Nafarroako Ezker Batuak, Batzarrek eta zenbait eragile independentek oinarrizko akordio bat egin dute 2027ko udal eta foru hauteskundeetan ere Zurekin Nafarroa koalizioaren bidez aurkezteko. Mahai gainean da, baina, orain arteko galdera bera, ea Ahal Dugu-ko kideak ere zerrenda horretan egongo ote diren. Gaur akordioa sinatu duten taldeek atea zabalik utzi dute beste eragile batzuk ere koaliziora batzeko, eta hizketan ari dira alderdi morearekin. Bada, baina, epemuga bat: irailaren 1a. Kanpainaurreari buru-belarri ekin nahi diote orduan.
Berriz ere Zurekin koalizioa osatuko duten eragileek agerraldi bateratu bat egin dute Iruñean, eta, hartan, Ezker Batuko koordinatzaile eta Zurekin-en Nafarroako Parlamentuko eledun Carlos Guzmanek adierazi du ituna «ilusioa» pizteko modukoa dela.
«Nafarroako gehiengo aurrerakoiaren ezkerreko aingura izan gara», adierazi du Guzmanek, egungo gobernuari erreferentzia eginda. PSNrekin eta Geroa Bairekin batera osatzen du gobernua Zurekin-ek, eta EH Bilduren babesa dute. Halere, uste dute talde horien arteko egungo indar korrelazioak «mugak» ezarri dituela, eta, horregatik, alternatiba bat osatu nahi dute, «ezkerretik». Hain zuzen, hori helburutzat hartuta, «beste etapa baten» hasiera irudikatu dute.
Koalizioaren xedea da «Nafarroaren eraldaketarako motor» bihurtzea, eta horretarako «gehiengo sozialaren, eta herri eta hiri guztietako langile familien ahotsa» izan nahi dute, «ofentsiba sozial bat eraiki». Bide horretan, lehentasun gisa ezarri dituzte hezkuntza, osasun publikoa, ingurumenaren zaintza eta «benetako elkarbizitza kulturaniztuna».
«Aurpegiak» zein izango diren, zehazteko
Argitzeko dago, baina, nork gidatuko duen hautagaitza hori. Guzmanen hitzetan, oraindik ez da iritsi «aurpegiak» zein izango diren zehazteko garaia, eta «proiektua» hitzartzen ari dira. «Inork ez dezala zalantzarik izan ahalik eta hautagaitza onenak osatuko ditugula parlamenturako eta udaletarako».
Azken bozetan, Begoña Alfaro egungo Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteordea izan zen zerrendaburua. Orduan, Ahal Dugu-ko burua ere bazen Alfaro, baina iaz alderdia utzi zuen, eta Zurekin koalizioaren aldeko apustua berretsi. Hartaz galdetuta, Guzmanek erantzun du «lagundu dezakeen orok» duela lekua koalizioan: «Ez dugu dudarik Begoñak eta proiektuan parte hartu nahi duten kide guztiek euren espazioa aurkituko dutela Nafarroarentzat aurkezten dugun alternatiba osatzen laguntzeko».
Horri guztiari forma emateko epemugarik ez dute ezarri nahi izan, baina nabarmendu dute irailaren 1ean kanpainaurreari ekiteko prest egon beharko dutela. Beraz, Ahal Dugu eta Equo taldera batzen saiatzeko negoziazioak ezin dira gerorako utzi. Izatez, Batzarreko Olga Risueñok adierazi du negoziazio «biziak» izaten ari direla bi alderdi horiekin, «bakoitzaren espazioak eta denborak errespetatuz». Hain zuzen, duela hilabete inguru, Nafarroako Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Neniques Roldanek baieztatu zuen alderdiak negoziatzen ari direla, baina gehitu zuen eurek «ahots propioa» izan behar dutela hurrengo bozetan.