LABek eta ESK-k barkamena eskatzea exijitu diote Artolazabali Gasteizko lorezainen afera dela-eta

Irailaren 10ean Olarizuko eguna ospatzeko beste enpresa bat kontratatu zuen udalak, eta lorezainek Lan Ikuskaritzara jo dute. Atzo erakundeak arrazoia eman zien. Sei hilabete egin zituzten greban.

ESKren eta LABen agerraldia, gaur goizean, Gasteizen. ESK
ESKren eta LABen agerraldia, gaur goizean, Gasteizen. ESK
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko azaroaren 14a
12:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enviser enpresako Gasteizko lorezainek martxoan hasi zuten greba, eta urriaren 7an amaitu. Greba amaitu zen, baina sasiak sutan dirau: Lan Ikuskaritzak arrazoia eman die lorezainei. Izan ere, irailaren 10a egun seinalatua da Gasteizen: Olarizuko erromeria eguna. Eta festa hori Olarizuko zelaietan egiten da. Lorezainak greban zeudenez, Gasteizko Udalak beste enpresa bat kontratatu zuen zelaiak txukuntzeko, ospakizuneko «segurtasuna bermatze aldera». Enviser azpikontratako langileek salatu zuten ekintza hori legea urratzea zela, «grebalariak ordezkatzea» zekarrelako. Lan Ikuskaritzara jo zuten auzi hori zela-eta, eta atzo arrazoia eman zien.

Irailaren 10eko gertakariak zeresan handia eman zuen Arabako hiriburuan. Sindikatuek zabaldu zuten bideo batean traktore bat ikus zitekeen belarra mozten, eta haren aldamenean udaltzaingoa zaindari lanetan. Udalak hartutako erabakiaren ostean, Gasteizko Udaleko alkateorde eta Espazio Publikoaren arduradun Beatriz Artolazabalek salatu zuen mehatxuak jasan zituela lorezainen partetik. Ustez Olarizuko belarra zanpatu zuen traktorearen jabea zenaren etxean ere pintaketak agertu ziren. Nekazari familia horrek berehala gezurtatu zuen traktorea eurena izatea, eta babes osoa adierazi zieten grebalariei.

Traktorea Olarizuko belardian
Olarizuko erromeriaren bezperetan traktore bat belardia zapaltzen, eta udaltzaina alboan. EFE

Langileek Lan Ikuskaritzan egin zuten salaketak atzo jaso zuen erantzuna: Gasteizko Udalak langileen eskubideak urratu zituen. ESK eta LAB sindikatuek adierazi dute Olarizuko gertaera larriak eta ezarri zizkieten zerbitzu minimo bidegabeek agerian uzten dutela Artolazabalek zuzentzen duen sailaren «ezintasun politikoa eta arduragabekeria». Esan dutenez, legearen arabera, Olarizuko gertakariak 7.501 eta 225.018 euro bitarteko zigorra ekar diezaioke udalari. Bi sindikatuen arabera, jasotako ebazpenak agerian utzi du Gasteizko Udalak lorezainei eta herritarrei egindako «benetako mespretxua».

Lorezainak eta Artolazabal, parez pare

Gaurko agerraldian LABek eta ESK-k salatu dute Enviserrek inpunitatez jokatzen duela oraindik ere, eta duela aste batzuk «inolako justifikaziorik gabe» lankide bat kaleratu zutela. Horrekin batera, Artolazabali eskatu diote adierazpen publiko bat egin dezala, haren sailak egindako akats larria onartzeko, eta langileei eta herritarrei barkamena eskatzeko. Adierazi dutenez, hori egin ezean, «bere gaitasunik eza frogatuko luke, eta, ondorioz, kargua utzi» beharko luke. «Haren jarduera arduragabea garesti ateratzen zaie gasteiztar guztiei, eta, horregatik, ez luke beste minutu batez ere karguan jarraitu beharko».

Atzoko ebazpena jakin ostean, Artolazabalek erantzun zuen ez zela langileen eskubiderik urratu: «Guk agindutakoa ez zen Enviser enpresaren kontratuaren parte, eta horrexegatik diogu gure erabakia zuzena eta legala izan zela». Jarraian adierazi zuen errekurtsoa aurkezteko asmoa dutela, eta halaxe egin dute. Gaur bertan adierazi du Artolazabalek jada aurkeztu dutela errekurtsoa. Eta horri gehitu dio bera ere lorezainek barkamena eska diezaioten itxaroten ari dela, egindako jazarpenengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.