Ari dira Kirmen Uribek idatzitako testuak ele biz irakurtzen Aintzane Gamiz eta Iñaki Beraetxe aktoreak Gernika-Lumoko juntetxean (Bizkaia), lehen Jaurlaritzaren 90. urteurrenaren karietara egindako oroimen ekitaldian. Halako batean, Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori interpretatzeari ekin diote Euskadiko Orkestrak eta Bilboko Koralak. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak kanta gogoko duela nabari da, buruarekin egiten dituen mugimenduengatik. Patxi Lopezek irribarre gehiago egin du ekitaldian Iñigo Urkulluk baino. Eta Imanol Pradales gaur egungo EAEko lehendakariak irakurri du diskurtsoa, Gernikako arbolaren alboan, zutunik. ETB1ek zuzenean eman zuen asteazken eguerdian ekitaldia. Kasualitatea izango zen, baina Pradales «euskara eta euskal kultura» aipatzen hasi zenean, emanaldiaren errealizazioa oso traketsa izan zen: kamera batetik bestera, urrunetik, eta noraezean, lehendakarian fokua jarri beharrean.
ETB2 kateak gauerako gordea zuen, efemeridearekin bat, dokumental baten emanaldia: Lehen Eusko Jaurlaritza. Eusko lur gainean zutunik. 1936ko Jaurlaritza haren «kudeaketa zibilari» buruzkoa. Maite Ibañezek ETBrako zuzendutako lana. Bi egun lehenago, ETB1en ikusteko aukera izan zen. Eta ikus-entzunezko lan horrek historiaren transmisioan betekizun egokia egiten du. Ondo dokumentatua, historialari adituekin elkarrizketak tartekatuz, eta artxiboko irudiak ere erabiliz. Lehen Eusko Jaurlaritza hartan lan egin zuten sailburuen esfortzua ageri da saioan —Jose Antonio Agirrek 1956an emandako diskurtso baten hitzak ere entzuten dira—. Lekukotza hunkigarriren bat ere bai: Alfredo Espinosa Union Republicana-ko sailburua fusilatu aurretik idatzitako gutunaren hitzak entzuten dira, haren bilobaren ahotsean. Dokumentalak transmititzen dituen balioak garrantzitsuak dira —gaur egungo garaietan, are gehiago—, eta, alde horretatik, inolako aitzakiarik ezin zaio jarri egiten duen kontakizunari.

Badira dokumental horren erabakietan, bestalde, zalantzarako tartea eman dezaketenak. Edo solaserako, nahi bada. Batetik, 1936ko Bilboko sorberritze historikoak adimen artifizialarekin egin dituzte —idatzita jarri dute hala dela—. Aktore batzuekin eta bestelako talde artistiko batekin grabatzea baino merkeago izango da, noski.
Bestetik, hizkuntzaren erabilera: entzuten diren ahotsen %70-80 inguru gaztelaniaz dira. Deigarria da Cervantesen hizkuntzan entzutea euskaraz bikain egiten duten bi historialari, ikerlari eta idazle bat. Bilbon bisita gidatua aurkezten duen ETBko albistegietako kazetaria ere lautik hirutan gaztelaniaz mintzo da. Eskerrak, behintzat, Kontxita Beitia euskaraz entzun ahal izan duten ETB2ko emanaldian (ere).

Dokumental hori estreinatzearekin batera, ETB On plataforman Memoria kategoria sortu dute. Askotariko lanak ikus daitezke bertan: Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren ingurukoak, Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza demokraziako lehen lehendakarien inguruko lan bana, Memoria Eraikiz eta Oinatz Galduak sortak. Eta fikzioari eskainitako tarte bat ere bai. Bilduma hazten joan daitekeela espero daiteke, eta ikuspuntuetan aniztasuna bermatuz gero, ongi etorria da. Transmisioari begira ere, memoria zutunik ibil dadin.
302 egun estreinaldirik gabe
Pantailak eta euskara binomioari erreparatuz gero, nabarmendu beharra da herenegun euskarazko film bikain bat iritsi zela Hego Euskal Herriko zinema aretoetara: Igor Legarreta zinemagilearen Inurri itsuak. Pobreziaren gaia lantzen duela dio zuzendariak, baina ez edonon: 1930eko hamarkadan, Bizkaiko kostaldeko herri txiki batekin. Arlo teknikoan aparta da pelikula, eta Urko Olazabal eta Itziar Ituño aktoreek sekulako lana egiten dute. Baita bigarren mailako roletan ari diren aktoreek ere. Zapore oso ona uzten du pelikulak; goraipatzeko ertz ugari ditu.

Lore bat da Inurri itsuak, baina Loraldia martxo aldean Bilbon egiten duten jaialdi bat da. Zeren Irati Gorostidiren Aro berria iazko abenduan estreinatu zutenetik urriaren 9an Inurri itsuak areto komertzialetara heldu den arte, 302 egun joan dira euskarazko fikziozko film luzeren estreinaldirik gabe. Mingainari kosk egin, hortaz, loraldia hitza erabili behar duzuen hurrengo aldian.