Asteazkenean eman zuen pausoa EITB taldeak: orduz geroztik, ETB3 katea zena ETB1 On da; eta ETB4 zena ETB2 On da. Aldatu Gidoia eta Pantailak Euskaraz taldeek gogor salatu zuten ETBren erabakia, eta azaldu zuten Euskal Herriko etxe askotan haurrek ez dutela aukerarik izango euskaraz marrazki bizidunak ikusteko. Pantailak Euskaraz-ek salatu zuen ETB3 ixteak «kalte atzeraezina sor diezaiokeela euskararen normalizazioari».
Egun berean, sinadura bilketa bat abiarazi zuen Pantailak Euskaraz taldeak —horrekin ere bat egin du Aldatu Gidoia talde euskaltzaleak—. Eta ordu oso gutxian, 21.100 sinadura baino gehiago bildu dituzte. Taldearen arabera, sekula ez dute ikus-entzunezkoen bueltako sinadura bilketa batekin hain egun gutxian halako oihartzunik lortu.
Isabel Octavio ETBko zuzendariarekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen, bestalde, BERRIAk atzo. Han, Octaviok azaldu zuen EITBren digitalizazio prozesuan azken pausoa izan dela ETB1 On eta ETB2 On kateen sorrera. «Guretzat birmoldaketa bat da. Gazteengandik hurbilago egoteko ari gara. Erronka ez da gurea bakarrik; mundu osoko hedabideek duten erronka da. Gure kasuan, euskara ahul dagoela jakinda, bi kateak hedapen digitalera bideratu ditugu, uste dugulako etorkizuna hortik datorrela».
BERRIAk ETBko zuzendariari galdetu zion sinadura asko jasoko balira ETB3ren itxieraren aurka, beste erabakiren bat hartuko ote lukeen. Honako hau izan zen Octavioren erantzuna: «Hausnarketa sakon baten ondorioz hartutako erabakiak izan dira. Baina ni ez naiz gauzak ezin direla aldatu pentsatzen duten horietakoa. Erabakiak daukadan informazioaren arabera hartzen ditut, eta apustu honetan ere horren arabera egingo dut. Badakit hartutako erabakia aurrerakoia dela, beldurra sor dezakeela, baina benetan diot euskara, kultura, edukiak eta gazteengana hurbiltzea direla gure helburuak».Â
EITBko langileen batzordeek, berriz, agiri bat plazaratu dute gaur, eta salatu dute haurrek leiho gutxiago izango dituztela orain beren edukiak ikusteko.