Patxi Zabaleta

Konbenioa-Kontzertua defendatzeko sinergiak

2013ko uztailaren 02a
00:00
Entzun
EAEko Kontzertu ekonomikoak eta Nafarroako Konbenio ekonomikoak jatorri historiko, juridiko eta, batez ere, demokratiko bera dute, nahiz eta denboran zehaztapen ezberdinak izan. Arrazoia Konstituzioaren aurrekoa da, Konstituzioak mantendu eta errespetatu duena, nahiz eta horretarako erabili duen hizkuntza iluna eta zehaztasunik gabekoa izan. Arrazoietan «eskubide historikoa» izatea aipatzen da, eta arrazoi hori gure egunetara ekarriz gero, erabakitzeko eskubideaz ariko ginateke, nahiz eta Konstituzioak esan herrialdeak direla eskubide horren jabe.

Nafarroa erreinu izatetik herrialde izatera pasa zen 1833ko errege Estatutuarekin, eta gainontzeko botereak berreskuratu zituen 1839-X-25 legearekin eta 1841-VIII-16ko «ley paccionada» delakoarekin. Beranduago, 1937an, Francok Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertuak indargabetu zituen «herrialde traidoreak» izateagatik, eta aipatutako eskubide historikoak berreskuratu zirenean, hiru herrialdeetako Kontzertuak bateratu ziren. Beraz, Francoren ondorengo erreforma egin zenetik, Konbenioaren eta Kontzertuaren egitura bi aldetakoa da eta bat dator egitura autonomikoarekin, ordura arte herrialdeetakoa baitzen.

Konbenioaren eta Kontzertuaren sorreratik jasotzen da estatuaren karga komunak, transferitu ezin diren edo transferitu gabeko funtzioak, derrigorrean ordaindu behar direla. Ekarpen horri kupoa deitzen zaio EAEn eta aportazioa Nafarroan.

1985ean, BEZa onartu zenean, 1990eko Kontzertuaren testua adostu zen, neurri handi batean Konbenioaren kopia, eta horrela mantentzen da, bost urtean behin egiten diren egokitzapenekin edo eguneratzeekin. Egokitzapen horiek bakoitzak bere aldetik negoziatu ditu; lehendabizi EAEk eta gero Nafarroak, baina Konbenioaren egokitzapena Kontzertuaren egokitzapen bera izaten da azkenean. Beste egokitzapen txiki batzuk ere egin izan dira: Volkswagenen esportazioen egokitzapena adostu zen Nafarroarekin eta transferentzia berriren baten ondorioz egin beharreko egokitzapenak ere adostu dira.

Aspaldian, Konbenioak eta Kontzertuak etengabeko erasoak jasotzen ari dira. Pribilegioak direla, elkartasuna-eza edo ilunkeria leporatzen diete behin eta berriro sektore batzuetatik. Horren guztiaren atzean dagoena, ordea, zentralismo nahia da. EAEren zein Nafarroaren erreakzioa epela izan da. Erasoa bateratua izan bada, defentsa ere bateratua eta koordinatua izan behar da. Pere Navarro Katalunian, Andaluziako PSOE, UpyD eta tertuliakide atzerakoienak era bateratuan aritzen dira Kontzertuaren eta Konbenioaren aurka. Horren aurrean, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza bakoitza bere aldetik dabil. UPNk guztia zaku berean sartzen du modu obsesiboan: foruak, amejoramendua, konbenioa eta Nafarroako izaera bera, Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetatik bereizteko helburuarekin. EAJ eta Jaurlaritza Nafarroa existituko ez balitz bezala jokatzen ari dira, Euskal Herriaren osotasunari bizkarra emanez. Barcina andereak jakinarazi zuenez, iazko abenduan, Urkulluk lehendakari kargua hartu zuen egunean, harekin harremanetan jarri zen, baina oraindik ez dio bere eskakizun eta galdera bat berari ere erantzun.

Bost urtean behin egiten den Kontzertuaren eta Konbenioaren egokitzapena modu bateratu eta koordinatuan egin beharko litzateke, eta bere defentsa politikoa ere bai. Orain 10 urte, garai hartan lehendakari karguan zen Ibarretxek iradoki zuen akordioa bi baldintzen baitan bakarrik lortuko zela: A) Euskal ogasunak Ecofinen sarbidea izatea eta B) INEMko politika aktiboen eta pasiboen transferentzia lortzea. INEMen politika aktiboen transferentzia gauzatzea eskaini zuen bakarrik estatuak, eta Jaurlaritzak ez zuen murriztutako transferentzia hori onartu, baina Kontzertua sinatu zuen. Kontzertuaren egokitzapena kopiatu zuen Nafarroak, baina Jaurlaritzak ez bezala, INEMen politika aktiboak bere gain hartu zituen, 1999an. EAEk, berriz, 2010ean hartu zituen eskuduntza horiek, Patxi Lopez lehendakari zela; EAJk Zapaterorekin izandako negoziazioen ondorioa zela saldu zuten guztia, baina egia dena da urtebete lehenago nahikoa ez zen proposamena onartu egin zutela.

Gaur egun, arazo politiko oso larriak daude Konbenioaren eta Kontzertuaren inguruan. Estatuaren zein Europaren aurrean arazo larriak daude, eta horiei aurre egiteko eta konponbidea bilatzeko, ezinbestekoa da EAEren eta Nafarroaren arteko sinergiak sortzea. Konbenioa eta Kontzertua modu bateratuan negoziatu behar dira, eta gauza bera egin beharko litzateke Ecofinen sarbidea lortu ahal izateko, Konstituzioan jasota dauden eskubide historikoen arabera Nafarroari eta EAEri baitagozkie eskumen fiskalak eta finantzieroak.

Independentistok Konstituzio aurreko burujabetzaren froga gisa hartu behar ditugu Kontzertua eta Konbenioa, erabakitzeko eskubidearen oinarri gisa; halaber, bestelako identitatea dutenekiko lotura ere egin dezakete. Independentista ez direnek, berriz, Kontzertuaren eta Konbenioaren defentsa eta sustapena aurrerabiderako atal ezinbesteko bezala har ditzakete.

Kontzertuaren eta Konbenioaren aurkako eraso politiko eta mediatikoak ez dira berriak ez eta kasualitatez etorri direnak; erabiltzen dituzten argudioak ere ez dira gaur goizekoak, pribilejioa eta elkartasun-eza bezalako hitzak erabiltzen dituztelako XIX. mendetik. Rajoyk emandako erantzunarekin gustura geratu dela dio UPNk, baina beraiek ere badakite errealitatea bestelakoa dela. Egoera honen aurrean, Konbenioaren eta Kontzertuaren berrikuspenerako hurrengo negoziazioa bateratua eta koordinatua izan beharko litzateke, hau da, elkarrekin eta aldi berean egin beharko litzateke negoziazioa. UPNren jarrera «anti»-a eta EAJren erantzun epela eta Rajoyrekin kupoa zuzenean negoziatzeko asmoa —jokabide trebea bezala mozorrotu nahi duten arren— jarrera arduragabekoak dira. Baskongadakeria eta Nafarkeria txanpon beraren bi aurpegi dira, eta bizi dugun krisi garai zail honetan, gizartearentzat kaltegarriak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.