Ana Lopez Asensio da Zineuskadiko lehendakari berria

Azkeneko urteetan Aitziber Atorrasagasti izan da elkarteko lehendakaria. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara Sustatzeko zuzendaria da Atorrasagasti orain.

Ana Lopez Asensio iazko ekainean, Santanderren. ROMAN AGUILERA / EFE
Ana Lopez Asensio iazko ekainean, Santanderren. ROMAN AGUILERA / EFE
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 24a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da Zineuskadi, eta diru publikoz jarduten du. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, EPE-Ibaia eta Apika zinema ekoizleen elkarteak, EITB, Donostiako Zinemaldia eta EZAE EAEko Zine Aretoen Elkartea dira bazkideak. Azkeneko urteetan Aitziber Atorrasagasti izan da Zineuskadiko lehendakaria, baina jada ez da elkarte horretako ordezkaria. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara Sustatzeko zuzendari izendatu zuten duela aste batzuk Atorrasagasti. Eta Zineuskadiko lehendakari berria Ana Lopez Asensio izendatu dute —Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria da orain—. Asteazkenean onartu zuten lehendakari aldaketa Zineuskadiko zuzendaritzako batzarkideek.

Geografian eta Historian lizentziatua da Lopez, Deustuko Unibertsitatean. Leioako Udaleko (Bizkaia) Kultura eta Gazteria Arloko zuzendaria izan zen 2004tik 2018ra —Kaleko Artisten Azokako zuzendari artistikoa ere izan zen—. Barakaldo Antzokian (Bizkaia) zuzendari lanetan aritu zen, 2018tik 2024ra. Era berean, Kulturaren Euskal Kontseiluan arte eszenikoen sektoreko ordezkaria izan zen 2014tik 2021era. 2024ko abenduan hartu zuen Jaurlaritzako kargu berria, eta horretan jarraituko du Zineuskadiko lehendakari izanda ere.

Azkeneko hilabeteetan, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean azalpenak eman behar izan ditu Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Zineuskadiren inguruan, EH Bilduk hala eskatuta. Koalizio horren ordezkariek otsailaren 4an adierazi zuten jabetu zirela hainbat kontu ez zeudela egoki Zineuskadin. Elkartea ez zegoen alta emanda Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman —2018tik egon beharko luke hala—, eta 2025eko uztailean egindako galderen ostean eman zuen elkarteak alta. Bengoetxeak Zineuskadiren «gardentasuna eta azken urteetan izan duen bilakaera» defendatu zuen orduko hartan.

Kudeatzea hobetzeko eskatu zuen EH Bilduk

Bestalde, Info3 enpresarekin egindako kontratuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak zera adierazi zuen, EH Bilduri erantzunez, idatzizko erantzun batean: «Info3 enpresarekin eta Aitor Ubarretxenarekin komunikazio lan batzuen kontratazioa praktika desegokia izan zen. 13/10/07/02/01526 espedientean aipatutako erantzunean bezala, praktika hori zuzendu egin da». Info3 enpresako zuzendaria da Ubarretxena. Enpresa horrek lizitazio eta kontratu bat zuen, baina, lizitaziotik kanpo ezin zuenez gehiago kontratatu, zuzendariaren izenean fakturatu zuten 2022. eta 2023. urteetan. Bestetik, Zineuskadiren bidaia eta harremanetarako gastuak 2021etik 2024ra %300 handitu ziren.

Maiatzean, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Zineuskadiren kudeaketa «hobetzeko». Baina ez zen aurrera atera; kontra bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk, eta abstenitu egin zen PP.

Zineuskadik bere sorreran «euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntza estrategikoa ematea» zuen xede nagusi. Azkeneko hilabeteetan, Zineuskadik kudeatzen zituen egitasmo batzuk beste erakunde batzuetara pasatzen ari dira: Zinema Euskaraz programa —euskarara bikoiztutako haurrentzako filmak aretoetara iristeko helburu zuena— Adi Filmak Euskaraz bihurtu da orain, eta Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatzen du. EAEko ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek nazioartean eta azoketan parte hartzeko laguntzak, berriz, Zineuskaditik aparte kudeatuko dira aurrerantzean.

Beste egitasmo batzuek bere horretan jarraitzen dute Zineuskadin: Kimuak, Noka, Europa Creativa Desk Media Euskadi bulegoaren kudeaketa eta Talentuaren Gunea, besteak beste. Baina aldaketa gehiago espero dira udazkenerako.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA