Lagunarte batean, gertatzear dagoen zerbait aurreikusteko gaitasunik handiena nork duen neurtzeko sortu ziren porrak. Jolas bat, azken finean. Gehienean kirolari lotua, beste arlo batzuk ere harrapatzen ditu. Eta asteburu honek behar zuen porrak egitekoa. Astelehena aipatzen baitzuten batzuek nahiz besteek, Euzkadi Buru Batzarrak eta EH Bilduren Mahai Politikoak. Orduan iragarri behar zuten nor izan daitekeen lehendakarigai. Denbora pasa, dagigun porra. Izenak asmatzen saiatzeko begiak itxi ditut. Nekez dut gogoan nolakoa den Eusko Legebiltzarraren biltzar aretoa. Gauza bertsua gertatzen zait Nafarroako Parlamentuarekin. Aldiz, fresko dut Espainiako Kongresuaren irudia, azken egunotan bertako eztabaida eta diskurtso batzuek piztu baitute nire arreta. Arrasto ona da apusturako. Hortik joko dut. Inoiz baino protagonistagoak izan gara… Madrilen. Jeltzaleen eta Bilduren bozeramaileen lana txukun iritzita, bi izen botatzera arriskatu behar nuen. Aitor Esteban. Mertxe Aizpurua. Barre egingo zenidaten hemendik egun batzuetara. Defendatuko nuen nire burua. Erantzungo, jolasean ari nintzela, porra eta porru hitzek sustrai bera dutela, eta bigarren hau sartu nahian nenbilela… Baina EAJk eten dit jolasa, Imanol Pradales aukeratu baitu Urkulluren tokia betetzeko.

Porra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu