Itzuli da, normaltasunez, Durangoko Azoka. Aurten bai; «osoa» izango da 57. ekitaldia, eta horixe berretsi ahal izan da gaur, azokaren lehen egunean. Igandera bitarte, milaka lagun elkartuko dira bertan, sortzaileek aurkeztuko dituzten 930 nobedadeak ezagutzeko eta antolatu dituzten 250 kultur ekitaldiez gozatzeko, besteak beste.
Lehen eguneko protagonistak ikasleak izan dira. Goizerako egitarau berezia antolatu dute azokaren antolatzaileek, eta gune ezberdinetan hainbat ekintza egin ahal izan dituzte gazteenek. Ez hori bakarrik: hainbat sortzaileren lanak ikusi eta erosteaz gain, haiekin egoteko aukera izan dute. Ilararik luzeenak Toti Martinez de Lezea idazlearen eta Zetakeko Pello Reparazen mahaietan sortu dira. 10:30etan ireki ditu ateak Landako guneak, eta han, denera, 160 eragile baino gehiagoren mahaik bisitatu ahal izan dira.
Ikusi gehiago:Lehen eguneko argazki bilduma
Eztanda(txoa)k emandako susto oihu eta guzti ireki dituzte Durangoko 57. Azokako ateak. Ikasle goiza izango da gaurkoa, eta milaka gazte badoaz pixkanaka Landa gunean sartzen. Pandemia aurreko itxura du lehen kolpeak @berria@durangokoazokapic.twitter.com/KsOytgdXLl
— Inigo Astiz (@iastiz) December 7, 2022
Hortaz gain, eguneko ekitaldi nagusia 19:00etan izan da Durangoko San Agustin kulturgunean. Han egin dute irekiera ekitaldia: Barrexerka antzerki taldeak egin ditu umorea ezaugarri nagusitzat zuten antzerkiak, eta, tartean, hitza hartu dute Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, Lorea Bilbao Bizkaiko euskara eta kultura diputatuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak.
Ikusi gehiago: Nerea Mujika: «Euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua heldu da»
Hiru erakusketa ere ikusgai izan dira gaur: Eskuhaldunak eskultoreen elkartearen Gaurko euskal eskultura, Ramon de Zubiaurreren Sorterriaren kolorea, eta [H]amar soinu instalazioa.
Ikusi gehiago:Bisaia eta proiektu berriak
Publiko orokorrarentzat zabalik dauden Ahotseneako ekitaldiak arratsaldean hasi dira, goizean ikasleentzako ekitaldiak antolatu baitituzte han. Olaia Inziarte izan da oholtzara igotzen lehenengoa, 14:30ean, Lehengo lepotikan burua diskoa aurkezteko. Ahotseneako saio guztiak BERRIAn izango dira ikusgai.
Ikusi gehiago:Eztanda baten esperantzan