Joan den urteko uztailaren 1ean zendu zen Joxe Azurmendi, eta, urtemuga horren karietara, haren omenezko ekitaldia egingo dute larunbatean, Zegaman (Gipuzkoa), pentsalariaren jaioterrian. Ekitaldiak bi zati izango ditu. Lehendabizi, Azurmendiren ekarpenaren inguruko jardunaldia egingo dute, eta, ondoren, omenaldi ekitaldia izango da.
Goizeko hamarretan hasiko da Azurmendiren lana aztertzeko jardunaldia, Gaztelekuan. Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi katedrako zuzendariak hartuko du hitza lehendabizi, eta katedraren bilakaera, oinarriak eta egitasmoak aletuko ditu.
Ondoren, Azurmendiren ekarpenaz arituko dira Alaitz Aizpuru Joaristi, Iratxe Retolaza Gutierrez eta Mikel Urdangarin Irastorza, Haritz Azurmendi Arruek gidatuta. Aizpuru Filosofiako lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Azurmendiren eta Txillardegiren ekarpena eta gerraosteko euskal abertzaletasuna ikertu ditu. Gai horien inguruko hainbat artikulu eta lan egin ditu, eta, besteak beste, Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuan parte hartu zuen 2019. urtean, Azurmendi, historia-memoria gaur eta hemen hitzaldia eginez.
Erlazionatuta
Retolaza Euskal Filologiako lizentziaduna da, baita literatur kritikari eta ikertzailea ere. Azurmendik bere obran jorratutako ideia eta ardatzak landu izan ditu Retolazak, eta pentsalariaren irakurle izan da urte luzez. Jakin aldizkariaren 269-270. zenbakian parte hartu zuen —Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi izenekoan—, Pentsamendu bitarraz beste artikuluarekin.
Urdangarin, berriz, Filosofiako graduduna da EHUn, eta doktorea ere bai, tesia Joxe Azurmendi katedran eginda. Haren ikerketa lerro nagusia subjektu ereduak dira, eta buruaskitasuna, zaurgarritasuna eta independentzia landu ditu, besteak beste. Zehazki, Azurmendiren gizabere kooperatiboa eta feminismoetatik mahaigaineratutako subjektu eredu zaurgarri eta interdependentea konparatzen ari da, indibiduo buruaskiari kritika egin eta komunean den subjektua marrazteko. Besteak beste, Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoarekin elkarrizketan liburua argitaratu zuen 2024an.
Azurmendiren ekarpenari buruzko hitzaldien ostean, omenaldia egingo diote idazle eta filosofoari. Bertan parte hartuko dute Zegamako abesbatzak eta dantzariek, eta bertso musikatuak ere izango dira. 12:30ean izango da ekitaldia, udaletxe alboko plazan.
Joxe Azurmendiren obra osoa modu eskuragarrian dago Jakinek euskal pentsamenduaren digitalizazioari eskainitako atalean.