Bertsolaritza

Txapel bakarra baitute bururatzeko zain

Bihar jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilboko Casilla aretoan. Arantza Plazak jantziko dio txapela irabazleari. Finaleko zortzikoteak eskarmentua du lehiaren azken helmugan; Txaber Altube da finalista berri bakarra.

Xabat Galletebeitia, 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantuan.
Xabat Galletebeitia, 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko abenduaren 19a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bideari lotu zitzaionetik 84 egun bete diren honetan ailegatuko da helmugara Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta bertan esanen du agur, atsedenera erretiratzeko, baina lanak eginda ordurako: txapel bat bururen batean utzita. Bihar jokatuko da txapelketako finala, 17:00etan, Bilboko Casillan, eta, azaroaren 22ko Markina-Xemeingo saioan aritutako bertsolarien puntuazioak aditzera eman zirenez geroztik jakina denez, hauek ariko dira lehian: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Eta txapel bakarra, zain-zain.

Eta txapelak Arantza Plaza Zamoraren eskuetan eginen du bidea irabazlearen bururaino. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bertsolaritza irakaslea izandakoa da Plaza —2022an hartu zuen erretiroa—, eta, irakaskuntzan ez ezik, bertsolaritzari loturiko dokumentazio lanetan eginiko ekarpena ere aitortu diote elkarteko kideek, bai eta oro har bertsolaritzaren transmisiorako eginiko ahalegina ere. 

Aurtengo zortzi finalistetatik, Altube da finalik artean bizi izan ez duen bakarra. Laugarren aldia du txapelketan, eta, hain zuzen, finalaurrekoen bigarren itzuliko azken saioa irabazita erdietsi zuen Casillarako txartela. Kontrastean, Altubek oholtzakide izanen dituen zazpi bertsolarien artean Enbeita da final gehien jokatu duena: hamargarrena du. Kopuruari dagokionez, Uria da hurrengoa errenkadan, zortzigarrenez arituko baita txapela bururatzeko lehian; Galletebeitiak seigarrena izanen du aurtengoa, eta bai Bizkarrak, bai Etxebarriazarragak, bai Bartrak eta bai Pagonabarragak hirugarrenez kantatuko dute final batean. 

Maiatzaren hondarrean Udabarria Bertsotan izeneko sailkapen fasea osatu —finaleko zortzikoteko bakar batek ere ez zuen parte hartu horretan—, eta, udan etenaldia egin ondoan, irailean abiatu zuten Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Urdulizen. Lehenbiziko hori aintzat hartuta, hamar saiotan gertatutakoek definitu dute finalisten zerrenda. Egiturari dagokionez, berezitasun bat ere izan du aurtengo aldiak 2023koaren aldean: finalaurrekoen faseak bi itzuli izan ditu —hiru saio egin ziren lehenbiziko bueltan, eta bi bigarrenean—. Bertsozale Elkarteko kideek aurkezpenean nabarmendu gisara, bertsolariei ariketa diferente gehiago egiteko aukera emateko eta, bide batez, publikoarentzat are eta gozagarriagoa izanen zelakoan hartu zuten erabakia. Hain zuzen, finalaren aurkezpenean, txapelketak hasiera-hasieratik izan duen harrera beroa nabarmendu zuten antolatzaileek. Biharko errematea baizik ez dute falta hori are eta gehiago berresteko, baina, edonola ere, sarreren salmentak hori dio aspaldi samar: abenduaren 10erako, Casillan kabitzen diren 4.500 eserlekuetako 4.000 inguru salduta zeuden.

Finala bete lan

Txapela nork jantziko duen jakiteko egarriz soilik ez, finalistak solte eta trebe sumatzeko gogoz ere izanen dira zaleak seguruenera. Eta hala agertzeko desioz bertsolariak. Haiek, aurrena, bosna ariketa egin beharko dituzte. Hiruna bertso egin beharko dituzte ofiziotan, zortziko nagusian. Hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian. Bakarkako lanetan ariko dira gero, eta, puntua emanda, hiru bertso osatu beharko dituzte zortziko txikian. Hiru bertso kantatuko dituzte gero ofiziotan, hamarreko txikian, eta, azkenik, atzera ere bakarka ariko dira kantuan: gaia emanda, hiru bertso kantatu beharko dituzte, doinu eta neurri librean.

Horiek guztiak egin, eta puntuaziorik hoberena erdiesten duten bi bertsolariak sailkatuko dira buruz bururako. Eta hiru lan izango dituzte fase horretan. Lehenik, launa bertso kantatuko dituzte ofiziotan, zortziko txikian. Bigarrenik, hiruna bertso ofiziotan, sei puntuko motzean. Eta hirugarrenik, ganbarakoa izanen dute: gaia emanda, hiruna bertso osatu beharko dituzte doinu eta neurri librean. Idoia Anzorandia Kareaga eta Igor Menika Bengonetxea izanen dira gai jartzaile saio osoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.