lander garro

Orereta-Errenteriako Kilometroak

2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Urriaren zazpian da, eta hau ez ahaztu, egun zoragarria, dezagun osatu, Orereta ikastolak denok behar gaitu, eta etortzen denak eskertuko ditu», horrela hasten zen duela berrogei urte inguru Oreretan antolatutako Kilometroak jaialdirako idatzitako kantua. Oraindik, gaur egun, autoz noanean edo mendian, bakardadean, ahora etortzen zait, eta goitik behera botatzen dut, gogo-gogoan baitaukat gordeta. Beste garai batzuk ziren, esango du baten batek: ikastolaren gaiak ez zuen euskaldunon artean aparteko eztabaidarik sortzen, dena zen aldekotasun, dena zen elkarlan, auzolan, itxaropen, ilusio eta pasio.

Urte haietan, ikastola asko eta askotan jolastokien inguruetan porlana egiteko makinak eta adreiluak ikusten genituen usu. Dena zegoen egiteko, eta espektatibak handiak ziren: «Ikastolen sarea azken herrira zabaldutakoan, Euskal Herri euskalduna izango dugu, gehiengo izango gara, eta orduan bai, herri normalizatua izango gara». Pentsatze hutsa lanerako erregai eta energia mugagabea zen.

Nork pentsatuko zuen XXI. mende hau izan den bezalakoa izango zenik, hain nahasia eta aldrebesa. Eraso kolonizatzaileak eta etnizidak gehienak: botere judizialarenak, prentsarenak, agintarienak. Ukoak, debekuak, murrizketak. Espainiaren eta Frantziaren molde gorrotagarriez. Horiek aurreikusgarriak ziren agian, nahiz mingarriak (mingarrienak) izan. Beste eraso batzuk, ordea, anai-arreben artean gertatu direnak, horiek ezustean (?) etorri dira. Bai, eskola publikoaren eta ikastolen arteko dilemaz eta zalapartaz ari naiz.

Ondare bat (ikastolen sarea) defendatzeko bultzada handik, ikasleen berdintasuna (edo berdintasunean ikasteko aukera) defendatzeko bultzada bestetik. Biak zilegiak, bide batez esanda. Horrela, oso-oso labur adierazita.

Iparraldean bizi garenok arroztasun amiñi batez ikusi eta entzun dugu eztabaida, gure eskola bakarra ikastola baita, eta gure ikastola bakarra, ikastola. Ez dago bitasunik, ez dago hezkuntza publikorik. Ez dago eliteko eta bazterreko ikaslerik, ez ghettorik, ez pribilegiorik: sare ttipi eta umil bat dago hemen, mirariz eusten diona etengabeko jakobinismo zanpatzaileari, obretako barrakoietan batzuetan, Herri Urratserako lanean urtero, suprefeturaren aurrean protestan besteetan, jendarmeen piper-hautsen euripean askotan: zauri etengabean.

Duela urte batzuk, hamar bat, Oreretako ikastolako irakasle eta arduradun Anjel Mari Elkanoren bixita jaso genuen etxean. Egitasmo hunkigarri bat zekarren besapean. Orereta Ikastolak herriko jaietan ateratzen zuen diruaren zati (handi) bat Hendaiako ikastolarentzat izatea nahi zuen. Elkarren artean gertu daude bi ikastolak, baina oso errealitate ezberdinak bizi dituzte. Desoreka handia, handiegia. Eta hura berdintzeko asmoz pentsatutakoa zen eskaintza. Oreretan eta Iparraldean, bietan ikasitakoak gara etxean. Bien arteko kontrastearen jakitun gara beraz, nahiz Oreretan ibili ginen garaietan baziren premia eta eskasia zenbait.

Eskaintza hura mahai gainean ikusteak nazio eraikuntzaren ideia gorpuzten zuen bete-betean. Zeren eta badago nazio eraikuntza bat teorikoa dena. Ederra, orbanik gabea, etikoki irreprotxablea, baina teorikoa bakarrik. Eta badago beste nazio eraikuntza mota bat, tangiblea eta erreala dena, ukitu eta dastatu daitekeena. Ikastolen eta eskolen artean dagoen eztabaidan, uste dut leku ona dela hau: emadazu nazio eraikuntzan ale bat ipintzen duen zer edo zer, eta ontzat joko dut, nahiz akasduna, herrena edo besamotza izan, eta gorde itzazu teoriatik pasatzen ez diren beste ekarpen guztiak.

Esango didate hegoaldetik jasotzen dugun laguntzak ez duela ezer aldatzen, edo laguntza ustela dela. Ez datorrela iturri onetik. Baina kaka asko jandakoak gara hemengo ikastoletan, ordu asko sartutakoak gara talogintzan, xingargintzan, gasnagintzan eta prefekturagintzan, eta dagoeneko ezerk ez gaitu izutzen. Ezagutzen dugu boterea, badakigu zein den bere polizien tamaina, eta gauza bat baizik ez daukagu garbi: bizirauteko lubaki ahalik eta hondoena egitea dela bide bakarra. Etor bidez pala guztiak lanerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.