2026a da jada, eta urrunago dugu dena pikutara bidaltzera zetorren 2000 efektua, karbono isuririk gabekoa izango omen den 2050. urtea baino. Etorkizuna gainera datorkigu eta iraganak ez du joan nahi. Egin kontu, Akira manga 2019an dago girotua, Blade Runner filma ere bai. Nola jabetu uneaz denbora gehiago pasatu bada Kortatu sortu zenetik gaur arte, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik Kortaturen sorrerara bitarte baino? Etorkizuneko taldeak jubilatu ziren aspaldi, Kraftwerkek hirurogei urteak beteko ditu laster, baita Devok ere. Anarchy in the UK duela 50 urte argitaratu zen: mende erdi daramagu etorkizunik gabe!
Errobik rocka ekarri zuenetik ere denbora tarte bera pasatu da dagoeneko, eta 100 urte izango zituen trikitiak gurean orduan, ez askoz gehiago. Mixel Labeguerieren lehen kantek ere hamabost urte beteko zituzten, gutxi gorabehera. Bost urte dira jada Ezorregatik X Berpizkundea lehenengoz entzun genuela, lau urte besterik ez zuen iraun Sorotan Belek 90eko hamarkadan. Itoizek Espaloian argitaratu zuenetik joan den denbora bera igarotakoan 2066 izango da, ea nor ausartzen den orduko Euskal Herria irudikatzen. 30 urteko jauzia eginez atzera, Hemendik At! taldea sortu zen garaira iritsiko ginateke, hein bereko beste salto bat eginez Mauriziarekin egingo genuke topo, panderoarekin oholtza gainean. ETAk ekintza armatua utzi zuenean jaiotakoek 15 urte egingo dituzte aurten, Berlingo Harresia jausi zenean jaiotakoek, 37. Duela 42 urte sortu zen BAP!!, Andoainen. 80 urte beteko ditu aurten Pierre Bordazarreren Agur Xiberua kantuak, 70 Chuck Berryren Roll Over Beethoven-ek, 60 Beach Boysen Pet Sounds diskoak, 40 urte atzera Richard D James elektronika ekoizten hasi zen bere egongelan, ia 30 urte ditu Cher-en Believe abestiko autotuneak, 20 pasatxo Anariren Zebra-k. Gezurra dirudi, baina Berri Txarrak-en azken diskoak hamarkada bat du kasik.
Ni jaio baino zortzi urte lehenago komertzializatu ziren CDak lehen aldiz; Baga, Biga, Higa... Sentikaria jaialdia egin zenetik 20 urtera sortu nintzen. Distantzia berera ditu Spotifyren hastapenak aurten jaioko den umeak, baita BBK Live festibalaren lehen edizioa ere. Bi urte daramatzat nik hemen horrelakoak idazten. Ez esan bertigoa ematen ez duenik.