Hizki larritan lehen zazpi hitzetik bost: «Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra egingo du Jaurlaritzak 2027an». Helburua egoeraren larria begietatik ere sartzea bazen, lortu dutela aitortu beharko da.
Astelehenean aurkeztu zuen Pradales lehendakariak Jauzia gara dinamika, Bilbon. Irailean ekingo omen diote eta lehendakariak dei egin die erakunde eta eragileei dinamikaren parte izan daitezen. «Euskara beste norabide eta bultzada baten premian» dagoelako jarri dute abian ekimena. Larrialdia ukaezina da, eta ongi iruditzen zait jauzi bat eman nahia. Azkenean aski zozo hazi zen txantxangorri pottoko hura baino eraginkorragoa izan daiteke txepetx saltarina. Baina ni bezalako kokoloentzat azalpen xeheagoak eman behar lituzkete dinamika aurkeztu dutenek. Zer dago hondo-hondoan? EAJk eta EH Bilduk hitz egin dute, ados jarri dira eta PSEri bere marra gorriak gainditu gabe onar dezakeen zerbait proposatu diote? Edo EAJ eta PSE jarri dira ados eta EH Bilduri bere marra gorriak gainditu gabe onar dezakeen zerbaiten proposamena egin diote? Edo ez dago horrelako ezer, eta dirudiena baino behetik goragokoa da ibilbidea?
Jauzia eta auzia oso hoskide direnez, sinesten dut azken boladako epaien afera konponbidean jar daitekeela ekimen honen indarrez. Hortik aurrera, ez dakit. Jausia ere oso hoskide baita tamalez…