Itxaro Borda

Baiona

2026ko martxoaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goiz ederrak altxatzen dira Baionan, bereziki Aturri hegian. Dena pastel kolore, martxoko azken asteko zoramena: ber sortze etengabe bat. Hemen ere, leku askotan bezala, zaharrak berri erran genezake, herri-hauteskundeen bigarren itzuliaren biharamunean. Ongi ikusi da, haatik, matematika ez dela derrigor zientzia zehatza, batzuetan logika orwelliarrak dituela, bi eta bik lau egiten ez dutenean demagun. Atzo, hiriko biltoki franko itxiak izanki, komentarioak karrikan bertan egin dira, ondorioen inguruko halako plaziditate xalo batekin.

Ez da guzia hauteskunde solas. Asteburuan Iruñea zoratzen ikusi dugun Korrika 24.a pasatzearen aiduru dago hiria, zainetan bezala, euskarak eragin dezakeen aztoramen masifikatu horren taloa dastatzeko prest. Besteak beste, auzapez zaharberrituari egokituko zaio lekukoaren eramatea. Ez genuke ahantzi behar, kronika hau borobiltzeko, eranstea gainera, Patat trebatzailea joanez geroztik, aurtengo bere lehen garaipena lortu duela Montaubanen Aviron baionesak (26-60).

Hau al da amets dezakegun mundurik hoberena?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!