Agirreren legatuari «lekukoa» ematera deitu du Pradalesek, autogobernua oinarri hartuta

Lehen Eusko Jaurlaritza «iparrorratz moraltzat» jo du lehendakariak, hura eratu eta 90 urtera. «Hezurdura juridiko-politiko berri baten» beharra adierazi du.

Urkullu, Lopez, Ibarretxe eta Pradales, gaur goizeko ekitaldian, Gernikan. GORKA RUBIO / FOKU
Urkullu, Lopez, Ibarretxe eta Pradales, gaur goizeko ekitaldian, Gernikan. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
Gernika-Lumo
2026ko urriaren 7a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eusko lur gainean zutunik» egin zuten karguaren zina gainerako lehendakariek ere, «jaungoikoaren aurrean apalik» soilik batzuek, «gizartearen eta herri ordezkarien aurrean» beste batzuek, eta Gernikako haritzaren azpian eta arbasoak gomutan hartuta denek. Baina guztietan lehena bera izan zen, gaur duela 90 urte: Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria. Hark 1936ko urriaren 7an erabilitako formula errepikatu dute lehendakari guztiek karguaz jabetzerakoan, aitzindari izan zutenari «lekukoa» hartuta. Eta gaur, hain justu ere, lotura hori ez dela eten irudikatu dute Gernika-Lumoko juntetxean (Bizkaia) lehen Jaurlaritzaren 90. urteurrenaren karietara egindako oroimen ekitaldian.

«Justizia historikoaren izenean egiten dugu. Haien balioen oinordekoak garelako», esan du Imanol Pradales Jaurlaritzako egungo lehendakariak, ekitaldi amaierako hitzaldi mamitsuan. Eta Agirreren eta bere gobernuaren ereduari segida ematearen garrantzia nabarmendu du: «Gure omenaldirik onena da defendatu eta landu zutenari jarraipena ematea. Beren ondarearen lekukoa hartzea eta defendatu zituzten balioak bermatzea: askatasuna, demokrazia eta justizia soziala». 

Gaur egungo gobernuarentzat aurreneko Jaurlaritza hura «iparrorratz morala» dela azpimarratu du, eta haren «espirituak eta mundua ikusteko moduak» indarrean jarraitzen dutela oraindik ere, «Euskal Arima» delakoak, alegia: «Gure erantzukizuna da duintasunez eramatea, eta garai askoz zailagoetan dena eman zutenei ez huts egitea». Hala, Agirrek gidatu zuen gobernu haren konpromisoa berretsi zuen Pradalesek: «Haiek amestutako Euskadi eraikitzen jarraitzea». 

«Gure omenaldirik onena da defendatu eta landu zutenari jarraipena ematea. Beren ondarearen lekukoa hartzea eta defendatu zituzten balioak bermatzea: askatasuna, demokrazia eta justizia soziala»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Estatus berri baten beharra 

Protokolo zorrotzak gidatu duen ekitaldian, 90 urteko bidearen errepasoa egin du egungo lehendakariak, autogobernua hari nagusitzat hartuta. Kontatu du aldian aldiko arduradun instituzional eta politikoak Jose Antonio Agirreren eta Jesus Maria Leizaolaren «ametsa» errealitate bihurtuz joan direla, eta nabarmendu du bide horretan 1979ko Gernikako Estatutua izan dela azken hamarkadetan lortu den «itun politikorik garrantzitsuena». 

Ordea, salatu du oraindik osatu gabe dagoela. «Herri honek ez du onartzen egoera hau. Eta ez du inoiz ere amore emango berea dena lortu arte», esan du, Espainiako Gobernuari aipamen zuzenik egin gabe. Pradalesek hitzeman du «lanean» jarraituko dutela helburua lortu arte, eta eragile guztiei dei egin die kausan «bidelagun» izan daitezen. Bezperan, baina, Jaurlaritzak berak adierazi zuen itxaropen gutxi duela falta diren eskumenak arazoaren 23ko bozak egin aurretik eskualdatzeko. 

Nolanahi ere, lehendakaria harago joan da, eta adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako itun politiko berri bat behar dela, garaiak, erronkak eta beharrak ere aldatu egin direlako: «Gaitasun politiko eta berme instituzionalak behar ditugu. Hezurdura juridiko-politiko berria, gure aurrekoen espirituari jarraituz». Hain zuzen ere, itun hori lortzeko negoziazio betean dira EAJ, EH Bildu eta PSE-EE, eta, azken asteetan adostasun batzuk lortu izanaren inguruko albisteak zabaldu badira ere, Pradalesek ez die erreferentziarik egin ez edukiari, ez Madrilen legealdia amaitu izanak eragindako jokalekuari.

«Humanismo berritua»

Berak nahiko lukeen herriaren zutabeak zein diren azaldu du lehendakariak ekitaldian, hala ere. Horien artean aipatu ditu, besteak beste, «nortasun, kultura, hizkuntza eta ahots propioa izango dituen Euskadi autogobernatu bat», ongizatea eta bizi kalitatea lehentasun izango dituena, «kohesionatua, jasangarria, irekia eta solidarioa». Eta aurre egin beharreko lau «erronka» zerrendatu ditu: immigrazioa; eraldaketa ekonomiko, teknologiko eta industriala; euskara eta kultura; eta Europaren eraikuntza.

Pradalesen hitzetan, erronka horiei «herri gisa» erantzun behar zaie, baina, batez ere, «humanismo berrituaren» bidez. Ez da ausazkoa lehendakariak hitz hori erabili izana, azkenaldian bere egin baitu Agirreren ideia politiko hori. Eta, hain justu ere, haren ondarearen inguruko abertzaleen arteko lehia harrotu den honetan, zeharkako mezuak igorri dizkio ezker abertzaleari, ETA tresna gisa erabilita. Adierazi baitu ez duela balio Agirre goraipatzeak eta, aldi berean, indarkeria justifikatzeak: «Gaur oraindik zor moral bat dute».

Espainiako Estatuak «bidezkoak eta legezkoak ez ziren lasterbideak» erabili zituela ere salatu du lehendakariak, eta gogora ekarri du ez Agirrek, ez Leizaolak, ez haien belaunaldiak ez zutela haien proiektu politikoa «inposatu nahi izan». Ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioen bidez egin zutela esan du, eta azpimarratu eredu horri jarraitzea dela bidea. Herria «etorkizun aske eta hobera» eramango duela zin eginez amaitu du Pradalesek bere mintzaldia.

Gobernuaren aniztasuna giltzarri

Ordezkaritza instituzional zabala izan da Gernikan, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak eta Eneko Andueza PSE-EEko buruak ere baliatu dute abagunea lehen Eusko Jaurlaritzaren ahaleginak oroitzeko. Otegik ospakizuna aprobetxatu nahi izan du gobernua eratu zeneko alderdien arteko loturak nabarmentzeko. «Abertzaleak, ezkerrekoak, eskuinekoak, komunistak, errepublikanoak eta sozialistak bildu ziren. Horrek zer esan nahi du? Ezohiko egoera batean kontzentrazio nazionaleko gobernu bat sortu zela». Ezohiko egoera hori gaur egunera ekarri du Otegik, eta nabarmendu du «gaurko irakaspena» izan ahal dela. «Euskal Herri osoan ezohiko egoera batean egon gaitezkeenez, guk, legatu hori kontuan hartuz, esaten dugu formula berak erabili behar direla; ez zehazki berdinak, baina bai espiritu bera dutenak». 

Anduezak ere Otegiren ideia bera helarazi nahi izan du: «Gobernu hura tradizio politiko desberdinek osatzen zuten: historiako garai zail batean batzen jakin zuten autogobernua eraikitzeko, aurrera egiteko eta aniztasuna bermatzeko». Gainera, azpimarratu du «garai egokia» dela autogobernuak eraiki zituen eta gaur egun ere oraindik eskaintzen dituen «tresna horiek guztiak» nabarmentzeko. Izan ere, Anduezaren ustez, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko ere baliagarriak izan ahal dira tresna horiek denak.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA