Steilas sindikatuko kideak

Hezkuntza lege honi ez! Ez orain, ez lehen!

Nagore Iturrioz Lopez eta Yolanda Porres Garcia
2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Eusko Legebiltzarraren %91k babestu zuen 2022ko apirilaren 7an gauzatutako Hezkuntza Ituna. Gutxik esperotako kontsentsu zabala izan zen hura, printzipioz gertuko egitasmo politikorik ez zuten eragileak baitziren haiek. Kontsentsu horren oinarria funtsean ados egotea besterik ez zen, eta kontuak hala, ez zen indar handirik egin titulartasun publikoa eta pribatua parekatzeko asmoa zuen proposamena geldiarazteko edota berau lantzeko. Era berean, ordea, eduki lausoak zituen kontsentsu horrek parez pare ireki zizkion ateak legeari; ordutik aurrera, itun politiko handien logikan ulertu beharreko lege honi.

Politika hitz larriz egitea posible zela irudikatzen ari ziren bitartean hainbat erabaki kezkagarri hartu dira. Erabaki horiek gure hezkuntza sistema hobetu beharrean, okerragotu egin dute: erabaki horiek egungo sistema duala betikotzeko asmoa dute. Dekretu bidez hartu diren erabakiotako batzuk, bereziki matrikulazioaren eta onarpenaren ingurukoek, ez diote inolako onurarik ekarri eskola planifikaziori, nahiz eta horixe izan hezkuntza publikoaren eta pribatuaren artean ikasleak banatzeko ardatz nagusia. Ondorioz, eskola publikoaren hezkuntza eskaintza ez da lehenesten, eta hala, Andoainen esaterako, ez da %15era ere iristen. Ez dugu ahaztu behar legearen txosten juridikoan bertan irakur dezakegula hezkuntza eskaintza publikoa ez lehenesteak LOMLOE urratzen duela; izan ere, LOMLOEk eskaintza publikoa handitzeko agindua jasotzen baitu.

Kontsentsu zabala irudikatu izan duen prozesu honetan, ezin da ukatu askotan deitu gaituztela gure ekarpenak egitera; era berean, ordea, ez dugu ahazten ekarpen horiek ez dituztela kontuan izan. Gure kezkak arinkeriaz ere kudeatu izan dituzte, eta bai ala bai ziurtatu izan zaigu, esaterako, ikastetxe pribatu-itunpekoetan kuotak debekatuko liratekeela, matrikulaziorako leiho bakarra izango litzatekeela, edota ikastetxeko hizkuntza proiektuak, proiektua zein-nahi izanda ere, bermatu ahalko liekeela ikasleei B2 euskara maila.

Behin-behineko testua bozkatu behar den honetan, jakinarazi da diru publikoa jasoko duten ikastetxe pribatuek ez dituztela kontrol-mekanismo errealak izango. Berri honek ez gaitu ezustean harrapatu, noski, jakinarazi baitugu guk hamaika aldiz ez dela bideragarria ziurtatzea doakotasuna eta laikotasuna, beren identitatea errespetatzea ezinbesteko den ikastetxeen kasuan adibidez; izan ere, beren izate propioa baita, desberdintzea edota ebanjelizatzea, hurrenez hurren. Hori, ordea, ez dugu guk bakarrik esaten, hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen dekretua (293/87) berrogei urte luzez ez bete izana bada berme nahikoa hori esan ahal izateko, eta era berean, orain gutxi gogorarazi digu hezkuntza batzordean ikuskaritzako kide batek: gaur egun, ez dago kontrol-mekanismorik. Ondoriozta genezake, hortaz, itunpentze unibertsala mantenduko dela, eta orain gainera izan baduela lege-bermea etorkizuna ziurtatzeko jaiotze tasa behera doan honetan.

Honekin guztiarekin, galde genezake orain jada kontsentsurik gabeko lege honek hezkuntza sistemari egiten dion ekarpena zein den; inoiz lege honen asmoa izan bada, behintzat, hezkuntza sistemak jasaten dituen arazoak kudeatzea. Guk argi dugu ez duela segregazioa konponduko eta gure jendarte osoak, hortaz, segregazioa pairatzen jarraitu beharko duela, herrian eta parkean, familian eta lagunartean areagotzen ari den ezinegona bizitzen jarraitu beharko dugula, alegia. Horrexegatik ez dugu uste lege honek 30 urte iraungo duenik; izan ere, gizarte desberdinkeria areagotzen baitu eta dinamika klasista eta arrazistak bideratzen baititu. Honek guztiak gainera gizarte kohesioa deuseztatzen du, eta erlazio zuzena du, legeak sustatzen ez duen euskararen erabilerarekin. Gizartearen kontsentsua ez izatearen arrazoia horixe da gainera. Hala izan dugu ikusgai hezkuntza publikoaren alde azken hilabeteetan egin diren manifestazio jendetsuetan, nahiz eta entzungor egin duten batzu-batzuk. Egun, gure esperantza bakarra da hezkuntza legea ez dadila bihurtu trukerako elementu, eta ez dadila aldatu behin eta berriz unean uneko asmo politikoen arabera, horrek ezegonkortasun esanguratsua baitakar.

Azken galdera prozesu honetan parte hartu dutenei egin beharko genieke, ea merezi izan duen honek guztiak; izan ere, dokumentu honen emaitza LOMLOEren erreferentzien azpitik baitago eskola publikoari dagokionez, eta suposatzen dugu hortaz horrek ez dituela asebetetzen estatuko legea sustatu zuten haiek. Era berean, ordea, ez du sistema bera euskalduntzeko biderik ematen eta hezkuntza sistemaren ardatz euskarak izan behar duela uste dugunontzat ez gaitu asebetetzen. EAJren lehen proposamena orain mahai gainean dugun hau izango balitz hasiera-hasieratik, inork horri babesa emango liokeela irudikatzea ezinezkoa da, edo agian bai, eta horregatik gaude egun halaxe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.