‘Linguae Vasconum Primitiae’-k eta Bonnat Helleu museoak kultur arloa harrotu dute

Euskarazko liburu zaharrena Baionara heldu zen urrian. Euskal Herrian geldi dadin galdegin dute Euskal Konfederazioak, Euskalgintzaren Kontseiluak eta EHEk. Bertzalde, Bonnat Helleu museo berrituaren estreinaldiak ere markatu du larrazkena.

Bernart Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' liburua, Baionako Euskal Museoan. PATXI BELTZAIZ
Bernart Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' liburua, Baionako Euskal Museoan. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larrazkenean arribatu da Baionako Euskal Museora Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua. Urriaren 11n egin zuten aurkezpen prentsaurrekoa, eta urtarrilaren 11ra artio ikusgai izanen da euskaraz idatzi liburu zaharrena. François Morpainek inprimatu zuen Bordelen, (Okzitania) eta Luis Borboikoak erosi zuen alea bertzerik ez da gelditzen.

Euskal museoko berinan irekirik ageri da liburua, eta ez zaio estalkia ageri. Alta, estalkiak kontatzen du egun artio heldu den liburuaren ibilbidea: aratxe larruz egina da, puntzoi batekin markaturiko laukia du gainean, zilarrez eta urrez koloreztaturik, zitori bana izkinetan. Elementu garrantzitsuena ezin bazterrera utzi: Luis Borboikoaren armarria du lauki horren erdian. 28 orri ditu orotara, eta horietakoren batean agertzen da Kontrapas olerkia. Prosaz idatzi aitzinsolasetik landa, debozio olerkiak sartu zizkion obrari Etxeparek, eta maitasun profanoei buruzkoak ondotik, Emazteen fabore, bertzeak bertze; bertsoak ere badira Nafarroako Erregearen aginduz presondegiratu izan zenekoa kontatzen dutenak. Azkenik heldu dira Kontrapas eta Sautrela, liburuko testurik adierazgarrienak.

Hautsak harrotu ditu Etxepareren liburua Parisen, Frantziako Liburutegi Nazionalean kontserbatua izateak. Azaroaren 17an, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak eskatu zuten politika publikoak eta baliabideak jartzeko euskarazko liburu zaharrenaren etorkizuna Euskal Herrian bermatzeko. «Euskararentzat eta euskal herriarentzat garrantzi handia duen liburu hori euskal herritarren esku ezarria izan dadila eta Euskal Herrian egon dadila eskatzen dugu», erran zuten Idurre Eskisabelek eta Gorka Torrek, euskalgintzaren izenean. Bide batez, abenduaren 27an Bilbon eginen den euskararen «pizkunde berrirako» ekitaldian parte hartzera deitu zuten.

«Euskararentzat eta euskal herriarentzat garrantzi handia duen liburu hori euskal herritarren esku ezarria izan dadila eta Euskal Herrian egon dadila eskatzen dugu»

IDURRE ESKISABEL ETA GORKA TORRE Euskaltzaleak

Berrikiago, berriz, abenduaren 3an, Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek eserialdia egin zuten Etxepareren obra erakutsia den gelan, Euskal Museoan. Erantzun bat jaso arte gelditu ziren museoan, eta, azkenean, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Yves Ugalde Kultura axuanta hurbildu zitzaizkien, eta hitzeman zieten hamar eguneko epean Euskalgintzarekin bilduko zirela Linguae Vasconum Primitiae Euskal Herrian atxikitzeko aukerez mintzatzeko.

Bonnat Helleu berritua

Euskarazko libururik zaharrena ikusgai dagoen tokitik metro gutitara Bonnat Helleu museoa dago. Azaroaren 26an estreinatu zuten hamalau urtez hetsi ondoan. Obren kalitate «paregabea» azpimarratu zuen Barthelemy Etxegoien Glama museoko zuzendariak. Bertzeak bertze, Goya, Da Vinci eta Michelangeloren obrak ikus daitezke museo berrituan, eta, gainera, Europako marrazki bilduma «ederrenetarikoa» du museoak. Orotara 7.000 obra inguru dituzte Baionan, eta horietarik 3.000 marrazkiak dira.

Museoko gela nagusitik arras hurbil Antzinatetik Erdi Arora bitarteko gorputz errepresentazioak nonahi ageri dira. Lehen estaian, berriz, XVII. mendeko obra batzuk ikus daitezke, eta, pixkanaka, bigarren estaia pasaturik, XIX. mendeko zenbait tindu lanak ageri dira; adibidez, Jean Dominique Ingresen Bainu hartzailea —museoko obra enblematikoa—.

Bonnat Helleu museoaren estreinaldia, gaur, Baionan. NAHIA GARAT
Bonnat Helleu museoaren estreinaldia, azaroaren 26an, Baionan. NAHIA GARAT

Irekiera dotore eta ikusgarria egin zuten, baina Baionako Herriko Etxeko oposizioko hautetsiek agiri bidez ohartarazi zuten Bonnat Helleu museoaren zaharberritzea «gorabeheratsua» izan dela. Kostu «gehigarriak» izan du obra orokorrak, eta, gainera, zehaztu dute heldu den urteko aitzinkontuari doakionez ez dutela funtzionamenduari buruzko aurreikuspen «argirik» ukan. Beraz, herriko etxeko aitzinkontuetan museoak izan dezakeen eragina «gardentasunez» aztertzea galdegin dio gehiengoari. Bertzalde, museoko langileen kudeaketa zaintzea galdegin dute, azken urte eta hilabeteetan lan oren «anitz», eta egokitzapen «handiak» egin dituztelako. Azkenik, eskatu dute museoak «egiazko» esku hartze kulturala egin dezala kultura arlotik urrun dagoen publikoari harrera egiteko, museoaren erakargarritasuna ez dadin mugatu lehen hilabeteetan eskaintzen diren doako sarreratara bakarrik.

Euskal kultur erakundea, kinka txarrean

EKEk uztailaren 16an jakin zuen Frantziako Estatuak 30.000 euroko diru laguntza moztuko ziola. Buruilaren 13an Administrazio Kontseilua deitu zuen EKEko Kultur Eragileen Batzordeak, Frantziako Estatuarekin murrizketaz eztabaidatzeko, baina ez zen agertu. Egun horretan hirurehun pertsona inguru bildu ziren Uztaritzen (Lapurdi), EKEren egoitzaren aitzinean, diru murrizketa salatzeko. Mobilizazio artistikoan laurogei elkartek eta hainbat boluntariok parte hartu zuten. Heldu den urtean Frantziako Gobernuak diru mozketa berretsiko balu, epe laburrean lanpostu bat zalantzan litzateke, edo hogei elkarteren diru laguntzak lanjerean lirateke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.