Aurten 500 urte betetzen dira Bizkaiko Foru Berria onartu zenetik eta 150 urte foruak abolitu zituztenetik. 1876ko uztailaren 21ean, Espainiako Gobernuak, Canovas del Castillo buru zela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-erregimena indargabetu zuen, bere estatus instituzionala Nafarroak 1841ean jasan zuen arpilatutako foru-erregimenera egokituz. Abolizioa izan eta gero, lau lurraldeak, beren erakunde-arkitektura eta berariazko subiranotasun osoa izan zuten subjektu politikoak izanik, Gaztelako politiken betearazle bihurtu zituzten, jatorrizko ahalmen politiko guztia hustuz. Espainiako konstituzio-uniformetasuna ezarri zen, lau foru-lurraldeek izan zuten jatorrizko subiranotasuna desagerraraziz.
Halako espoliazio konstituzionala izan eta gero, Euskal Herriaren erantzuna arin etorri zen: erreakzio politikoa, bai maila instituzionalean, bai eta sozialean ere. Tentsionamendu horren ondorioz, foru eta euskal erakundeek dinamika bateratuak aktibatu zituzten, gure foru izaera politikotik eratorritako instituzionaltasuna eta autogobernua berreskuratzeko asmoz. Adibide gisa: XX. mendean, Lizarrako Estatutua eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako 36ko Estatutua. Eta XXI. mendean, Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoaren Proposamena (Ibarretxe Plana).
Euskal Herrian tentsionamendu politiko eta soziala beti izan da Espainiako Estatuak konfiskatutako subiranotasun apurra berreskuratzeko modua. Izan ere, botere politikoaren inguruan Espainiako Estatuarekin dagoen gatazka konstante historikoa izan da eta da. 1877an, Bizkaiko Batzar Nagusietako kide zen Juan de Tellituk, argitasunez eta profezia moduan, zera adierazi zuen: Espainiarekiko akordioen bidez hurrengo belaunaldien eskubidea eta ekintza-askatasuna ez hipotekatzeko, eta justiziak, denborak eta gertaerek ekarriko dutela herriarentzat askatasun eta independentzia osoa.
Une likidoak bizitzen ari gara, non historiaren kontagailua zeroan ipini dela ematen duen, baina historiaren zati batentzat soilik. Zizeronek esan zuen historia bizitza-irakaslea dela, nondik gatozen bistatik ez galtzeko eta herri honen historian bakoitzak izan behar duen posizioa identifikatzeko. Izan ere, euskal nazionalismoa, bere adierazpen tradizionaletako edozein ikuspuntutatik begiratuta, Espainiak lapurtutako jatorrizko subiranotasuna berreskuratzeko beharrezko tresna politiko gisa sortu zen, Gaztelako metropoliaren joera zentripetu eta homogeneizatzaileen aurrean erreakzionatzeko tresna politikoa.
Aurten 150 urte bete dira gure foru-subiranotasun politikoa erabat abolitu zutela, hau da, gure foru-konstituzioa deuseztatu zutela, hots, erakunde politikoek, berariazko corpus juridikoak eta hizkuntza ardatz nagusi duen kosmobisio politiko-kultural batek osatutako foru-konstituzioa. Egungo testuinguru politikoa ezin egokiagoa dugu EAEko estatus politikoa eguneratzeko oinarriak negoziatzeko prozesua martxan dagoelako, eta eguneratze hori, Konstituzioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 1. xedapen gehigarrien arabera, jatorrizko foru-subiranotasun politikoa berreskuratzeko gakoan egin behar da: Euskal Herria Espainiako Estatuarekiko harremanean bereiztuz eta, finean, egitate diferentzialerako dugun eskubidea defendatuz.
Izan ere, 1979an egin zen eskubide historikoen eguneratzea ez da gaurkotzeko formula bakarra, eta autonomia-estatutuaren bidez eskubide historikoen eguneraketa une eratzaile garrantzitsu horietako bat izango da gure herriarentzat, gure foru-araubidea indartzeak ahalbidetu egingo baitu Gaztelako joera uniformizatzaileen aurrean egitate diferentzialerako dugun eskubidea defendatzeko.
Esandako guztia euskal nazionalismoaren ipuin zaharrak direla esango duenik ez da faltako. Baina gaztelaniaren jarrera homogeneizatzailea etengabea izan da eta egun bada. Ikus ditzagun Estatuko botereetako baten talaiatik dimentsio konstituzionaleko arazo bat sortzen duten epai berriak, zeinak, berdintasun-printzipioaren agindupean, de facto indarrik gabe uzten duten Konstituzioaren 1. xedapen gehigarrian jasotako egitate diferentzialerako eskubidea. Eta, adi, ze epai-forma juridikopean uniformizatzeko joera horiek Estatuak Euskal Herrian duen legitimazio-defizit historikoan sakontzea baino ez baitute ekarriko.
Egungo testuinguru politikoa ezin egokiagoa dugu EAEko estatus politikoa eguneratzeko oinarriak negoziatzeko prozesua martxan dagoelako, eta eguneratze hori jatorrizko foru-subiranotasun politikoa berreskuratzeko gakoan egin behar da: Euskal Herria Espainiako Estatuarekiko harremanean bereiztuz eta, finean, egitate diferentzialerako dugun eskubidea defendatuz
Epai-kolpez foru akordioen apurketak foru aldarrikapen gehiagoren bitartez konpontzen dira, estatutu politiko berriaren foru eguneratzearen bidez. Ez dezagun ahaztu hizkuntza, mundua ikusteko modu jakin baten bektore kultural eta transmisore nagusia izanik, foraltasun horren parte nagusia badela, erakunde politikoak, corpus juridiko bat eta kosmobisio politiko-kultural propioa den egitate diferentzialari zentzua ematen diolako.
Erabakizaleak-Erabakitzeko eskubidearen aldeko Legelariok eta Gure Esku Dago-k topaketa bat antolatu dugu, subiranotasun politikoari buruzko ziklo batean, historia, politika eta zuzenbidea bilduko dituena (ziklo horretan urriaren 7an gazteekin hitzordua dugu Emantzipazio pertsonala, eta emantzipazio nazionala. Euskal gazteen kezkak eta proposamenak lelopean).
Bestetik, mahai inguru batean diziplina anitzeko eztabaida egingo da urriaren 30ean, Bizkaiko Batzar Nagusien aretoan, 18:00etan, aztertzeko foraltasunaren funtsa; bere ahalmen politiko eta juridikoa aztertuko dute, gure autogobernua eguneratzeko ematen dituen aukerak aztertuko ditugu: gure egitate diferentzialerako konstituzio-eskubidea foru klabean defendatzeko, foru-tradizio leialenean oinarritutako blindatze-mekanismo indartsuak aztertzeko eta, finean, Estatuarekiko aldebikotasunean funtsatuta gure herrialderi dagokion posizio politiko-juridiko berezira eramateko.
Artikulu hau honako hauek ere sinatu dute:Â Arantza Isasmendi, Eba Gaminde, Ziortza Arrien, Bea Ilardia, Mirian Campos, Idoia Gutierrez, Bego Atxa eta Irantzu Perello