Euskal musikan Hautsak harroturik daude Eusko Jaurlaritzak ETS talde arabarrari 300.000 euroko diru laguntza eman zionetik Madrilen eta Bartzelonan kontzertuak egiteko. Jaurlaritzak bere erabakiaren alde egin du ordutik, «gardentasun osoz» jokatu dutela azpimarratuta. Gaur ere bide horretatik jo du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuak: «Prozesu denak gardentasunez, publikoki eta legeak ezartzen duenaren arabera egiten ditugu».
Ikusi gehiago
Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenak, Sumarreko Jon Hernandez legebiltzarkidearen galdera bati erantzunez. Hernandezek gogora ekarri dio Bengoetxeari hamaika euskal musikarik egindako salaketa, eta zalantzan jarri du diru laguntzak banatzeko orduan «ekitaterik» ba ote den. Are gehiago, adierazi du arriskua dagoela horrelako diru laguntzek «ezkutuko diskrezionalitate» guneei bide emateko, eta eskatu du ez dadila halakorik sortu.
Kultura sailburuak bere burua defendatu du, eta nabarmendu «legean ezarritakoaren arabera» eman zitzaiola diru hori musika taldeari. «Kulturaren, gizartearen edota interes publikoaren aldeko arrazoiak daudenean ematen dira salbuespenezko diru laguntza horiek», azaldu du sailburuak; haren ustez, ETSren kontzertuek bat egiten zuten irizpide horrekin.
Izan ere, Bengoetxeak esan duenaren arabera, talde arabarra «hainbeste jende mobilizatu eta hunkitzeko» gai bada «euskara eta euskal kultura lau haizeetara zabalduz», erakundeen «betebeharra» da hori sustatzea. «[ETS] Lagundu izanak ez dio inori baliabide ekonomikorik kendu».
Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak ahalegina egin du musikako zenbait sektoreren kritikak haizatzeko: «Arrakasta ez da zigortu behar: haren bidelagun izan behar da».
Hainbatek jarri dituzte zalantzan Jaurlaritzaren diru laguntzak. Fermin Muguruzak, esaterako, Musika Bulegoaren sarietan hitz egin zuen aferaren inguruan; ez da bakarra izan, ordea. Denok Gara Kultura kolektiboak sinatutako ohar baten bidez, 126 musikari, ekoizle eta musikazalek gaitzetsi egin zuten Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak emateko duen era. Haien hitzetan, prozesu horietan ez dago «aukera berdintasunik».