Inork abenduaren 20an Nafarroa Arenan izan nahi badu eta oraindik ez badu sarrerarik erosi, berandu dabil; jada ezin da eserlekurik lortu. Joan den asteazkenean bukatu ziren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko sarrerak; albistea kopuruetara ekarrita, 14.000 sarrera. Ia-ia bi hilabete dira azken saiorako, baina oraingo kulturak, sold out-arenak, horixe agintzen du: ahalik eta agudoen erosteko sarrerak. Jendeak hor egon behar badu, norberak ere hortxe egon behar duela. Ekainaren 17an jarri ziren salgai txapelketako sarrera guztiak, eta, gaur arte, finalaz gaindiko bortz saiotan izan da sold out-a: lehendabiziko faseko hiru saiotan —Lekeition (Bizkaia), Gotaine-Irabarnen (Zuberoa) eta Agurainen (Araba)—, eta finalaurrekoetako lehen hiruetan —Lekunberrin (Nafarroa), Eibarren (Gipuzkoa) eta Gernikan (Bizkaia). Hau da, orain arteko hamar saioetatik seietan. Beraz, bertso mundua ez dabil hain aparte: horra ere ailegatu da makroekitaldietako joera. Ala?
«Niretzat bertsolaritza eta txapelketa ez dira aretoak betetzea, edo kultura makroaren parte izatea; gehiago da pentsatzea makro izaera horren zentzua zein den gurean», esplikatu du Xabi Igoa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak. Eta arrazoia eman Ainhoa Urien lankideak: «Nondik egiten den txapelketa, eta noraino nahi dugun iritsi. Bide bat egin dute gaur honaino hel gaitezen, eta Nafarroa Arenan final bat egitea bide horren parte bat da, lorpen bat». Alegia, helburuetako bat, sarrerak bukatzea bainoago, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako final bat Iruñean egitea dela. «Horrek ematen dio zentzua gure jardunari eta bertsolaritzari berari», gehitu du Urienek. «Gure helburua beti izango da saio duinak sortzea eta lurralde guztira zabaltzea; beste gauza asko ere egin daitezke, baina ez dira gure lehentasuna».Â
Eta saio duin bat antolatzeak erran nahi du, hain zuzen ere, bertsolariaren erosotasuna eta segurtasuna bermatuta egonen direla. «Eta ez bertsolariena bakarrik, publikoaren erosotasuna eta segurtasuna ere lehenesten ditugu, eta hor baldintza pila bat bete behar dira, ez da edukiera kontua bakarrik», zehaztu du Urienek. «Hori da gure lana: bertso saio duin bat eskaintzea nola bertsolariari hala entzuleei, eta, behin hori lortuta, Euskal Herri osora iristea».Â
«Bertso saio batean ez ditugu sartuko beste batean baino bostehun lagun gehiago. Antzeko entzule kopurua jarriko dugu saio batean eta bestean, bertsolariek antzeko baldintzak izan ditzaten kantatzeko»
AINHOA URIEN Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldeko kidea
Finalaurrekoetako saioetako bakoitzekoen mila entzuleren bueltan ibili dira oraingoz, eta ez Urieni ez Igoari ez zaie iruditzen hain datu eskandalagarria denik. «Bertsolaritzan ohikoa da parametro horretan ibiltzea eta txapelketa garaian aretoak betetzea», erran du Igoak; eta aitortu du ez direla tematzen sarrerekin, ez direla ibiltzen etengabe horri begira, baina badakitela sarrera guztiak saltzea txapelketak ikusgaitasun handia duen seinale dela. Eremu bateko azpiegiturak mugatuak izaten dira maiz, eta biek esplikatu dute ez direla edukierari hertsiki begira aritzen saio bat non egin aukeratzerako orduan. «30 lagun sartzen diren areto batean sarrera guztiak saltzea ere sold out-a egitea da, baina distantzia batetik begiratzen bazaio horri eta erlatibizatzen bada, ez da hainbesterako».
Orekaren izenean
Bertso saio duinak antolatzeak, bide batez, eskatzen du ez dadila alde handirik egon saio batetik bertzera. Urien: «Bertso saio batean ez ditugu sartuko beste batean baino bostehun lagun gehiago. Antzeko entzule kopurua jarriko dugu saio batean eta bestean, bertsolariek antzeko baldintzak izan ditzaten kantatzeko». Hor ere, beraz, sarrerek ez dute aparteko zer erranik. Eta zilegi da saio bat lekuz aldatzea salmenta handia baldin bada? «Zilegi da», erantzun du Urienek. «Baina guri ez litzaiguke okurrituko halakorik egitea; ez, behintzat, horrek saioen arteko desoreka bat ekarriko badu».Â
Hori baita oreka Bertsozale Elkartearentzat: lehentasuna bertsolariek izatea, denek baldintza beretan kantatzea, eta bertsoa euskara dagoen lekuetan egotea. «Ahalik eta jende gehien bildu nahiko bagenu eta sold out historiko bat egin, San Mamesen egingo genuke finala, ulertzen? Baina ez dugu nahi», erran du Igoak. Nahiago dute Iruñeko Nafarroa Arenan egin, sarrera gutxiago saldu arren karga politiko handia baitu erabakiak, «eta askoz ere zentzu handiagoa». Kalitatezko bertsogintza sustatzen du Bertsozale Elkarteak, eta ez dute utziko makroekitaldien kultural irents ditzan. Azpiegitura erraldoiak dauzkaten eraikin gutxi batzuk bertzerik ez daude Euskal Herrian, baina hori ez dute muga gisa ikusten, baizik eta aukera gisa. «Jendeak bertsolaritza eskatu du, eta gu erantzuten ari gara, baina jakinaren gainean zergatik eta zertarako ari garen hori guztia egiten», azaldu du Urienek.Â
«Ahalik eta jende gehien bildu nahiko bagenu eta sold out historiko bat egin, San Mamesen egingo genuke finala, ulertzen? Baina ez dugu nahi»
XABI IGOA Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea
Jendea hor zegoela lehendik, horixe azpimarratu du Urienek. Donostiako Belodromoan jokatutako bortz finalak jarri ditu adibidetzat, ikusarazteko garai hartan ere bazegoela masa bat txapelketaren eta bertsogintzaren bueltan, eta orain haiek bertsolaritzari ahal den lekurik duinena ematen saiatu direla, finean. «Ez dugu ezer hutsetik sortu jendea erakartzeko; ez gara gu joan jendearen bila. Bertsozaleak hor zeuden, eta, besteak beste, txapelketatik kanpo dauden plazek eragin dute geroz eta masa handiagoa izatea bertsozaleena. Gero, horren isla bat da txapelketa, baina ez eragilea».
Edonola ere, biek ala biek aitortu dute harrotasuna pizten diela areto bete jende ikusteak, eta sumatzeak baietz, bertsolaritzak, funtzionatzeaz gain, ekarpen bat egiten diola euskal komunitateari. Nahi gabe alaitu zaio soa Urieni: «Ikaragarria da abenduaren 21ean egunkaria hartzea eta ikustea azala bertsolaritzak hartu duela. Esan ahal izatea Nafarroa Arena euskara hutsezko ekitaldi batek bete duela, eta, gainera, ekitaldi hori egun osokoa izan dela».