Uda iritsi aurreko azken apustu handia estreinatu zuen atzo gauean Euskal Telebistak bere lau kateetan: Bizi natura. Programak askoz ikus-entzule gehiago izan zituen gaztelaniaz, euskaraz baino: ETB2 kateko programak —Africa Baeta da aurkezlea— %16ko ikusle kuota izan zuen Euskal Autonomia Erkidegoan; eta ETB1ekoak —Xabier Sukia aurkezle duenak— %2,8koa bereganatu zuen. ETB1 On eta ETB2 On kateetan ere eman zuten Bizi natura-ren lehen atala, kate nagusietan bezala euskaraz eta gaztelaniaz. EITBk eman dituen datuen arabera, kate guztiek batuta %19,2ko kuota izan zuten —euskaldunen artean, %23,2koa—. Orotara, 240.000 herritarrek bat egin zuten tarteren batean Euskal Telebistarekin Bizi natura ikusteko.
BBCren Springwatch formatuan oinarrituta dago Bizi natura. ETBren bertsioari dagokionez, Urdaibairen (Bizkaia) bihotzean murgiltzeko proposamena egin dute. Hemezortzi kamera jarri dituzte, zuzenean ikusteko zer gertatzen den Urdaibain. Estreinaldiarekin bat eginez, ETBko eguerdiko albistegiak Urdaibain egingo dituzte gaur. Era berean, gaurtik aurrera ETB1en Xabier Sukiak aurkeztuko du Bizi natura, 13:30ean; eta ETB2n, Africa Baeta ariko da astegunetan, 19:30ean. ETB On plataforman, berriz, hamabi orduko zuzeneko emanaldia ikusi ahalko da. Hiru astez iraungo du ETBren egitasmoak.
Kirol emanaldien ikusle datuak
Azkeneko bi hilabeteetan, ETBko kirol emanaldi batzuek ikusle datu oso handiak lortu dituzte. Atzo, buruz buruko finalaren emanaldiak %17,7ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %28ko kuota bereganatu zuen Dario Gomezen garaipenak—. 162.000 herritarrek bat egin zuten emanaldiaren tarteren batean ETB1ekin, Nafarroa Arenan jokatu zen pilota partida ikusteko. 16.000 herritarrek ETB On plataforman ikusi zuten partida; eta bost mila lagunek baino gehiagok, berriz, kirolakeitb.eus atarian.
Beste bi kirol emanaldiren datuak ere oso esanguratsuak izan dira. Euskal Herriko Itzuliak azken hemeretzi urteotako ikusle daturik onenak lortu zituen apirilean: batez beste, %9,6ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %16,6koa—. ETB On plataforman, gainera, 77.400 lagunek ikusi zuten txirrindularitza proba.
Zegama-Aizkorri mendi lasterketak, bestalde, 155.00 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen maiatzaren 17an. ETB2 eta ETB2 On kateetan eman zuten mendi maratoia, eta EAEn %22,8ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %36,6koa—.
Italiako Giroak %4,2ko ikusle kuota izan du batez beste —euskaldunen artean, %8,3koa—. 544.000 lagunek ikusi dute txirrindularitza proba tarteren batean.
Gogoratu behar da apirilean Atletico Madril-Reala Espainiako Kopako finala eman zuela ETBk, baita txuri-urdinei Donostian egin zieten harrera ere. Zaleen ongietorriak ikus-entzule gehiago izan zituen ETB1 katean, ETB2n baino.
Kirol emanaldiek ageriko eragina izan dute apirilean eta maiatzean ETB1 katearen batezbestekoan. Horiek horrela, ETB1ek %2,7ko batez besteko kuota izan zuen EAEn apirilean; eta maiatzean, berriz, %2,4koa. 2025. urte osoan, euskarazko kateak %2ko kuota izan zuen.