Gaiztoa da jolasa: hartu konpasa, aukeratu iraganeko puntu bat denboraren ardatzean eta iltzatu orratza bertan. Gero, luzatu besoa gaurko data jo arte. Listo. Orain, biratu eskumuturra eta osatu biribila. Ez dio ardurarik forma geometrikoak, atzeranzkoan konpasak ardatza non moztu duen baizik.
Hara: egun seinalatua irailaren 27 hau. 51 urte Francok azkenekoz tiro egin zuenetik, tiroka ohetik ere madarikatua. Urteotan, nork bere neurrira osatu du bost fusilatuen bueltakoa. Gurean, kontrastea. Anjel Otaegiren hamaika pausoak goizaldean Burgoseko baratzean eta Txikiren irribarrea anaiari, lotzen ari zirela. Baten bakardadea eta bestearen kantua pelotoiaren aurrean, Eusko Gudariak gara…
36ko gerrako gudarien ahaire bat Extremaduran sortutako gazte baten ahotan, odolezko hari bat erruki tiroa arte, Euskadi askatzeko… Belaunaldi oso bat markatu duen irudi epikoa, harik eta denborak bere lana egin eta himnoa zena erabat xaretu zaigun arte. Noiz entzun dut azkenekoz? Non? Noiz abestu dut neuk? Gure seme-alabek, ikasi dute?
Konpasaren beste besoan, 1924an gaude. Franco ez dago ohean, Marokoko gerran dabil, Abd el Krim eta kabiliarrak dituela amesgaizto. Euskal Herrian, nabieren, meategien eta altzairutegien aldia da, batzuen kapitalarena eta besteen miseriarena eta, aldi berean, atzerritarrak miratzen dituen postal bukolikoarena. Sei mila lagun hil dira Gerla Handian Frantziaren alde; ehunka ari dira hiltzen Marokon Espainia defenditzen. Zortzi urte falta dira Garatek, Lizasok eta Pujanak Eusko Gudariak sortzeko eta 30 Txiki jaiotzeko.
Letra eraistea ez da zaila egun. Nor dago edonon ezergatik «odola emateko gerturik»? Ukrainan ere kalean atxilotuta daramatzate gazteak frontera. Horregatik, ez hartu zorrotzegi konpasaren epaia. Ez da haizu historiari hala begiratzea. Azken beltzean, zer gara ba, urrats batzuk besterik aurrekoen oinatzen gainean, unean-uneko erabakien zaila eta emozio zipriztinen ederra, edozein aldiren zimendua: «quiero que no me abandones, amor mío al alba…».