LAB, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Global Sumud Flotilla EH, eta Ertzaintzaren bortizkeriaren biktimak

Bingen Zupiria sailburuari gutun irekia

Iratxe Delgado, Elene Lopetegi, Amaia Arbeo, Agus Gorbea, Adur Ramirez de Alda, Xuhar Pazos, Iker Arana eta Amaya Zabarte
2026ko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoen defentsa gure herria ardaztu duen oinarri komuna izan da. Garai bakoitzak bere ezaugarri eta errealitate konkretuak izan baditu ere, oraindik asko dugu eremu honetan irabazteko herritar guztion bizitzak duintzea xede badugu behintzat.

Azken asteetako irudi eta gertakariak larritasunez bizi ditugu. Denon begi ninietan iltzatuta geratu da sionismoak bahituta, torturak eta tratu txarrak salatu ondoren, Loiuko aireportuan hainbat ekintzaile solidarioren aurka erabilitako biolentzia erabatekoa eta justifikaezina. Operatibo baten akats pertsonalak edota uneko erabaki okerrak izatetik urrun, egiturazko arazo baten adierazle behinenak baino ez dira izan. Hori berresten dute Bingen Zupiriak berorrek ondorengo egunetan eginiko adierazpen tamalgarriek. Gertatutakoaren gaineko ardura politikoak hartzeari iskin egin eta inolako neurririk hartzeko asmorik gabe, eta Ertzaintzak enpresa sionistekin dituen kontratuen eta kolaborazioen inguruan hitzik ere esan gabe. Bada garaia harreman hauek bertan behera gera daitezen.

Zoritxarrez, ez da izan kasu isolatu bat. Gehiegitan ikusi ditugu, Sailburuak aginduta, haien lanpostuen defentsa egiten ari diren langileak borraz jotzen, greba eskubidea egiteko piketeen lana oztopatzen —legez enpresa batzordeak lantegian sartzeko duen eskubidea bera ere ukatuz— baita, oro har, langileon protestak gogo biziz kriminalizatzen ere. 

Egungo poliziak dira duela hilabete gutxi Tourra gure lurretan ez egiteko bide mozketak egin zituztenak, baita tranbiak gelditu zein irain eta mehatxuekin erantzun zituztenak ere, eta ehunka gazteri mozal legea aplikatu diotenak. Egungo poliziek kaleko saltzaileak kolpekatzen dituzte, baita kirolzaleak ere. Gazteei metro gutxira tiro egin eta begiak zein testikuluak txikitu dizkiete. Euskaraz hitz egiteko eskarien aurrean oldartu dira, eta gaztetxeak hutsaraztean, baita etxegabetzeetan ehunka zauritu eragin ere. Horiek guztiak egin dituzte inoiz berauek egiteko agindu judizialik gabe, eta are gehiago, eskuin muturreko matoiez beteta dauden enpresekin elkarlanean aritu dira. Auzo eta herrietako jaietan ere, sarri aprobetxatzen dute mugimendu feminista kriminalizatu eta kolektiboki ehuntzen ari garen justizia feministaren ereduari zilegitasuna kentzeko. Kale egoeran bizi direnen kriminalizazioa eta jazarpena eta kide migratu eta arrazializatuek etengabe jasaten dituzten miaketa eta kontrolak dira eguneroko jarduna zeharkatzen duen arrazakeriaren isla.

Ertzaintzan jarrera eta joera autoritarioak, matxistak, klasistak, arrazistak eta antidemokratikoak sakontzen ari dira, eta Barne Saila horiekin lerratzen ari da

Egungo polizia eredua sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta koloniala sostengatzeko ezinbesteko estatu aparatu errepresibo bat gehiago da, argi eta garbi.

Egungo poliziek inpunitate osoz dihardute, guztien begi bistan ari direnean nahiz inor gutxik ikusten dituenean. Kalean nahiz komisarietan. Galdetu besterik ez dago polizia etxera eraso matxisten berri ematera joaten diren emakume askok jaso behar duten tratuaz, presioaz eta birbiktimizazioaz. Gorputz askorentzat ez dago espazio segururik, ez kalean ez inon. Segurtasunaren izenean ari direla saldu nahi digute, baina errealitatea bestelakoa dela argi dago.

Bingen Zupiria jauna, zure ardurari ihes egin eta Ertzaintzarekin dagoen arazoaz eztabaidatzea saihesteko ahalegin betean zabiltza, gaia desbideratu eta fokua beste nonbaitera eramateko saiakeran. Poliziaren inpunitatea eta protestarako eskubidearen kriminalizazioa eskutik helduta datoz eskubide zibil eta politikoen murrizketan, baita eskubide sindikaletan ere. Ertzaintzan jarrera eta joera autoritarioak, matxistak, klasistak, arrazistak eta antidemokratikoak sakontzen ari dira, eta Barne Saila hauekin lerratzen ari da. Eztabaida ukatu edo geroratzeak inpunitatea, autoritarismoa eta indarkeria poliziala babesten dituen polizia ereduarekin jarraitzea esan nahi du, eta ezin dugu onartu.

Horretarako, hemen eta orain bada nondik hasi. Inpunitatea amaitzeko, gardentasuna eta erantzukizunak egon daitezen bermatu behar da: nork egin duen tiro, hartutako erabaki eta jarreren inguruko argipenak eta ondorio zehatzak behar dira. Mozal legea protesta sozialaren kriminalizaziorako baliatzen da, eta gurean gehiengo zabala dago lege horren aurka. Beraz, ez litzateke aplikatu beharko. Elkarte korporatiboek eta erreakzionarioek bahitua daukaten brigada mugikorraren existentziak dagoeneko ez du justifikaziorik, eta herri mugimenduko eragile eta militanteen aurka abian diren prozesuak bertan behera utzi behar dira.

Protesta soziala ez da adierazpen askatasun soila. Eskubide berriak lortzeko tresna dugu, zapalkuntza eta dominazio oro ezabatzeko eta jendarte demokratikoagoa sortzeko bidean defendatu beharrekoa zalantzarik gabe.

Sinatzaileak:

Iratxe Delgado, LAB sindikatuko kidea
Elene Lopetegi, Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea
Amaia Arbeo, Ernaiko kidea
Agus Gorbea, Global Sumud Flotilla EHko kidea
Adur Ramirez de Alda, Global Sumud Flotilla EHko kidea
Xuhar Pazos, Ertzaintzaren bortizkeriaren biktima
Iker Arana, Ertzaintzaren bortizkeriaren biktima
Amaya Zabarte, Ertzaintzaren bortizkeriaren biktima

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA