Hamabi orduz ez, baizik eta hamahiru orduz emango du haurrentzako programazioa ETB1 On lurreko telebista digitaleko kate konbentzionalak, hau da, lehen ETB3 zegoen tokian lekukoa hartu zuen kanalak —Internet bidezko beste programazio jeneralista du ETB1 On digitalak—. Datorren astean 20:00ak arte luzatuko dute haurrentzako programazioa. Astegunetan, 19:00etatik 20:00etara, Henry Danger saioa emango dute —Makusi plataforman ere ikusgai dago maiatzaren 1etik—Â
BERRIAk jakin duenez, Euskalgintzaren Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak eta Pantailak Euskaraz taldeak txalotu egin zuten ETBk ETB1 On katean haurrentzako programazioa hamabi orduz ezarri izana —apirilaren 13an hasi ziren horretan, 07:00etatik 19:00etara arteko haur programazioarekin—. Baina familia euskaldun asko kexu agertu zen hurrengo egunetan, neska-mutikoek telebista ikusten dutelako 19:00etatik 20:00etara arte ere. Hain zuzen ere, datuek diote haurrek telebista gehien ikusten duten ordu tartea 17:00etan hasi eta 20:00etara artekoa dela. Gauzak horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak eta Pantailak Euskaraz-ek eskaera formal bat egin zioten Euskal Telebistari, kate horretan haurrentzako programazioa luzatu zezan. Ontzat jo du hori EITBko zuzendaritzak, eta, horrenbestez, datorren astetik aurrera 07:00etatik 20:00etara iraungo du haurrentzako programazioak.
Nafarroako eremu batzuetan ezin da ETB1 On ikusi. Hala gertatzen zen lehen ETB3 katearekin, eta, oraingoz, hala jarraituko du ETB1 On katearekin ere.
ETB3ren desagertzeari buelta eman zitzaion
Azkenengo hiruzpalau urteetan, EITB taldea digitalizazio prozesu batean murgilduta dabil. Prozesu horren azken pausoetako bat martxoaren 18an eman zuen: ETB1 On eta ETB2 On kateek hartu zuten ETB3 eta ETB4 zirenen lekua. «ETB1 eta ETB2 kateak hedapen digitalean murgiltzea» zuten helburu pauso horrekin, ETBko zuzendari Isabel Octavioren arabera.
Herritar askorengan kezka eta ezinegona sortu zuen, ordea, ETB3 katearen haurrentzako eskaintza eteteak. Horren erakusgarri da Pantailak Euskaraz taldeak abiatu zuen ETB3 ez itxi! kanpainak 30.000 sinadura bildu izana. Talde euskaltzaleen protestak izan ziren hurrengo egunetan —Korrikaren ibilbidean ere bai—. ETB3 ixteko erabakian atzera egiteko eskatu zioten talde publikoari hainbat eragilek eta sindikatuk, agerraldi batean. Eta ETB3ko emankizunen amaierarekin ados ez zeuden hainbat talderekin eta eragilerekin bildu zen EITBko zuzendaritza. Makusiren eduki eskaintza zabaltzeko aukera aurkeztu zien EITBko zuzendaritzak. Eta apirilaren 13an hala egin zuen irrati-telebista publikoak. ETB1 On kateak bikoiztu egin zuen emisioa: batetik, LTD edo ohiko telebista konbentzionalean, euskarazko hamabi orduko programazioa ematen du; eta, bestetik, Youtuben, plataformetan eta telebista zerbitzu hornitzaileetan, nazioarteko eskubide murrizketarik gabeko programazioa. Bada, haurrentzako programazio hori hamahiru ordukoa izango da astelehenetik aurrera.