Euskarri eta plataforma digitaletan ikusteko euskarazko telesail laburren produkzioa babesteko asmoa azaldu du EITBk Formatu txikiak, talentu berriak ekinaldiaren bitartez. Bigarren aldiz egin dute deialdi hori: egitasmoak aurkeztu nahi dituzten sortzaile eta ekoiztetxeek abuztuaren 7ra arte dute epemuga.
EITBren arabera, talentu berriei fikziozko telesailak egiteko aukera ematea da deialdi horren xedea. «Euskarazko fikziozko telesail laburren produkzioa babestu eta, bide batez, kudeatzen dituen euskarri eta plataforma digitaletan ikusteko eduki berriak sortzea». Hain zuzen ere, lehen deialdiaren bidez sortu dituzten telesail batzuk Primeran plataforman estreinatu dituzte: Amancay Gaztañagaren eta Xanti Rodriguezen Piztiak apirilaren 23an estreinatu zuten; eta Tamara ta Mara, ekainaren 4an.
Baldintza jakin batzuk bete behar dituzte deialdian parte hartu nahi dutenek: egoitza soziala Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan izan behar dute ekoiztetxeek, eta gutxienez bi urteko antzinatasuna. «Narratiba berritzaileak» sustatu nahi ditu EITBk, «16-25 urte arteko publikoarekin konektatzeko eta haiei ezustea emateko».
Formatuari dagokionez, telesailek hamabost minutuko sei atal edo 22 minutuko lau atal izan beharko dituzte, gutxienez. Finantzaketa baloratzerakoan, honako puntu hauek hartuko dituzte kontuan: emakumeen parte hartzea sormen taldean; kalitate tekniko eta artistikoa; gidoien kalitatea; proiektuak transmedia potentziala edukitzea; proiektuari egokitutako aurrekontua; euskal baliabide teknikoak eta giza baliabidea erabiltzea —zerga egoitza EAEn izatea—; Euskal Herriko kokapenak agertzea; eta denboraldian zehar garatzen den trama batean oinarritutako istorioak izatea. Baldintza horiek ikusita, beraz, parte hartzeko aukerarik gabe geldituko dira egoitza Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan duten ekoizpen etxeak.
Edozein telesail egiteko, finantzaketa sendoa behar da. Deialdi horretan, EITBren ekarpena 150.000 eurokoa izango da gehienez egitasmo bakoitzerako. Telesailetan eta zineman lanean ari diren profesionalek ahoz aho diote diru oso gutxi dela hori fikziozko proiektu bati ekiteko. Kasurako, haurrentzako Go!azen telesailaren atal baten aurrekontua txikia da: 155.000 eurokoa. Eta hori baino gutxiago ematen die irrati-telebista publikoak Formatu txikiak, talentu berriak deialdian hautatuak diren ekoiztetxeei.
Uda ostean, beste bost telesail
Piztiak eta Tamara ta Mara izan dira, beraz, deialdi horren babesean estreinatu diren lehen bi telesailak. Uda pasatu ostean, ordea, EITBko Primeran plataformak lehen deialdian hautatuak izan diren eta dagoeneko grabatuak dauden beste bost telesail estreinatuko ditu. Datak ez daude oraindik itxita.
Leire Albinarratek sortutako istorio batetik abiatuta, Lander Otaolak eta Ane Nafarratek Amarekin goxo-goxo telesaila zuzendu dute: komedia bat da, eta Aitziber Garmendia da aktore protagonista.

Jone Arriola zinemagileak, bestalde, bere aurreneko telesaila egin du: Lehen aldiz. Nerea Sanz, Xabier Elizalde, Aiora Enparantza, Mikel Calle, Xanti Agirrezabala eta Kimetz Etxabe daude aktoreen artean.
Iñigo Sbeltzak sortu eta zuzenduko du Izaki pixkat gardenak, Mauka Produkzioak ekoiztetxearekin. Sei istorio itxi dira, guztiak ere mamuen ingurukoak. Jon Plazaola, Patricia Urrutia, Martxelo Rubio, Olatz Beobide, Erika Olaizola, Ainhoa Aierbe, Iñigo Aranburu, Mikel Losada eta Ylenia Baglietto dira aktoreak.
Alba Lozanok eta Nitya Lopezek Aloka(hiru) zuzenduko dute. Platanoboligrafo eta La Cornea Digital dira ekoiztetxeak, eta aktoreak Nerea Sanz, Izaro Nieto, Lorea Intxausti, Arnatz Puertas, Dorleta Urretabizkaia, Kepa Errasti, Leire Lopez, Asier Hernandez eta Alvar Gordejuela.
Xabier Ojinaga eta Ander Mateos (Arriguri taldea), berriz, Estu telesailean ari dira lanean. Aktore protagonistak Aia Kruse eta Jon Ander Urresti dira. Nerea Mazo, Kepa Errasti, Sambou Diaby eta Aritz Kortabarria aktoreak ere taldean dira. Sei atalak Bilbon filmatu dituzte.