Donostiako Zinemaldian aurreneko aldiz irabazi du aktore onenaren Zilarrezko Maskorra euskaraz aritutako aktore batek, Jose Ramon Soroiz Pinpix-ek. Zazpi hamarraldi behar izan ditu gure zinema ospakizun handienak euskarazko ahots bat saritzeko, eta munduari gure talentuaren berri emateko. Zerbait ari da gertatzen euskal zineman, nabarmena da, eta Donostiako Zinemaldiak ondo kanalizatu du iraultza hau aurten. Soroizek berak atzo saria jasotzean aitortu zuen, Bixenteren papera jokatzen ari zenean, bere buruari kuraia emateko, esaten omen zuela: «Ezin duk atzera egin, protagonista haiz!».
Hark bezala, euskarazko zinemak ezin du atzera pausorik egin, eta aurten bai, osasun handiko sintomak eman ditu. Ez Maspalomas-engatik bakarrik, baita ere beste euskarazko film ugari ederri esker: Irati Gorostidiren Aro berria-gatik, Sara Fantovaren Jone, batzuetan-engatik, edota Oier Plaza gernikarraren Popel film bikainagatik, adibidez. Hiru izen txiki dira oraindik, denborarekin handituko direnak.
Film onenaren Urrezko Maskorrak ez du inor harritu, eta mundu guztia poztu duela esango nuke. Ez dugu erraz ahaztuko film honen amaieran entzuten den «Zugatik otoitz egingo dut» esaldia. Kolpe gogor eta gogoangarri bat da, potentzia ezohikoa duena, zinema ulertzeko manera baten isla eskaintzen diguna. Bai, oso ona da Los domingos filma, eta oso ona da Alauda Ruiz de Azua.
Beste gauza bat da ea zinema hau guretzako zer ote den zehazki, euskaldun eta euskaltzale garen aldetik. Zinez asetzen ote dituen gure (goi) asmoak. Aurtengo Zinemaldiko unerik ederrena Jose Ramon Soroiz eta Kandido Uranga ohean goilaratxoarena eginez ikustea izan dela esan nuen hemen lehengoan. Ez zen irudia bakarrik. Esanahi historiko bat zeukan eszenak, estetikoa ez ezik, morala, politikoa eta ideologikoa.
Gainerako palmaresari buruz ez daukat aparteko ezer esateko. Beti bezala, sari egokiak egon dira, eta beste batzuk ezegokiak. Nork bere iritzia dauka, eta ezin da horren kontra ezer egin. Poztu nau Jose Luis Guerini eman dioten sariak, film dokumental ederra da Historias del buen valle. Eta poztu nau baita ere senarra (pantailan ez ezik, bizitza errealean) hil zuen Zhao Xiaohong txinatarrari eman dioten sariak ere: bai, erredentzioa posible da.