Blanca Urgell

Mitxelena eta ahanztura

2025eko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare sozialetan kuxkuxeatzen nenbilela, Gasteizko gertakarien harira antifaxismoa zer den, eztabaida puri-purian zela, ekarri zuen solasak 1936an Koldo Mitxelenak eta lagunek izan omen zuten liskarra anarkistekin, falangista bat jipoitu-edo nahi baitzuten haiek, eta jeltzaleek eragotzi.

Sarekide batek kontatu zigun Mitxelenak elkarrizketan damua adierazi ziola Eugenio Ibarzabali (ez dut liburuan topatzerik izan, baina berriz irakurtzeko hamaika akuilu bai), gero morroi hura jendea salatzen ibili baitzen, eta hauxe gaineratu zuela: «Gizalegeak jendilajea akabatzen ibiltzea galarazten digu, nahiz eta faxistak izan, baina ez gaitu haien alde ezer egitera behartzen istiluetan sartzen badira».

Solaskide gazte baten ondoko iruzkina: «Batek ez du Mitxelena imajinatzen halako lantzeetan». Zein Mitxelena duzun buruan eta, bai, gerta liteke hori. Alabaina, berehala datorkit burura gerran gudari izan zela, Santoñaraino izan ere, heriotzarekin zigortu zutela, espetxean behin baino gehiagotan izan zela, eta akaso faxistatzat har genitzakeen batzuek babestu eta bere ibilbide akademikoa bideratzen lagundu ziotela, 30 urtetik goitikoa zela. Ezin esan zenbat galduko zukeen Euskal Herriak gertakari horiek horrelaxe kateatu ez balira.

Mitxelena eta André Martinet elkarrekin agertzen diren argazki bat ipini diet ikasleei. Bietatik, Mitxelena zein zen galdetu eta, aizue, ez daukat argi bazekiten ala ez.

Gasteizen BHI baten izena bihurtu da, eta Donostian kulturgune batena. Bilbon eta Iruñean ez dakit kale izenik ere duenetz. Ez da edonoren santutegian sartzen, nonbait. Besteak beste, Garaikoetxea lehendakariaren alde kokatu zen, EBBk-edo hari lepoa egin zionean, Jaurlaritza aldundien gainetik ipini nahi izateagatik omen. Ajuria Enearen aurreko garaikozaleen manifestaldi haren ondoko urtean zendu zen. Atera kontuak.

Joan den abuztuaren 20an 110 urte beteko zituen. Asko pertsonaren bizitzan; gutxiegi Euskal Herriak haren aurpegia ahaztuxe izan dezan. Zaldieroagatik ez balitz…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.