Paueko Auzitegiak Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefet ohiaren galdeari obeditu dio. Agorrilaren 14an, behin-behinean bertan behera utzi zituen Baionako eta Sarako (Lapurdi) herriko etxeek euskarari egin zioten aitortza. Uztailean, Sarako Herriko Etxeak lehenik eta Baionakoak ondotik, euskara herriko hizkuntza gisara aitortu zuten, nork bere herriko kontseiluan. Baionan, euskaraz gain, okzitaniera aitortzea ere erabaki zuten. Baina, handik bi astera, Sarako eta Baionako herriko etxeen erabakiez pleinitu zen prefetura, eta, aitortza sinbolikoen aurka jotzeko, Auzitegi Administratibora eraman zuen afera. Ondorioz, Baionako eta Sarako auzapezak auzitegian deklaratzera deitu zituzten iragan asteartean.
Baionako Herriko Etxean, erabakiaren inguruko berria «tristuraz baina harritu gabe» hartu dute. Horrela azaldu du Pantxo Etxegaraik, Hizkuntza Politikako zinegotziak. Azpimarratu du Euskal Herritik Pauera (Okzitania) joan zirela beren argudioak defendatzera eta, batez ere, prefetak leporatutakoak gezurtatzera. Baina, Etxegarairen ustez, aski da auzitegiko jujearen bilana kontsultatzea ohartzeko Baionako eta Sarako herriak ez direla entzunak izan. Auzitegiak harturiko erabakiaren bilana «oso laburra» zela dio, eta ñabardurak «beti» presente direla, nahiz eta bi herrietako ordezkariek puntuz puntu gezurtatu dituzten leporatu zitzaizkien legearekiko trabak.
«Pasabide juridiko batean gara, baina gure dretxoa da. Juridikoki eta politikoki arrazoi dugula erakutsi nahi dugu, eta horretarako bide legaletik segitu behar dugu»
PANTXO ETXEGARAI Baionako Hizkuntza Politikako zinegotzia
Auzitegi Administratiboak euskarari egindako aitortzak bertan behera uztea deliberatu badu ere, Baionako eta Sarako herriko etxeek ez dute etsiko. Erabaki horren aurkako helegitea jarri dute elkarrekin, eta Bordeleko Administrazio Auzitegira (Okzitania) joateko prest agertu dira. «Pasabide juridiko batean gara, baina gure dretxoa da. Juridikoki eta politikoki arrazoi dugula erakutsi nahi dugu, eta horretarako bide legaletik segitu behar dugu», arrazoitu du Etxegaraik.
Anartean, Bordeletik debekua berriz jasotzen badute, beste errekurtso bat aurkezteko aukera ukanen dute. Horretarako, Parisko Kasazio Gortera jo beharko lukete. Etxegaraik segurtatu du beren esku diren «posibilitate guziak» ustiatuko dituztela. Azaldu duenez, Baionako Herriko Etxearentzat euskara kausa «unibertsala» da, eta ez «alderdiaren kontu bat».
Elkarlana eta testigantzak
Herri bakoitzak euskara aitortzea herriko kontseiluan erabaki badu ere, Sara eta Baiona elkarlanean hasi ziren berehala prefetaren erasoen aurka egiteko. Abokatu berberak hartu zituzten, eta defentsa ildo beretik eraman nahi zuten. Patrice Spinosi Frantziako Estatu Kontseiluko eta Kasazio Auzitegiko abokatuak zuen lehen dosierra landu, baina, audientziara joan ezinik zenez, Pierre Cambot Paueko abokatuak zuen defentsa segurtatu. Horrez gain, Alain Lamassoure politikari frantsesak bere lekukotasuna eman zuen agorrilaren 11ko audientzian.
Lamassourek 1992ko Frantziako Konstituzioko 2. artikuluaren idazketan parte hartu zuen. Oroitarazi zuen ezen, garai hartan, Maastrichteko Ituna finkatzekotan zela, Frantziako hizkuntza ofizial bakarra izendatu zutela frantsesa, ingelesaren nagusitasunaz babesteko, eta Europako Batasunaren sorrera ingelesaren prismatik at kokatu zutela hala. Adierazi zuen Konstituzioko 2. artikuluak ez zuela Frantziako Estatuko beste hizkuntzen aurka jotzen. Etxegarairen arabera, Sarak eta Baionak egindako aitortzak sinbolikoak dira, eta ez dute auzitan jartzen frantsesa hizkuntza ofizial «bakarra» denik.
