Arabako ardoa, mundu osoko ekoizleen ahotan

Eda Drinks & Wine proiektuaren barruan, Wine Shapers izeneko kongresua bultzatu dute erakundeek, mundu osoko ardo ekoizleek Arabako ardoa dastatu dezaten. Martxoaren 5etik 7ra egingo da kongresua, eta barne hartuko ditu herritarrei irekitako afariak.

Nazioarteko kongresuan parte hartuko duten ekoizleetako batzuk, agintariekin batera, Whine Shapers kongresuaren aurkezpenean, Gasteizen. EUSKO JAURLARITZA
Nazioarteko kongresuan parte hartuko duten ekoizleetako batzuk, agintariekin batera, Whine Shapers kongresuaren aurkezpenean, Gasteizen. EUSKO JAURLARITZA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 26a
12:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela gutxi hasi zituzten Eda Drinks & Wine campusaren bi egoitzak eraikitzeko lanak. Erakundeen bultzada indartsua du Basque Culinary Centerrek diseinaturiko proiektu horrek. Araban ardoaren sektoreko goi mailako formakuntzarako campusa sortzea du helburu, eta campus horrek egoitza bat izango du Guardian eta beste bat Gasteizen. Eraikitze lanak hasierako fasean daude oraindik, baina obren inaugurazio ekitaldietan agintariek azpimarratu zuten Eda «jada martxan» dagoela, eta egitasmoarekin loturiko «hainbat jarduera eta proiektu» abiatuak dituztela. Bada, hain zuzen, gaur aurkeztu da jendaurrean proiektu horietako lehena: Wine Shapers kongresua. «Ardoaren profesionalen belaunaldi berria ikusaraztea, konektatzea eta indartzea» izango du helburu martxoaren 5etik 7ra egingo duten nazioarteko kongresuak, eta nazioarteko berrehun ekoizle gazte bilduko ditu.

International Young Talent Summit (Nazioarteko Talentu Gaztearen Gailurra) ingelesezko lelo anbiziotsuarekin aurkeztu dute kongresua gaur, Gasteizen. Ekitaldian izan dira Amaia Barredo Elikadurako, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Arrantzako sailburua; Noemi Agirre Nekazaritzako foru diputatua, eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria. Sailburuak azaldu duenez, kongresuak hiru ardatz izango ditu. Kongresua bera izango da horietako lehenengoa: martxoaren 5ean, hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira, eta berrogei herrialdetako ia berrehun ekoizle eta adituk parte hartuko dute. Besteak beste, «mahastizaintza birsortzailea, ardogileen belaunaldi berriak bultzatutako berrikuntza eta enoturismoaren eraldaketa» hartuko dituzte hizpide. Parte hartzaileen artean, Europako, Amerikako, Asiako eta Ozeaniako ekoizleak egongo dira. Hitzaldien ostean, Arabako hamar ekoizle gazteren ardoak dastatu ahal izango dituzte eskainiko zaien bazkarian. «Arabako ardoen kalitatea munduari erakusteko aukera paregabea» izango da, sailburuaren hitzetan.

Ibilbideak eta afariak

Kongresuaren beste bi ardatzak «esperientzian» oinarrituta egongo dira. Izan ere, martxoaren 6an, bost ibilaldi enologiko egingo dituzte, kongresuko parte hartzaileek hogei upategi bisitatu ditzaten. Zehazki, Getarian (Gipuzkoa), Bastidan, Samaniegon, Eskuernagan eta Guardian (Araba) egingo dira bisitak, eta, Barredo sailburuak azaldu duenez, ez dira «bisita turistiko hutsak» izango, nazioarteko ekoizle gazteei bertako «ardogintzaren ekoizpen eredua» erakusteko aukerak baizik: «kalitatea, bereizgarritasuna eta lurraldearekiko errotzea» dira ereduaren oinarriak, sailburuaren hitzetan. Izan ere, eredu hori eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ardogintza sektorea nazioartean ezagutaraztea da kongresuaren helburu nagusia. Arabako ardoak dastatzeko eta upategiak ezagutzeko aukera izango duten ekoizleen artean daude Federica Boffa (Pio Cesare, Italia), Santi del Popolo (Per Se, Argentina), Paloma Seneclauze (Chateau Marquis de Terme, Frantzia), Roc Gramona (Gramona, Penedes) eta Manu Michelini (Michelini & Muffato eta Dominio del Challao, Argentina eta Espainia), denak ere ekoizle entzutetsuak.

Kongresuaren hirugarren eta azken ardatza eskuragarri egongo da herritarrentzat. Izan ere, ArabaK0 kolektiboak «esperientzia gastronomikoak» antolatuko ditu martxoaren 7an, larunbatean, kongresuaren azken egunarekin bat eginez. Antolatzaileek azaldu dutenez, sukaldari eta ardogileek afariak diseinatuko dituzte elkarlanean, «produktuaren, lurraldearen eta kulturen arteko elkarrizketa» pizten duten otorduak prestatzeko. Emaitzak Gasteizko Kromatiko eta Kea jatetxeetan dastatu ahalko dira, eta edozeinek parte hartu ahalko du, 75 euro ordainduta. Hortaz, nazioarteko ekoizleak ez dira izango Arabako ardorik onenak dastatzeko beta izango duten bakarrak, Whine Shapers kongresuaren bitartez Arabako ardoak hala bertakoen nola kanpokoen ahotan jarri nahi izan baitituzte antolatzaileek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.