Famila giroa oinarri hartuta, giza harremanak xehe-xehe «deskonposatuta» azaleratzeko eta halako batean ireki diren pitzadura haien zirrikituetan izua kabiarazten asmatu dutelako saritu dute filma. Astelehenean eman zuten Bilboko Fant Zinemaldi Fantastikoan, eta antolatzaileek gaur jakinarazi dute festibalaren sari nagusia merezi izateko adina gustatu zitzaiela lana Sail Ofizialeko epaimahaikideei: Angel Agudori, Alicia Albaresi, Alex Mendibili. Buzzheart izenburua du lanak, eta Dennis Iliadisek zuzendu du. Eta hark jaso du, hain justu, Sail Ofizialeko Film Luze Onenaren Epaimahaiaren aurtengo saria.
110 minutu irauten du Buzzheart-ek, eta film luzeen artean nabarmendu dute horregatik. Dena dela, beste zenbait lan ere saritu dituzte Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Sail Ofizialean. Esaterako, film labur hoberenarena Altay Ulan Yang zuzendariaren HYENA-k jaso du aurten. Eskola jazarpena du film horrek ardatz, eta, preseski, gaia lantzeko eta irudikatzeko moduaren «originaltasuna» goraipatu dute epaimahaikideek, bai eta «atmosfera magnetiko bezain onirikoa» sortu izana ere.
Ikusi gehiago
Fant jaialdiaren 32. aldi honetan, gainera, aipamen berezi bat eman dute Sail Ofizialeko film laburren adarrean: Guillermo de Oliveirak zuzendutako Cara de cona goraipatu dute hala.
Euskal Film Labur Onenaren Saria Bea Lema artista galiziarraren El cuerpo de Cristo lanak irabazi du. Lemaren izen bereko komikian oinarritutakoa da, eta Euskal Herriko Uniko estudioak sortu du pieza, zehazki. Hain zuzen, komikia ikus-entzunezko batera eramateko garaian erakutsitako asmamena eta «ausardia» nabarmendu dituzte epaimahaiko kideek, batik bat. «Komikia tradizioa eta modernitatea lotzen dituen animazio teknika batera eramateko ausardiagatik» saritu dute, haien hitzetan.
Askotariko film eta sariak
Ohi denez, Euskal Gidoigileak elkartea arduratu da Sail Ofizialeko film luzeen artean gidoi hoberena zeinek duen zehazteaz, eta honako hau hautatu dute aurten: Lucile Hadzihalilovicen La torre de hielo. Bestalde, AS Zineklub Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria Avalon Fast zuzendariaren Camp filmak irabazi du.
Eta interpretazio lanik onenak ere badu saririk Fanten. Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) zehaztu du irabazlea oraingoan ere, eta, 2026ko euskal film laburrei so egin ondoan, Lorena Mariñelarena aktorea izendatu dute garaile. Ekaitz Bertiz zuzendariaren Erreka zoko hortan lanean Joxepi pertsonaiaren rola jokatzeagatik. «Inplikazio handiko aktore lana da, interpretazio natural eta neurritsu bat erakusten duena, eta adierazkortasunean hedatuz doana Joxepiren pertsonaiaren garatzen den bitartean», argudiatu dute plazaratutako oharrean.

Sail Ofizialeko film luzeen artean, Ana Gracianiren La ventana abierta lana izan da publikoaren kutunena, eta, film laburren artetik, berriz, Alex Rey zuzendariaren Pobre marciano nabarmendu dute.
Ikusi gehiago