«Proposatutako deliberoak sinbolikoak dira, 2018an Euskal Hirigune Elkargoan onartu zirenen ia berdinak. Herriko etxeek ezin dute koofizialtasuna plantan ematen ahal, ez dute horretarako botere politikorik. Hori Frantziako Estatuaren eta parlamentarien esku dago»
SEBASTIEN CASTET Euskal Konfederazioko kidea
Hautetsiaren gisara, «harrituak» agertu dira Euskal Konfederazioko kideak ere. Izan ere, koofizialtasunaren aldeko Euskal Konfederazioaren aldarriari segitzea leporatu zien prefetak Sarako eta Baionako herriko etxeei. Ipar Euskal Herriko herriko bozen kanpainan hizkuntza politikarako barometroa aurkeztu zuen Euskal Konfederazioak, eta, berriki, manifestatzera deitu du azaroaren 21erako, Baionan, euskararen aurkako erasoei aurre egiteko eta euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko. Prefeta «xifritu eta betiko posizio defentsiboa» hartu duela uste du Sebastien Castet konfederazioko kideak. «Intimidazio afera bat da, zentzugabekoa, delibero horiek bertan behera uzteak euskara ukatzea erran nahi duelako».
Kezkagarria eta larria iduritzen zaio, bestalde, auzitegiaren erabakia prefetaren iritziaren alde lerratu izana, aldarrikapenak eta aitortzak nahasten dituztelako batak zein besteak. Oroitarazi du Euskal Konfederazioaren aldarriak eta herriko etxeen aitortzak ezin direla horrela nahasi. «Proposatutako deliberoak sinbolikoak dira, 2018an Euskal Hirigune Elkargoan onartu zirenen ia berdinak. Herriko etxeek ezin dute koofizialtasuna plantan ematen ahal, ez dute horretarako botere politikorik. Hori Frantziako Estatuaren eta parlamentarien esku dago». Horrez gain, berretsi du Euskal Konfederazioak segituko duela tokiko herriko etxeekin lan egiten, beste herri anitzek Baionak eta Sarak hartutako deliberoa har dezaten. Helburua dute herri bakoitzak euskarari dagokion aitortza sinbolikoa, politikoa, kulturala eta historikoa egitea delibera dezala herriko kontseiluan.
Elkargoaren sostengua
2018an euskararen aitortza lortu zuen Euskal Hirigune Elkargoak. Antton Kurutxarri Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea da, eta agorrilaren 15ean Mediabask hedabideari egindako elkarrizketa batean adierazi zuen «erridikulua» iduritu zitzaiola Sarak eta Baionak hartutako deliberoen kontrako auzia. Oroitarazi du garai hartan Durand prefetak ez zuela ezer erran, eta segur aski Girier prefetak «gogo berezia» duela euskararen aitortza ezeztatzeko. «Girier prefetak joera autoritarioa zuen, batez ere euskararekiko. Bi urte nahiko zailak pasatu ditugu gai horren inguruan. Opari pozoitua utzi digu, arriskuan jartzen baititu herriko etxeen erabakiak. Guri autoritarioa iduritzen zaigu hori», gehitu du Kurutxarrik.
Ondorioz, Elkargoak sostengu osoa helarazi die Sarako eta Baionako herriko etxeei, euskararen aldeko aitortza egiteagatik. Gainera, beste herriko etxeekin harremanetan daudela zehaztu du Kurutxarrik. Gisa horretarako aitortzak beste herri batzuetan ere egin ditzatela dute helburu. Anartean, garrantzitsua da zehaztea Itsasuko Herriko Etxeak ere euskararen aldeko aitortza egitea deliberatu zuela herriko kontseiluan, Baionak egin zuen egun berean. Baina Girierrek ez zuen Itsasuko erabakiaren aurkako neurririk hartu.
«Girier prefetak joera autoritarioa zuen, batez ere euskararekiko. Bi urte nahiko zailak pasatu ditugu gai horren inguruan. Opari pozoitua utzi digu, arriskuan jartzen baititu herriko etxeen erabakiak. Guri autoritarioa iduritzen zaigu hori»
ANTTON KURUTXARRI Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea
Agorrilaren 24tik, Simon Fetet da Pirinio Atlantikoetako prefeta berria. Girier ordezkatu du, eta eragile bat baino gehiago zain daude. Euskal Konfederazioak prefeta berria karguan ikusi nahi du haren jarrera eta ekintzak epaitu aitzin. Hala ere, Castetek argi du prefetak «Frantziako Estatuko gobernuaren ideiak pasarazteko» direla hor, eta gobernuaren posizioarekin bat egiten dutela. Baionan ere Etxegaraik Feteten lehen mintzaldiak entzun nahi ditu. Espero du, hala ere, «irekiagoa eta ulerkorragoa» izango dela euskarari dagokionez.