Gauza jakina da gizarte segregatzaile bat dela gurea. Horregatik daude auzo aberatsagoak eta auzo pobreagoak, horregatik auto garestiagoak eta auto merkeagoak, horregatik soldata hobeak eta kaxkarragoak dituzten lanpostuak. Eta hor, bakoitza nonbait kokatzen da (askotan, jaiotzetik beretik).
Jakin ere badakigu hezkuntza sistemaren arazo handiena segregazioa dela. Hori baieztatzen dute gobernuz kanpoko elkarteek, sindikatuek eta unibertsitate ikerketek.
Segregazioaz hitz egitean, beti jartzen da jopuntua gurasoengan. Eta badakigu guraso segregatzaileen artean hiru maila daudela EAEn, gutxienetik gehiengora: eskola publikoa aukeratzen dutenak; ikastetxe kontzertatuak aukeratzen dituztenak (sartu hemen ikastolak, erlijiosoak, nahas-mahasean, denak igual) eta pribatuak (Opusenak, edo atzerriko hizkuntzetan irakasten dutenak). Momentuz, diskurtsoaren ekuaziotik kanpo geratzen dira eskola libreak.
Segregazioaz ari garenean, ikastetxearen jabetzan jartzen da fokua EAEn: publikoa/ez-publikoa. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, hizkuntza ereduan (D eredua izanik segregatzaileena, antza).
Ikasturte berria hasteko egun gutxi batzuk baino falta ez diren honetan, eta gurasoek udaberrian hautuak egin zituztenez (gero Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabaki badu ere gurasoen hautuak balekoak diren edo ez, gurasoek ez baitute heldutasun nahikorik, antza), irakasleak ariko dira hautuak egiten: eskola hau bai, herri lasaia eta euskalduna baita; hau ez, uf, mugida asko omen daude; beste hau ere bai, talde oso ona omen dago, oso ongi hitz egin didate; esan didate hau ghetto bat dela... Â
Segregatzen al dute non lan egin aukeratzen duten irakasleek? Segregatzen al du Antiguako eskola publikoan lan egitea erabakitzen duenak Altza puntu gutxiago dituenari utzita? Â
Badakigu gizarte segregatzaile bat dela gurea. Akaso, denok segregatzen dugu modu batera edo bestera, kontzientziarekin edo gabe. Horregatik daude auzo aberatsagoak eta auzo pobreagoak, horregatik auto garestiagoak eta auto merkeagoak, horregatik soldata hobeak eta kaxkarragoak dituzten lanpostuak. Eta hori horrela den bitartean, eskolak ere segregatu egingo du.
Bide batez: ikasturte berri on ikasle, irakasle eta gurasoei.