Pradales: «Bernedokoa ez zitzaidan batere gustatu, baina ezin da udaleku bat debekatu gogoak ematen digulako»

Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan, lehendakariak azpimarratu du epaitegien esku dagoela Bernedoko auzia. Aurtengo udaleku kanpainan «segurtasun berme guztiak» izango direla hitzeman du.

Pradales lehendakaria, eserlekura itzultzen, gaurko kontrol saioan taldeen galderei erantzun ostean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Pradales lehendakaria, eserlekura itzultzen, gaurko kontrol saioan taldeen galderei erantzun ostean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko martxoaren 6a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarrak Bernedoko auzia izan du hizpide beste behin ere, gaurko kontrol saioan. Vox alderdiak egindako galdera bati erantzunez, gaiaren inguruan mintzatu da Imanol Pradales lehendakaria, eta, Bernedoko afera «batere» gustatu ez zitzaiola adierazi badu ere, azpimarratu du udalekuak ezin direla nahieran debekatu: «Ezin da udaleku bat debekatu gogoak ematen digulako», ohartarazi dio lehendakariak eskuin muturreko alderdiari. Kasua epailearen eskuetan dagoela gogorarazi du Pradalesek, eta auzitegiei dagokiela «erantzukizunak argitzea». Aurtengo udaleku kanpainan «segurtasun berme guztiak» beteko direla hitzeman du lehendakariak. 

Bernedoko udalekuek polemika eragin zuten joan den udazkenean. Izan ere, hainbat hedabidetan zabaldu ziren salaketen arabera, haurrak eta nerabeak dutxa mistoak izatera «behartu» izana, umeak ez zaintzea, begiraleak ere dutxetan biluzik sartzea eta hamabost egunez familietatik «inkomunikatuta» eduki izana leporatu zitzaien Bernedoko Euskal Udalekuetako hezitzaileei. 

Akusazio horiek ikusirik, hezitzaileek salatu zuten haien aurkako jazarpen kanpaina egiteko erabili zela afera. Dutxen funtzionamenduari buruzko kexak jaso zituztela onartu bazuten ere, gezurtatu egin zituzten eraso salaketak. Gainera, Bernedoko udalekuetan parte hartu zuten haurren 137 gurasok gutuna eman zuten argitara, hezitzaile horiei sostengua adierazteko eta «jazarpen kanpaina guztiz gaitzesteko».

«Neurri konkretuak» jada martxan

Afera epailearen eskuetan dago oraindik, baina polemika berriro ere piztu zen urte honen hasieran, Euskal Udalekuen antolatzaileek Bernedoko udalekuak berriro ere antolatuko zituztela jakin zenean. Hain zuzen ere, udaleku horietan izena emateko epea zabalik dago, eta Arabako Mendialdeko Kuadrillaren orrialde ofizialean iragarrita daude. 

Testuinguru horretan, EAJk eta PSE-EEk 2022ko Gazteriaren Euskal Legearen erreforma bultzatu dute. Udalekuen gaineko kontrola zorroztea da erreformaren helburua, eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek irakurketa bakarrean tramitatu nahi izan zuten. EH Bilduk, ordea, ez zuen onartu irakurketa bakarrean tramitatzea.

Jasotako kritiken inguruan, Pradales lehendakariak nabarmendu du EAEko erakundeek «neurri konkretu eta koordinatuak» hartu dituztela «horrelako egoerarik berriz izan ez dadin». Besteak beste, «ikuskapenak» eta «monitoreen adierazpen erantzuleak» aipatu ditu, eta adingabeen segurtasuna arriskuan jartzen dutenekin «zero tolerantzia» izatea defendatu du. Gazteriaren Euskal Legearen erreforma «atzeratu nahi izatea» ere kritikatu du lehendakariak, EH Bilduren jarrerari buruz ari zelarik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA