Zupiriaren kontrako pintaketa «onartezin» bat salatu du EAJk

«Zupuria, entzun, Euskadin pin-pan-pun!» hitzak idatzi dituzte Lasaoko horma batean. Horri lotuta, Ubarretxenak EH Bildu kritikatu du, uste baitu ez dela argia halako jazoeren inguruan.

Lasaon egindako pintaketa. BERRIA
Lasaon egindako pintaketa. BERRIA
Iosu Alberdi.
2025eko urriaren 27a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren kontrako pintaketa «onartezin» bat egin dutela salatu du EAJk, eta alderdiaren «babes osoa» helarazi dio sailburuari. EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolak sare sozialetan zabaldutako argazki batean, «Zupuria —Zupiria, gaizki idatzita—, entzun, Euskadin pin-pan-pun!» hitzak ageri dira horma batean, Lasaon (Azpeitia, Gipuzkoa). Pintaketa bera salatzeko ez ezik, baina, EAJko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek EH Bildu kritikatzeko baliatu dute auzia. «Alderdi politiko bezala, ardura sozial bat dugu gizartearen aurrean, eta argiagoak izan behar dugu. Agian, EH Bildu ez da oso argia izaten ari», esan du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak. Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta EH Bilduko kideak, baina, txarretsi egin du pintaketa, eta jakinarazi du haren berri izan bezain laster agindu zuela ezabatzeko.

Pintaketan ageri diren hitzek Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen arteko talka gogorarazten dute. Alderdi Eguneko ekitaldian, Pradalesek «Ayuso, entzun, Euskadi euskaldun» mezua helarazi zion, Diaz Ayusok euskararen ofizialtasunaren eta erabileraren kontra esandakoei erantzunez. Madrilgo Erkidegoko presidenteak, baina, guztiz eraldatu zuen mezua. «Ayuso, entzun, pin-pan-pun» esan izana egotzi zion Pradalesi, eta gehitu mezu hark ETA gogorarazten ziola.

Zupiria eztabaida politikoaren ardatzean da azken asteetan, besteak beste, Falange Espainolak Gasteizen egindako elkarretaratzean eta haren harira piztutako istiluetan Ertzaintzak izandako jarreragatik. Ostiralean azalpenak eman behar izan zituen Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduri, PPri eta Sumarri erantzunez, eta polizien jarduna defendatu zuen. Zupiriak mugimendu antifaxisten mobilizazioa ere kritikatu zuen, eta esan horien helburua Ertzaintzaren kontra egitea zela. Hain zuzen, Zupiriak eta Pradalesek abagunea baliatu zuten auzi horren harira oposizioaren eta, batez ere, EH Bilduren kontra egiteko. Lehendakariak mugimendu antifaxisten jarrera «hauspotu» izana txarretsi zion koalizio subiranistari. Sailburua urrunago joan zen: «'Zuek, faxistak, zarete terroristak', gogoratzen? Ba, zuen kumeek sortutako istiluen harira, haiei aurpegia ateratzea erabaki duzue».

Hain zuzen, Ansolak ere bide beretik jo zuen atzo egindako agerraldi batean, eta EH Bilduri egotzi zion «antipolitika» eta «joko zikina» baliatzea. Sare sozialetan, berriz, pintaketa salatzearekin batera, hala adierazi zuen: «Horiek babesten dituen isiltasuna onartezina da gizarte demokratiko batean». Gaur, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Ubarretxenak gehitu du «ulertzeko zailak» direla halako jazoerak 2025ean. Haren esanetan, iragana oroitarazten diote: «Denok sufritu eta ikusi ditugu halako gauzak iraganean, eta ez zaizkigu gustatzen garai haiek».

Hain zuzen, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak «onartezintzat» jo du pintaketa, eta adierazi du haien berri izan laster Zupiriari berari eta EAJko ordezkariei adierazi ziela halakoek ez dutela tokirik. «Mehatxatuak izan diren erakunde eta ordezkariei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, kasu honetan, Bingen Zupiriari», idatzi du Alkortak X sare sozialean, eta gehitu du pintaketa ezabatzeko agindu zuela; atzo ezabatu zuten.

Euspel polizia sindikatuak ere pintaketa gaitzetsi du, «Euskal Poliziaren kontrakoa» dela esanez: «Koldar autoritarioek Euskadiko hormak zikintzen jarraitzen dute euren gorrotoarekin». Hain zuzen, Zupiriak polizia sindikatuen kritikak ere entzun behar izan ditu urriaren 12ko operazioaren harira, eta zenbaitek eskatu dute dimisioa eman dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.