'Zeru ahoak' amaitu da eta lehen tokian da Primeran-en

Koldo Almandozek sortutako telesailaren bueltan bi dokumental labur egin dituzte, eta Primeran plataforman daude ikusgai horiek ere. Telesailak %1,6ko batez besteko ikusle kuota izan du ETB1en.

Nagore Aranburu 'Zeru ahoak' telesailean. TXINTXUA FILMS
Nagore Aranburu 'Zeru ahoak' telesailean. TXINTXUA FILMS
urtzi urkizu
2025eko urriaren 20a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiaz kanpoko emanaldietan estreinatu eta gero, Koldo Almandoz zinemagilearen Zeru ahoak telesaila eman du EITBk azkeneko asteetan Primeran doako plataforman eta ETB1 katean. Fikziozko lanaren lau atalak Primeran-en daude ikusgai, eta, gaur-gaurkoz, plataforma horretan gehien ikusten diren lanen zerrendan lehen tokian da. Bigarren tokian da Hondar ahoak, Almandozek berak duela bost urte ETBrako egin zuen telesaila eta lan berriaren aurrekaria. Bai batean, bai bestean, Nagore Aranburu da aktore protagonista.

Primeran plataforman lehen tokian da telesaila. Baina ETB1eko emankizunetan ikusle datuak apalak izan dira, eta beherantz egin dute astez aste: estreinako atalak %2,9ko ikusle kuota izan zuen; bigarrenak, %1,5eko kuota; hirugarrenak, %1,2koa; eta laugarren eta azkenekoak, %0,9koa. EAEko datuak dira, eta hortaz, %1,6ko batez besteko kuota izan du telesailak. Hondar ahoak telesailak %2,2ko ikusle kuota izan zuen 2020an, baina aintzat hartu behar da orduko hartan ez zela existitzen Primeran plataforma. Era berean, aipatzekoa da ETB1 katearen batez besteko kuota urrian %1,7koa dela orain arte.

Txintxua Films eta Garabi ekoiztetxeen lana da Zeru ahoak. Nabarmentzekoa da Aitor Etxebarria musikariak telesailerako sortutako soinu banda, eta hain justu, prozesu horren gaineko dokumentala estreinatu zuten aurreko astean ETB1en: Zeru ahoak: soinu banda baten sormena. Beñat Erezumak lan horren inguruan idatzi zuen joan den larunbatean BERRIAn. Dokumentala Primeran plataforman ikusgai dago. Baita Zeru ahoak. Karonteren ahotik dokumental laburra ere —ETB1ek atzo gauean eman zuen—. Kasu horretan, umorez zipriztinduta, Jon Ander Urresti aktoreak Karonte pertsonaia interpretatzeko egindako bidea jasotzen dute. Making of jostalari bat dela ere esan daiteke.

Ezin da baztertu Nerea Garcia pertsonaiaren inguruko hirugarren telesail bat egon daitekeenik. Baina goiz da ezer baieztatzeko.

'Desagertuta', igandetik aurrera, ETB1en

Espainiako RTVE talde publikoa Zeru ahoak-en koprodukzioan sartu da, eta hemendik gutxira telesaila RTVE Play plataforman ikusi ahalko da, gaztelaniara bikoiztuta zein euskarazko audio originalarekin eta gaztelaniazko azpidatziekin. Hondar ahoak duela aste batzuk jarri zuten doako plataforma horretan.

ETB1ek igande gauetan fikziozko lanak emango ditu datozen asteetan ere. Hain zuzen ere, igande honetatik aurrera Desagertuta telesaila emitituko du. Lan hori euskaraz eta gaztelaniaz grabatu zuten aldi berean; euskarazko bertsioa Primeran plataforma ematen hasi zen maiatzean, eta aldi berean gaztelaniazkoa emateari ekin zion Netflixek. Urriaren 1etik aurrera, ordea, euskarazkoa ere ikus daiteke Netflixen. Une honetan, Primeran plataforman gehien ikusitakoen artean hirugarrena da Desagertuta.

'Holobiontea'-ren amaiera, Guaun

EITBren Guau audio plataformak, bestalde, Holobiontea audio fikzioaren hirugarren eta azken denboraldia estreinatu du gaur. Lehen atala entzun daiteke plataforman, eta datozen asteetan iritsiko dira hurrengo bost atalak.

Nagore Aranburuk jartzen dio ahotsa Idurre Aldazabal inspektore protagonistari. Beste ahotsen artean, Asier Hormaza, Markel Sanz, Iban Garate, Aitziber Garmendia, Klara Badiola eta Loinaz Jauregi aktoreenak daude. Trilogia itxiko duen denboraldia Eskozian dago girotuta. Oier Aranzabal da zuzendaria, eta gidoilariak Xabier eta Martin Etxeberria dira. Musika Maite Larbururena da. Aktore zuzendaria Anartz Zuazua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.