Euskal Herria Bizirik

Itzalaldia eta berriztagarriak

Iñigo Leza
2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 28ko itzalaldiaren inguruan ez dago erabateko bertsio ofizialik oraindik, baina dagoeneko makina bat adituk eman dituzte gertatutakoa ulertu ahal izateko gako garrantzitsuenak. Egungo sare elektrikoa ez dago energia fotovoltaiko eta eolikoarentzat diseinatua, hauen energia sorkuntza modu intermitentean izaten baita. Sare elektrikoa zentral nuklearrentzat, zentral hidroelektrikoentzat, zentral termikoentzat eta ziklo konbinatuko zentralentzat dago prestatua.

Sare elektrikoa elektrizitatez hornitzen duen teknologia aldatzeak orain arte sareak izan duen funtzionamendua aldatu beharra dakar berekin eta horrek, nola ez, inbertsio ekonomiko handiagoa eskatzen du. Argi ikusi den moduan, gertatzen ari den berriztagarrien zabalpen masibo honetan enpresa pribatuei ez zaie exijitu sarea egonkortzeko behar den teknologian inbertsioak egitea.

Horrek agerian uzten du Euskal Herria Bizirik-eko kideok berriztagarrien zabalpen masiboa salatzeko orduan egiten dugun kritika garrantzitsu bat. Instituzioetatik bideratzen ari den berriztagarrien zabalpenak enpresa pribatuen irabazia du helburu eta, ondorioz, enpresa pribatuei ez zaie exijitzen benetan beharrezko den inbertsio ekonomikoa egitea.

Red Eléctrica Españolak (REE) ongi ezagutzen ditu sare elektrikoak dituen aipatutako gabeziak, baina, hala eta guztiz ere, sarearen segurtasuna mugaraino eramaten du irabazi ekonomikoak eskuratzeko helburuarekin. Estatu espainiarra da REEko akziodun nagusia eta ongi daki zein den bere egiteko modua; beraz, argi dago nor den gertakariaren arduradun politikoa. Horrek agerian uzten du estatu kapitalistak duen funtzionatzeko modua: nabarmena da, beste behin enpresen irabazia bermatzea duela xede. Hori da haren izatearen arrazoia.

Egoera honen aurrean jada entzun ditugu alderdietako zenbait ordezkari inbertsio publikoaren inguruan hitz egiten, baina azter dezagun zein den egungo egoera:

1.- Gaur egun Espainiako Estatuko zorpetze maila oso altua da, bere BPGaren %101,8 zehazki.

2.- Espainiako Estatuak gaur egun jada arazo estruktural larriak ditu oinarrizko beharrak asetzera begira, osasungintza da horren adibide garbiena.

3.- Europa gerrarako prestatzen ari da eta Espainiako Estatua esfortzu ekonomiko handia egiten ari da norabide horretan.

Beraz, agerikoa da espainiar administrazio publikoak behar adinako inbertsioak egiteko zailtasun nabarmenak dituela. Baina ezin dugu ahaztu, esanguratsuak diren inbertsioak egiten dituen bakoitzean, helburuetako bat korporazio gutxi batzuen irabazi ekonomikoa izango dela.

Hala ere, testuinguru honetan, egungo berriztagarrien zabalpen masiboaren estrategia zalantzan jartzetik urrun, aurreko asteetan alderdi ezberdinetako ordezkariak horren urgentzia azpimarratzen entzun genituen, gure lehendakaria kasurako. Pradalesek itzalaldia sare elektrikoa indartzeko beharra azpimarratzeko aprobetxatu du, horrela lortu nahi baitu Bizkaian eta Araban aurrera begira elektrizitate behar handia izango duten datu zentroen eta hidrogeno berdearen proiektuak aurrera eramateko azpiegitura eraikitzea. Garrantzitsua da azpimarratzea proiektu horiekin inposatu nahi dizkiguten makro mailako berriztagarriekin ekoitziko litzatekeen elektrizitatearen parte oso handi bat bertan kontsumituko litzatekeela.

Euskal Herria Bizirik-en argi dugu berriztagarrien eta deskarbonizazioaren izenean aurrera eraman nahi diren planteamenduek ez dutela zer ikusirik herritarron beharrarekin, enpresa pribatuen irabaziekin baizik. Inbertsio publiko handien planteamendua gaitzesten dugu, horiek, beste behin, diru publikoa esku pribatuetara bideratu besterik ez dute egiten eta. Eraginkortasunean, energia aurrezpenean eta murrizketan jarri behar da indarra, inbertsioak erdi eta behe mailako elektrizitate sarea indartzera bideratuz. Sare horiek eskala txikiko berriztagarriekin elikatuta egon daitezke, eta, modu honetan, deszentralizazioa eta subiranotasun energetikoa izateko baldintzak sortu maila lokalean.

Itzalaldi horretako arazoak ez dira konponduko diru publikoa berriztagarrien burbuilan inbertituz, ezta printzipio berekin funtzionatuko lukeen enpresa publiko bat sortuz ere. Elektrizitatea oinarrizko behar bat da eta modu demokratiko eta ekologikoan kudeatu behar da, pertsonen mesedetan.

Planteatzen duten zentzugabekeria horren aurka, kanpaldia egin dugu maiatzaren 16tik 18ra bitartean. Suntsitu nahi dituzten eremuak defendatzeko gai garela erakutsiko dugu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.