabaki «politiko» baten ondorioz. Euskaraz, Zupiriak adierazi du prebentzioa lehenetsi zutela: «Uste dut ertzainen hedatze izugarriak egin bagenitu, hesiak jarri izan bagenitu, ez genuela gure lana ongi egingo. Uste dut egin behar genuena egin genuela: aurrena, prebentzioa, eta, ondoren, istiluak izan diren tokietan pertsonak identifikatu, ikerketak egin, atestatuak osatu eta epaitegietara bidali. Hori da gure eredu poliziala».

«Uste dut pantailak jarri zituzten lekuetan ertzainen hedatze izugarriak egin bagenitu, hesiak jarri izan bagenitu, ez genuela gure lana ongi egingo. Uste dut egin behar genuena egin genuela»

BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua

Sailburuak ez du eztabaidan sartu nahi izan, baina azpimarratu du ekitaldi pribatuen segurtasuna antolatzaileei dagokiela. Gainera, gogora ekarri du Bilbon ez ezik, beste herri batzuetan ere izan zirela istiluak: 49 izan ziren guztira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietan 76 pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak, eta sei lagun atxilotu, denak egunean bertan. Jakinarazi du, halaber, 26 salaketa jarri zirela eta 27 atestatu osatu zituztela; besteak beste, desordena publikoa, mehatxu egitea, gorrotoa sustatzea, lesioak eragitea edo autoritatearen aurka egitea egotzita.

Benetakoa ez den argazkia

PPk gogor egin du Eusko Jaurlaritzaren aurka, eta Segurtasun Sailari egotzi dio istiluak egongo zirela jakinda ere ez zuela ezer egin horiek eragozteko. EH Bilduren polizia eredua bere egitea leporatu dio Zupiriari. Ertzaintzaren operazioak «huts egin» zuela salatu du Ainhoa Domaika legebiltzarkideak, eta adibide gisa jarri ditu Bilbon izandako istiluak. Horien harira sare sozialetan argitaratutako irudien bidez osatutako bideo bat ere erakutsi du. 

Gainerako alderdiek, ordea, Alderdi Popularraren jarrera kritikatu dute. EH Bilduk, esaterako, txarretsi dio «etengabeko gatazkaren kontakizuna» zabaldu nahi izatea. Izan ere, Gorka Ortiz de Gineak egotzi die istilu txiki batzuk baliatzea benetakoa ez den argazki orokortu bat osatzeko. EAJk eta PSE-EEk, berriz, ontzat jo dituzte sailburuaren azalpenak. Jon Andoni Atutxa jeltzaleak nabarmendu du Ertzaintzaren jarduna egokia izan zela, «eginkizun zaila» izan arren. Estibaliz Canto sozialistak, ostera, adierazi du kirola eta indarkeria bereizi behar direla. Era berean, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarrikapena «modu baketsuan» egitea defendatu dute alderdi abertzaleek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA