Pentsamendua

‘Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresua berrartuko dute abenduan

Joxe Azurmendi ardatz hartuta, 2019an egin zuten estreinako aldia, eta abenduaren 16tik 18ra egingo dute bigarrena, begia egungo erronketan jarrita. Pentsamenduan zein kulturgintzan dabilen orok aurkez ditzake proposamenak.

'Euskal pentsamenduaren ur-jauzia' kongresua, Donostian, 2019an; erdian, Joxe Azurmendi. JON URBE / FOKU
'Euskal pentsamenduaren ur-jauzia' kongresua, Donostian, 2019an; erdian, Joxe Azurmendi. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2026ko maiatzaren 9a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Intuizio bat izan zen. 2019an, Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakinek Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresua antolatu zutenean, katedra bera forma hartzen ari zen oraindik, eta hipotesi batek bultzatu zituen topagune hura martxan jartzera: bazitekeela komunitate bat izatea Azurmendiren eta haren belaunaldiaren kezken inguruan gogoetan zebilena. Jakineko kide Haritz Azurmendiren esanetan, begi bistan geratu zen baietz, bazela komunitate hori, eta iruditzen zaio orain, 2019koari jarraipena emateko soilik ez, aurrerapauso bat egiteko moduan ere badaudela: «Zazpi urte hauetan, komunitate hori josiz joan da, jakintza bat sortuz, erreferentzia sistema bat landuz. Harrezkeroztik, etorri da tesi bat, bigarrena bidean da, Ur-jauzia bilduma sortu da... Norabide batzuk seinaleztatuta daude, eta hau modu bat izan daiteke motxilan bildutako horrekin pentsatzen jartzeko epe ertain-luzera begira».

Kongresuak hiru egun iraungo du, abenduaren 16tik 18ra. Eta aurrekoa bezalaxe, Donostiako San Telmo museoan egingo dute.

Azurmendi hil zenetik artean urtea bete ez bada ere, Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren bigarren aldiaren helburua ez da izango pentsalari zegamarra omentzea soilik. Izango du hortik ezinbestean, baina, batez ere, hark eta haren belaunaldikideek garatutako ideiak hartu eta «gaurkotzea» izango dute helburu: begirada egungo testuinguruan eta etorkizuneko erronketan jartzea. Proposamenak jasotzeko epea zabaldu dute horretarako, eta hasieratik argitu du Haritz Azurmendik deialdia irekita dagoela euskal pentsamenduan, kulturgintzan zein herrigintzan dabilen ororentzat. «Baliteke norbaitek pentsatzea ez dela bere lekua baldin eta ez badu doktoretza bat eginda, ez badabil doktoretza bat egiten. Baina euskaratik eta euskaraz Joxeren eta haren belaunaldiaren kezken inguruan ibiliz gero, edonork du lekua».

Kongresuari kutsu «hibrido» hori ematea «aberasgarritzat» jo du, gainera. Eta adibidetzat jarri du Azurmendi hil berritan haren omenezko zenbaki berezian parte hartu zuten egileen zerrenda. «Ale horrek erakusten du Azurmendik zerbait esaten diela ildo transfeministakoei eta Arantzazuko espiritualitatea ulertzeko modu jakin batean Joxerekin elkarrizketa bat eduki dutenei. Tarte horretan ezinbestean egongo dira talkak —ez derrigor bi horien artean—, ados zertan gauden eta zertan ez ikusteko aukerak».

«Baliteke norbaitek pentsatzea kongresua ez dela bere lekua baldin eta ez badu doktoretza bat eginda, ez badabil doktoretza bat egiten. Baina euskaratik eta euskaraz Joxeren eta haren belaunaldiaren kezken inguruan ibiliz gero, edonork du lekua»

HARITZ AZURMENDI Jakin-eko kidea

Jasoko dituzten proposamenen arabera mamituko da kongresua, eta, uztailaren 15era bitartean, bi motatako lanak aurkeztu ahalko dira: komunikazioak —egile bakarrekoak zein anitzekoak— eta sinposioak —gehienez hiru aurkezpenekoak—. «Norbaitek hitzaldi bat eman nahi baldin badu bere irakurketaz, gaia edozein dela ere, hori komunikazio bat litzateke; bestalde, hirukote bat juntatuko balitz gai baten inguruko ordu eta erdiko mahai inguru bat antolatzeko, demagun, horrek aukera emango luke sinposio baterako», zehaztu du Azurmendik.

Aztergaien zerrenda ere iragarri dute: kultura, nazioa, estatua; gizaberea; gogoeta etikoak; pentsamendu soziala; kooperatibismoa; hizkuntza eta pentsamendua; zientzia eta medikuntza; adimen artifiziala; literatura eta arteak; ingurugiroa; eta feminismoa. Batzuk jada landu zituzten aurreko kongresuan, baina ez guztiak. Feminismoa, adibidez: «Aurreko kongresuan presente egon zen, baina ez ildo moduan; eta orain Mikel Urdangarinen lanak [harena izan da Joxe Azurmedi Katedraren barruan egindako lehen doktore tesia] eta inguruak berak ireki du elkarrizketa bide bat». Eta adimen artifiziala:  «Nahiz eta berariaz berak hori ez landu, badauzka liburuak teknologiari buruzko gogoetekin, Teknikaren meditazioa [1998], esaterako; izan daiteke ideia horiek gaurkotzeko modu bat».

Urrutira joateko lanak

Azurmendiren esanetan, «ondo prestatu beharra dago» urrutira heldu nahi bada, eta Azurmendiri iruditzen zaio norabide horretan bide emankorra egin dela 2019tik hona: «Zazpi urte hauetan, jakintza eta ezagutza irabazi dugu 56ko belaunaldiak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan jarri zituen oinarrien gainean». Gogorarazi du belaunaldi hark proposatu zuen eztabaida esparrua zenbait hautuk zedarritu zutela —«euskal kulturgintza sustatzeak, nazioartearekin elkarrizketan arituta baina modu kokatu batean, euskarari lehentasuna emanez, eta genealogia propio batetik aritzeko azpiegiturak bilatuz»—, eta gaurko erronkei heltzeko aukera ugari ikusten ditu haien lanean. «Askotan aipatzen ari gara euskalgintzak eta euskal kulturak jauzi bat behar dutela, 60ko hamarkadako pultsioari eman zitzaion forma jakin batek bereak eman dituela; eta iruditzen zait balizko jauzi horretarako aurrera begira pertinentea dela belaunaldi horren oinarriak bisitatzea eta ikustea zer den baliagarria eta zer ez erabat».

Loturak ikusten ditu egunerokoan. Duela aste batzuk BERRIAko elkarrizketan Hedoi Etxarte idazleak utzitako goiburuan, adibidez. «Euskal irakurle kultua erbesteratuta bizi dela esaten zuen, eta hauen hipotesia zen hori: euskal irakurle kultua hezi behar zela euskaraz. Klasikoen Jakin irakurgaiak bilduma hori zen, eta aurreragoko Eskafandra ere hipotesi bera zen. Gaur egun nola daude pentsamenduaren arloan klasikoak euskaraz emateko proiektuak? Seguruena, pobrexeago. Gogoeta horiek plazaratzeko lekua ere izan nahi du kongresuak».

«Gaur egun nola daude pentsamenduaren arloan klasikoak euskaraz emateko proiektuak? Seguruena, pobrexeago. Gogoeta horiek plazaratzeko lekua ere izan nahi du kongresuak»

HARITZ AZURMENDI Jakin-eko kidea

Halako kongresu bat antolatzea «lan handia» dela aitortu du Azurmendik, baina ez dabiltza bakarrik Jakin eta Joxe Azurmendi Katedra horretan. «Badago jendea laguntzeko prest agertu dena militantzia hutsez; eta badago instituzio multzo bat uste duena halako esparruak garrantzitsuak direla». Hala, UEUk, Agora filosofia elkarteak, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuko dute kongresua oraingoz.

Hemendik eta udara bitartean, joxeazurmendikatedra@ehu.eus helbidean jasoko dituzte proposamenak. 2.000 karaktere izan beharko dituzte gehienez, eta izenburua, aztergaia eta laburpena zehaztu. Batzorde batek aztertuko ditu gero, eta hiru eguneko egitarauan sartuko dituzte azkenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA