Hedoi Etxarte

Turroien zaporeez

2023ko abenduaren 9a
05:00
Entzun

Oraindik Eguberriak ez dira iritsi baina turroien zaporeen eboluzioaz hitz egin nahi nuke. Joan den asteburuan, supermerkatuko turroien mahaira gerturatu nintzen. Zeharo klasikoak diren turroiak zeuden, noski: almendra eta azukrezkoak; gorringozkoak. 1990etan zapore exotikoagoak hasi ziren iristen turroietara, osagarri gisa zeukaten laranja, pralinea, marrubia, pistatxoa, whiskya. 2000etan, supermerkatuek eta Kataluniako eta Tolosako marka ezagunek koxka bat estutu zuten kontua, osagai sofistikatuagoak iritsi ziren: laranja beharrean mandarina, marrubia beharrean mugurdia ala andere mahatsa, banana, menda eta mendafina, esne-gaina. 2010etan turroiarekin lotzen ez ziren bestelako gozoak turroiarekin nahasten hasi ziren: mazapana noski, polboroia, kafea, capuccinoa, browniea, goxokia, jogurta, urdaiazpikoa, gatza. Egia da, oso aspalditik, ukitu alemaneko izena duen marka bat badela turroi gisa saltzen duena funtsean azukrea, txokolatea eta arroza den produktu bat, eta horrek asko markatu ditu tendentziak. Gaur egun, turroi gisa saltzen dira txokolateak beste osagaiekin ala, zuzenean, azukrea beste osagaiekin. Beste gai askotan bezala, erantzuna tautologikoa da. Zer da turroia? Turroi gisa saldu eta erosten dena.

Dena dela, izozkien zaporeekin paraleloan gertatu den aldaketa honen azken koxka txundigarria izan da. Oso gure garaiko aldaketa bat, turroian bezala literaturaren eta musikaren marketinean ere gertatu da. Orain turroi sofistikatuena ez da zapore sofistikatua eta nahasketa ezinezkoa dauzkana, ez, litxarrerien industriako marka ezagun baten izena dauka: Chupa-Chups, Donuts.

Burua turroian nuen albistea iritsi denean: Eroskik Elorrion duen biltegian 130 lagun daude lanean, gehienak gizon arrazializatuak, soldata minimoa jasotzen dute, txandaka, jaiegunetan. Greba egingo dute abenduaren 11tik aurrera, ustez Bizkaian dagoen Elorrion Bizkaiko Elikaduraren hitzarmena izan dezaten. Eroski: utzi turroietan %30eko deskontua egiteari eta ordaindu beharginei, gutxienez, Bizkaian dagokiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.