Duela lau urte erein zuten Tamara ta Mara telesailaren lehen hazia. Hala aitortu zuten atzo Ane Rotaetxek eta Larraitz Zuazok, uda aurretik Primeran plataforman estreinatuko duten telesailaren bi gidoilariek, Donostiako Crossover jaialdiko hirugarren egunean —Rotaetxe da zuzendaria—. Gaizka Izagirre BERRIAko kolaboratzailea aritu zen gidari lanetan. «Bidean gelditu zen lehen saiakera hura», baina, proiektuak mamia bazeukala iritzita, hasierako ideia hura berreskuratzea erabaki zuten biek. Ainhoa Etxebarriari (Tamara) eta Ainhoa Artetxeri (Mara) deitzea izan zen hurrengo pausoa, eta erronka gisa heldu zioten proiektuari. Tamara ta Mara erronka izan delako, egin duten «ariketa kolektiboagatik, lanketa horizontalagatik, finantzaketagatik...».
EITBren Formatu txikiak, talentu berriak egitasmoaren lehen proiektuetako bat da telesaila; hogei minutuko lau atal izango ditu. Bi aktore gazte dira Tamara eta Mara, eta casting areto batean topo egingo dute. Biak daude krisi pertsonal sakon batean murgilduta, eta ezinbestekoa dute aukeratuak eurak izatea. Makusi plataformako izarra da Tamara, eta mundua jan beharrean dabil Mara, baina, kanpora begirako irudi hori gorabehera, ziurtasun gutxi du barruan. Amodioa eta gorrotoa uztartuko ditu telesailak; eguneroko lehia txikiez arituko dira hizketan, umorez. Bilbon egin dituzte grabaketa guztiak, hamar eguneko tartean. Begira Produkzioak ekoiztetxearen lan bat da Tamara ta Mara, eta, Etxebarria eta Artetxerekin batera, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri dira aktore protagonistak.
«Jolas dibertigarria»
Pertsonaiek eurenetik badutela aitortu zuen atzo Etxebarriak. «Baina grabaketetan estutu egiten nintzen, jendeak benetan horrelakoa naizela pentsa zezakeelako». Pertsonaien izaerak «muturrera» eraman dituzte gidoilariek, «bide horretan zer gerta zitekeen ikusteko». «Jolas» hori «oso dibertigarria» izan dela aitortu zuen Artetxek. «Askatasun handia izan dugu gauzak probatzeko, gauzak muturrera eramateko...». Rotaetxe zuzendariak goratu zuen ez zela egon «hitz txar bat ere» grabaketetan.
Gorka Garcia Euskal Telebistako Entretenimendu eta Arte Programen zuzendariak azaldu zuen EITBrentzat gazteak erakartzea dela helburu nagusietako bat, eta, bide horretan, fikzioa oso lagungarria dela. «Fikziozko telesail askorik ez da egin izan orain arte, eta horregatik heldu genion Formatu txikia, talentu berriak egitasmoari». Hamalau proiektu jaso zituzten denera. Garciak gaineratu zuen «sortzaile berriak» behar dituela euskal fikzioak. «Eta horien bila joan gara. Baina sortzaile horiei babesa emango dien ekoiztetxeak ere behar ditugu, eta baita ahots berriak ere. Bide horretan, arriskuak hartzea eta gauza desberdinak egitea da gure helburua, gauza zuriak bakarrik ez egitea».
Aktore protagonisten ondoan aritu dira, besteak beste, Katixa Agirre, Dani Alvarez, Felix Linares eta Sara Gandara. Fikzioa eta metafikzioa elkarren ondoan. «Eta interesgarria izan da, adibidez, Katixa Agirrek beretik nola sortu duen ikustea», adierazi zuen Etxebarriak. Hizkuntza bera ere jolaserako baliatu dutela gaineratu zuen zuzendariak. «Argi geneukan, adibidez, Ainhoa Etxebarria ondarroarra izatea baliatu behar genuela».
ETBren telesail berria aurkeztu ondoren, Streaming aroa gaia landu zuten atzo Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak —izen bereko liburua kaleratu berri du—, Katixa Agirrek eta Kristina Zoritak. Nahia Sillero aritu zen moderatzaile lanetan. Azken urteotan ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko interesak nola aldatu diren aztertu zuten. Osorik ikusi nahi duenak:
Laugarren eguna izango du gaur Crossover jaialdiak, eta, besteak beste, Sara Azurza BERRIAko kolaboratzailea gonbidatuko dute Ikusle Gonbidatua atalean, 17:00etan, Tabakaleran.