Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko presidentea

Aire berrituak euskal lankidetza politikan

2024ko martxoaren 6a
05:00
Entzun

Nima nekazaria da Sudanen, eta egunero egiaztatzen du bere uztak lehortzen eta alferrik galtzen ari direla euria gero eta ezegonkorragoa delako eta lehorteak ohikoak direlako. Bien bitartean, Arabako Iratxe baserritarra aztertzen ari da laboratzen dituen produktuak egungo tenperatura-aldaketei hobeto eutsiko dieten beste batzuekin ordezkatzea. Flor María bere alabarekin bizi da Limako emakumeen etxe batean, indarkeria matxista pairatu duelako; han formakuntza jasotzen ari da bere negozioa abian jartzeko. Aldi berean, Saioa, Miren eta Lourdes sare feministak josten ari dira Euskadiko zenbait emakumeen etxetan matxismoari aurre egiteko. 1937an, José Antonio izeneko haurra bere jaioterri zen Gernikatik itsasontziz Caracasera abiatu zen etorkizun baten bila; orain dela hilabete gutxi batzuk, Siriako Amal gaztea Gipuzkoara heldu zen gerratik ihesi bizitza berri baten bila.

Istoriook erakusten dute zenbait faktore globalek gure mundua mehatxatzen dutela eta eragina dutela herritar guztiengan, baina bereziki pertsona zaurgarrienengan. Klima larrialdia, pobrezia eta desberdinkeriak, gerrak eta indarkeria, nazioarteko ezegonkortasuna edota prekaritatea arrisku horietako batzuk dira. Euskadiko lankidetza-politikek solidarioagoak, bidezkoagoak eta jasangarriagoak diren gizarteak lortzeko helburuan aurrera egitea ahalbidetzen dute. Horretarako, adostasunak, konpromisoak eta indarrak batzeak berebiziko garrantzia du. Horren adibidea pasa den otsailaren 15ean, Eusko Legebiltzarrean, aurki dezakegu. EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PPk beren desadostasunak alde batera utzi zituzten eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berria onartu zuten. Horri esker, Euskadik etorkizunari gogoz begiratuko dio elkarri lotutako erronka eta mehatxuei aurre egiten laguntzen jarraitzeko eta munduan ikusi nahi dugun aldaketaren parte izateko.

Lege berri horrek helburu hau sendotu nahi du: Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %0,7 lankidetza-politiketara bideratzea, Nazio Batuen Erakundeak onartutako Garapen Jasangarrirako Helburuei jarraikiz. Gai hori garrantzitsuenetarikoa da, eta eraldatzaile eta erreferente izan nahi duen lankidetza-lege berri batek ezin dio horri uko egin. Konpromiso hori etikoa da, baina portzentaje bat baino gehiago ere bada: Euskadik egungo munduan izan nahi duen paperaren aitortza da.

Marko juridiko berri honek erakundeen arteko kolaborazioa indartzen du (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak), eta horren aplikazioa Euskal Herriko Unibertsitatera eta EUDELera zabaltzen du. Zenbait aurrerapen garrantzitsu dakarzkio garapenerako politiken koherentziaren alorrean, lankidetza-politiketan gardentasun eta kontu-ematearen aldeko apustu handiagoa egiten du, armen industria diru publikoarekin finantzatzea debekatzen du, eta feminismoaren eta giza eskubideen, ingurumenaren eta oinarri demokratikoen aldeko ikuspegia txertatzen du. Halaber, indartu nahi du Euskadiren elkartasun tradizioa, eta horretarako gizartea eraldatzeko hezkuntzaren aldeko apustua egiten du, elkartasun balioak sustatzen ditu, gizartearen eta bere erakundeen mobilizazioa bultzatzen du, eta elkarteen sarea areagotzen du. Gainera, tresnak eta mekanismoak martxan jartzera hitzematen du izapide administratiboak errazteko eta malgutzeko, eta garapenerako GKEen protagonismo historikoa aitortzen eta sendotzen du. Azkenik, 2007ko Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren legearen konpromisoak berresten ditu.

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundean nazioarteko lankidetzan diharduten 83 GKE biltzen ditugu, eta arau honetan aurrerapenak egon badaudela uste dugu. Hasieran ez ginen horren aldekoak, baina, gizarte zibileko erakundeak garen heinean, guretzat funtsezkoa diren gaiak kontuan izateko Eusko Jaurlaritzak egin duen esfortzua aitortu nahi dugu; baita garapenerako GKEak funtsezko eragile gisa onartzea ere munduko hainbat herri eta pertsona  zaurgarrienekin batera egindako ibilbide luzearen ondorioz.

Euskal lankidetzaren denbora berri honi ilusioz eta gogobetez ekiten diogu, baita tentuz ere 2007ko aurreko legea hainbatetan bete ez delako. Espero dugu lege berri honek eta garatuko diren hurrengo tresnek kalitatezko eta egonkorrak diren euskal lankidetza politikak zurkaiztea, eta beharrezkoa den markoa ezartzea nazioartean berriro erreferentea izan gaitezen, egungo testuinguru aldakorrean eta ziurgabetasunez eta mehatxuz betetakoan. Azken finean, lege marko hau lehenengo pausoa soilik izatea espero dugu erronka berriak dituen politika hau egonkortzeko. Gizarte zibileko erakundeok marko horretan aukera bat ikusten dugu mundu hobe baten eraikuntzan laguntzen jarraitzeko, pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten, Sudanen, Perun, Sirian edo Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.