Pradales, Urdaibaiko Guggenheimen proiektuaz: «Ikasgai bat izan da etorkizunari begira»

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ontzat jo du patronatukideek egitasmoa baztertzeko hartutako erabakia, eta entzute prozesua «gobernantza demokratikoaren» adierazlea dela esan du. Haren ustez, Guggenheim museoan «aro berri bat» hasiko da orain.

Pradales hizketan, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean, eta Otxandiano entzuten. RAUL BOGAJO / FOKU
Pradales hizketan, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean, eta Otxandiano entzuten. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2025eko abenduaren 19a
11:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan, «erabaki egokia» izan zen Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaren inguruan azterketa bat hastea, eta erabaki egokia izan da, halaber, analisia ixtea, bideragarritasunik ez zuelako. Guggenheim museoa Urdaibain (Bizkaia) handitzeko egitasmoa bertan behera geratu eta hiru egunera izan du museoko patronatukideek hartutako erabakia. Lehendakariak ontzat eman du patronatukideek atzera egin eta egitasmoa baztertzeko erabakia «aho batez» hartu izana. Hori egiteko eman dituzten arrazoiak ere begi onez hartu ditu Pradalesek, eta bat egin du proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko azken urteetan egindako urratsekin: «Ikasgai bat izan da gu guztiontzat, eta etorkizunari begira baliagarria izango zaigu», erantsi du.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan esan ditu hitzok Pradalesek, EAJk eta EH Bilduk egindako galderei erantzunez. Zehazki, Irune Zuluaga jeltzaleak Guggenheim museoaren plan estrategikoaz egin dio itauna lehendakariari, eta Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkideak Urdaibaiko Guggenheim museoaren etorkizunaz galdetu dio. Bi galderei erantzuterakoan izan du ahotan lehendakariak Urdaibaiko proiektua atzera botatzeko erabakia.

Pradalesek tonua gogortu du Otxandianori erantzun dioenean, eta EH Bilduri aurpegiratu dio «garaileei eta garaituei» buruz hitz egin izana, Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera utzi eta gero. Gogoratu dio egitasmoaren bideragarritasunik ezaz «argudio guztiak» eman direla: «Bi urtez bideragarritasun azterketa bat egin da, eta gai tekniko, juridiko, urbanistiko eta ingurumeneko guztiak aztertu dira, eta, gainera, oraindik amaitu ez den entzute prozesu bat jarri zen abian».

Horrez gain, «oso larritzat» jo du EH Bilduk esatea Jaurlaritzak «gobernantza bertikalista» aplikatzen duela: «Eusko Jaurlaritzak gobernantza demokratikoa aplikatzen du, besteak beste zilegitasun soziala dugulako eta egunero erabakiak hartu behar izateko erantzukizuna dugulako». Urdaibaiko museoari buruzko prozesu hori dena «zilegitasun demokratikoz» egin dela erantsi du.

«Geldirik geratzea ez da aukera bat: aurrerapauso bat eman behar da, eta asmatu»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Pradalesek deitoratu egin du EH Bilduk Urdaibaiko proiektua «burutaziotzat» jo izana, eta gogorarazi dio duela 28 urte ere ezker abertzalea Guggenheim museoaren aurka agertu zela. «28 urte igaro dira, eta gaur egun oraindik ez dizuegu entzun esaten Guggenheim arrakastatsua eta herri honetarako onuragarria izan dela», esan dio Otxandianori.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, bestalde, patronatukideen erabakia «zuzena» izan da, eta etorkizuneko herrigintzarako «ikasgai ugari» utzi ditu. Otxandianoren iritziz, entzute prozesua «heldutasun ariketa demokratikoa» izan da, eta eredu izan daiteke bestelako erabakiak hartzeko ere, hala nola trantsizio energetikoari edo klima larrialdiari buruzko herri itunak lortzeko. «Urdaibaikoa ez dadila salbuespena izan», azpimarratu du.

Museoaren onurak

Urdaibain museo bat irekitzeko aukera baztertuta «aro berri bat» hasi dela nabarmendu du Pradalesek, eta Guggenheimen «arimari» eusteko eskatu. Hala, Guggenheim museoaren «etengabeko bilakaera ausarta eta berritzailea» nabarmendu du, eta bide beretik jarraitzearen alde egin: «Geldirik geratzea ez da aukera bat: aurrerapauso bat eman behar da, eta asmatu».

Museoaren «arrakasta» goraipatu du lehendakariak, urte hauetan guztietan izan duen inpaktu ekonomiko eta soziala gogora ekarriz. Zenbait datu eman ditu hori erakusteko: 28 milioi bisitari baino gehiago izan dituela eta 8.300 milioi euroko inpaktu ekonomiko metatua izan duela, 6.500 lanpostu sortu dituela eta 1.287 milioiko ekarpena egin diela ogasunei. Eta hori guztia, azpimarratu du,150 milioiko inbertsioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.