Lan Ikuskaritzak Gasteizko Udala zigortu du, lorezainen greba betean jazo zen Olarizuko aferan «arau hauste larria» egiteagatik. Sei hilabete egon ziren greba mugagabean Gasteizko lorezainak, Enviser azpikontratari baldintza hobeak eskatzen, aurreko urteko urrian akordioa lortu zuten arte. Greba horretan, gogor kritikatu zuten sindikatuek Gasteizko Udalaren jarrera, irailaren 10ean Olarizuko zelaietan jazo zen gertaeraren harira, batez ere. Izan ere, Olarizuko erromeria tradizionala ospatzekoa zenez, eta hango zelaietako belarrak, lorezainen greba zela eta, jaialdia egiteko haziegi zeudenez, Gasteizko Udalak beste enpresa bateko langileak kontratatu zituen, traktore batekin belarrak zapaltzeko. Lorezaintza zerbitzuaren arduradunak, Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek (EAJ), kritika ugari jaso zituen afera harengatik. Gaur jakin denez, pertsona horiek «modu irregularrean» kontratatu zituen udalak, bat Gizarte Segurantzan alta eman gabe baitzegoen, eta bestea, berriz, gaixo baimenarekin.
Sindikatuek gertaera «oso larria» zela salatu zuten, «prebarikaziotzat» jo baitzuten udalak beste enpresa bat kontratatzea grebari izkin egiteko eta lanuztean zeuden langileen zerbitzuak betetzeko. Lan Ikuskaritzara jo zuten berehala, eta Olarizun agertu zen inspektoreak traktorearekin ari ziren bi langileei lanak gelditzeko agindu zien. Udalak, berriz, argudiatu zuen belarra zapaltzea eta belarra moztea «bi gauza ezberdin» zirela, eta, hortaz, kontrataturiko langileek ez zituztela grebalariak ordezkatu.
Handik gutxira, ikuskaritzak arrazoia eman zien langileei, eta zigorra ezarri zion udalari «langileen eskubideak urratzea» egotzita, «grebalariak ordezkatzen saiatu» zelako. Gaur, berriz, bigarren aldiz zigortu du Lan Ikuskaritzak udala, kontrataturiko bi pertsona horietako bat «lan egoera irregularrean» egoteagatik, ez baitzegoen Gizarte Segurantzan alta emanda. Horren ondorioz, udalak isuna ordainduko du, pertsona bat modu irregularrean kontratatzeagatik. Gainera, kontrataturiko beste pertsonak aitortu omen zuen «aldi baterako ezintasun egoeran, hots, bajan» zegoela. Hortaz, ezin zuen lanik egin, eta udalak hura ere irregularki kontratatu zuen.
«Arau hauste larria»
EH Bilduren udal taldeak eman du argitara zigorraren albistea. Alderdiak azaldu duenez, udalari helarazitako «arau-hauste akta baten bitartez» izan dute zigorraren berri. Jasotako informazioaren arabera, «arau hauste larria» egotzi dio Lan Ikuskaritzak Gasteizko Udalari.
Jon Molinak, Gasteizko EH Bilduren zinegotziak, gogor kritikatu du udalak greban izandako jarrera: «Greban dauden langileen eskubidea urratzea nahikoa ez, eta gainera orain kontratazio irregularretan sartu behar?», deitoratu du Molinak. Horren aurrean, Molinak adierazi du EH Bilduk «era guztietako azalpenak eskatuko dituela» eta «berriro gerta ez dadin neurriak hartzea» exijituko duela, eta bihar egingo den Espazio Publikoko Udal Batzordearen bileran Artolazabali gai honen inguruko galdera egingo diotela ere iragarri du.