Tarteka mahaigaineratzen den gaia da Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorrarena. Eta horrekin batera, Nafarroako Foru Hobekuntzaren bigarren xedapen gehigarriarena eta Gernikako Estatutuaren bigarren artikuluarena. Jakina denez, xedapen horrek Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoarekin batzea ahalbidetzen du, aipatu konstituzioak aurreikusten duen kasu bakarra. UPN alderdiak egin ohi du hori normalean, eta onartu beharko zaio bere ibilbidearekin koherentea dela jarrera hori, alderdia (batez ere) horregatik sortu zutelako 1979an Jesus Aizpun eta enparauek, haien ustez UCD alderdiak traizio egin ziolako Nafarroari EAJri garaipen hura oparituz.
Pasa den astean izan zen azken eztabaida Nafarroako Parlamentuan, eta Cristina Ibarrolaren alderdiak aurkeztutako ekimena, Espainiako Gorteei eskatzea konstituzioa alda dezan xedapena kentzeko, bertan behera gelditu zen. Ez zen nobedade handirik izan talde politikoen arrazoibidean. Agian eztabaida piztu zenetik egindako ekarpen interesgarriena Jaime Ignacio del Burgok egin zuen duela aste batzuk prentsa artikulu baten bidez, ez ekarpen berria delako baina bai bereari sutsuki eusten diolako ia mende erdi igaro ondoren. Haren hitzetan, ez da egia hura jelkideen aurrean amore emate bat izan zenik; alderantziz, Nafarroako UCDren garaipen handia izan zen hura, bertako herritarrei ematen zitzaielako azken hitza ustezko bateratze baten aurrean. Horra hor erabakitzeko eskubidearen defentsa sutsua, Euskal Herrian espainolista betek egina, uler bedi ironia. Berriz ere hilondoko eztenkada eman zion Del Burgok Aizpuni, gogoratzen hura xedapen horren alde egon zela hasieran. Gero aldatu zuela iritzia.
Baiki, bitxia da ikustea zer irakurketa ezberdinak, muturrekoak, egin ziren (egiten diren) lege bateko lerro gutxi batzuen inguruan. Bitxia den bezala urte haietan gertatu zena errepasatzea: negoziazioak nola joan ziren Carlos Garaikoetxeak azaltzen du hobekien bere liburuetan, nahiz eta Xabier Arzalluz, Mario Onaindia eta beste askoren ekarpenak ere interes handikoak izan. Orduko hemeroteka errepasatzea ere ez da ariketa aspergarria, batez ere Euskadiko Ezkerraren eta Herri Batasunaren arteko xextra Nafarroa hizpide: laugarren xedapen iragankor honen (ustezko) aukerak balioetsiz batzuk, gutxietsiz besteak.
Neurri handi batean, orduan apustu historiko hura egin zutenei esker daude oraindik zirrikitu batzuk zabalik gure nazioaren geroa eraikitzeko orduan
Halaber, interesgarriak dira benetan ia mende erdiren bueltan eragile politikoek egiten dituzten balorazioak. Kontuan hartzekoak dira, horregatik, Arnaldo Otegiri Iñaki Sotok aurtengo Aberri Egunaren atarian egindako elkarrizketan esan zituenak eta, nire uste apalean, duela hamarkada batzuk esango ez zituenak. Haren hitzetan, Espainiako Konstituzioan badaude hainbat kontu idatziak Euskal Herriari buruz, beste lurralde batzuei buruz aipatzen ez direnak, tartean eskubide historikoak eta Nafarroari buruzko xedapena. Elgoibarkoaren ustez, ez da hori guztia kasualitatearen fruitu.
Ez, ez da kasualitatearen fruitu, hona iritsi nahi nuen. Neurri handi batean, orduan apustu historiko hura egin zutenei esker daude oraindik zirrikitu batzuk zabalik gure nazioaren geroa eraikitzeko orduan. Orain eskura izango ez genituzkeen zirrikituak eta, gauzak dauden bezala, zabalik eusten lan eskerga eskatuko digutenak. Bada garaia lorpen haiek beste era batera baloratu eta eskertzekoa.
Post Scriptum:
Lerro hauek bukatuak nituenean iritsi zait Carlos Garaikoetxea lehendakariaren heriotzaren berri. Egunkarian beste zutabe bat idazteko denbora eskaini didaten arren, idatzia nuena pixka bat laburtu eta lerro hauek gehitzea erabaki dut, azken finean, kasualitatez (eta zorionez), haren lanari omenaldi bat egitea ere bazelako gaurko prestatua neukana. Izango da beta gehiagorako, baina Elixabete Garmendiak Garaikoetxearekin osatu zuen liburu ederra komentatzen 2019ko urtarrilean hemen bertan idatzi nuen zutabeko izenburua datorkit burura: Liderra. Euskal Herriak izan duen handienetakoa. Gugan bego.