Artea

2028ko Veneziako Biurtekoan leku propioa lortzeko borondatea azaldu du Eusko Jaurlaritzak

Euskal artisten ordezkaritza bat Veneziako arte garaikidearen biurtekoan da egunotan, eta bertan egindako ekitaldi instituzional batean egin du iragarpena Ibone Bengoetxeak.

Eusko Jaurlaritzaren agerraldia, gaur goizean, Veneziako San Juan Ebanjelariaren Eskola Handian. IREKIA
Eusko Jaurlaritzaren agerraldia, gaur goizean, Veneziako San Juan Ebanjelariaren Eskola Handian. IREKIA
itziar ugarte irizar
2026ko maiatzaren 7a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lanean ari gara Euskadik toki propioa izan dezan 2028tik aurrera Bienalean. Espero dugu lortzea». Berba horiekin iragarri du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bi urte barru Veneziako Biurtekoan euskal artistei propio gordetako leku bat lortzeko asmoa, eta, urte horretatik aurrera, hari eustekoa. I Baschi alla Biennale 1976/2026 proiektuaren harira, Venezian da egunotan euskal artisten ordezkaritza bat, eta testuinguru horretan egindako lehen ekitaldi instituzionalean egin ditu adierazpenak Bengoetxeak, gaur goizean. Toki propio bat bereganatuta, nazioarteko arte garaikidearen erakusleiho handienetako bat den horretan «euskal arte sorkuntza modu jarraituan proiektatzea» nahi luke Jaurlaritzak.

Aurten bete dira 50 urte euskal artisten ordezkaritza bat lehenengoz heldu zenetik Veneziako Biurtekora —artista, zinemagile, musikari eta poeta talde bat izan zen; tartean egon ziren Nestor Basterretxea, Fernando Larrukert, Jose Antonio Sistiaga, Artze anaiak eta Mikel Laboa, besteak beste—, eta urtemuga baliatuta prestatu dute I Baschi alla Biennale 1976/2026 programa Eusko Jaurlaritzak, Artiumek eta Etxepare Euskal Institutuak. 1976ko bidaia hura gogoan hartuta, orduko euskal artistek «askatasunaren balioak» defendatu zituztela azpimarratu du Bengoetxeak gaurko agerraldian, eta kultura «askatasunerako, identitaterako eta balio demokratikoen defentsarako tresna gisa» kokatu du.

Veneziako San Juan Ebanjelariaren Eskola Handian izan da agerraldi instituzionala, eta zeharkaldi historiko bat egin du bertan Bengoetxeak. Hiru mugarri aipatu ditu: 1936a, 1976a eta 2026a. Modu horretan, Jose Antonio Agirre lehendakariak abiatutako euskal gobernua 1976ko garaiarekin eta gaur egun «euskal kulturak duen hedapenarekin» lotu ditu. Gogora ekarri du, besteak beste, 1976an, artean ikurrina debekatuta zegoen garaian, «herri baten ahotsa» eraman zutela Veneziara orduan hara joandako artistek.

I Baschi alla Biennale 1976/2026 programan parte hartuko duten hizlariekin batera, ekitaldian izan dira, besteak beste, Miren Arzallus, Beatriz Herraez eta Edurne Ormazabal, Guggenheim museoko, Artium museoko eta Tabakalerako zuzendariak, hurrenez hurren. Beste zenbait herrialdetako ordezkari diplomatikoek ere hartu dute parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA