Euskara 2050. urtean irudikatuko dute 'Tribuaren berbak' saioan

Biharko atalean Euskal Herriko hiru lehendakariak elkarrizketatuko dituzte ETB1en: Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargokoa, Maria Txibite Nafarroakoa eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzakoa.

Kike Amonarriz eta Idurre Eskisabel, 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
Kike Amonarriz eta Idurre Eskisabel, 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nola eta non ikusi nahiko genuke euskara 2050. urtean? Zer egin beharko genuke gure hizkuntzaren biziberritze prozesuak aurrera egin dezan? Zeintzuk dira erronkak? Eta zeintzuk indarguneak?». Galdera horiek egingo dituzte bihar ETB1eko Tribuaren berbak saioan, denboraldiko hirugarren atalean (22:15).

Kike Amonarriz Gorriak eta Izaro Arruti Agirreurretak hainbat elkarrizketa egingo dituzte galdera horiei erantzuteko asmoz, Euskara 2050 atal berezian. Euskararen inguruko galderak egingo dizkiete, esate baterako, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako arduradun gorenei. Hortaz, atal berean azalduko dira hizketan Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Hirurek esango dute non ikusi nahiko luketen euskara 2050. urtean, eta zer ari diren egiten helburu horretara iristeko.

Elkarrizketatuen artean egongo da Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. Euskarak bizi duen «larrialditik indarraldira» jauzi egiteko asmoz, Batuz aldatu egitasmoa jarri dute abian. Bertan, euskararekin konpromisoa hartu duten era guztietako eragileek hartzen dute parte, eta deia ere egin diete herritarrei normalizazio prozesuaren parte izan daitezen. Pizkundea ekitaldia ere antolatu dute Bilbon abenduaren 27rako.

Euskararen bueltan lanean ari diren hainbat aditurekin hitz egingo dute saioko bi aurkezleek. Garikoitz Goikoetxea euskara teknikariak Esnatu ala hil liburua idatzi du Iñaki Iurrebaso soziologoarekin batera. Euskararen orainaren eta geroaren prospektiba liburua da, eta han jasotako kontu batzuk aipatuko ditu Goikoetxeak ETBko saioan. Hark dioenez, indarberritze prozesua fase berri batean sartzera doa, eta euskarak beste «olatu indartsu bat» behar du.

Ikasle gazteei galdezka

Etorkizunari begira ari da Jon Sarasua ere, Euskaltzaindiak antolatutako Euskararen Gogoetagunean. Euskarak behar duen bultzada berrirako etorkizun ikuspegia lantzen ari dira bertan, eta hemendik 25 urtera begirako estrategiak definitzen. Horren bueltan mintzatuko da Sarasua saioko aurkezleekin.

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako erakunde nagusienak biltzen ditu Euskal Konfederazioak, eta haren ordezkari Sebastien Castetekin elkartuko da Izaro Arruti Agirreurreta aurkezlea. 2050. urteari begira, helburutzat jarri dute Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskaldunak izatea. Horrek esan nahi du datozen urteetan 40.000 euskaldun gehiago sortu beharko direla.

Donostiako Irakasle Eskolan ere izan dira saioko kamerak. Euskararen eta hizkuntza gutxituen etorkizuna nola ikusten duten galdetuko diete han ikasle gazteei.

Tribuaren berbak saioa abenduaren 3an itzuli zen ETBra, hamar urteko etenaldiaren ostean. Sarean ikusgai daude lehen bi atalak: Londresen grabatutakoa eta frankismoaren ingurukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.