Ezusteko handia litzateke Andy Burnahm ez izatea Downing Streeteko 10. zenbakiko hurrengo maizterra. Manchesterko (Ingalaterra) alkate ohia Alderdi Laboristako lidergoa hartzeko bidean da, eta hala Erresuma Batuko lehen ministro kargua ere hartuko luke. Atzo ireki zen alderdiaren primarioetan izena emateko epea; oraingoz, Burnham baino ez da aurkeztu, eta jada diputatu laborista gehienen babesa jaso du. Astebeteko epean beste hautagairik aurkezten ez bada edo Burnhamek matematikoki nagusitzeko behar beste babes jasotzen badu, datorren ostiralean hartuko du alderdiko buruzagitza, eta hilaren 20an izendatuko lukete lehen ministro.
Alderdi Laboristak Komunen Ganberan dituen 402 diputatuetatik 322k atzo, primarioen prozesua hasi berritan, esan zuten Burnhamen hautagaitza babesten dutela. Beste diputatu baten babesa nahikoa luke matematikoki Keir Starmerren ordezkoa izateko. Izan ere, beste hautagairen bat aurkezteko beharrezko baldintza da 81 diputatuk —parlamentari laboristen %20k— bere alde egitea. Hain justu, 81 dira oraingoz Manchesterko alkate ohiaren alde bozkatu ez dutenak. Halere, horietako batzuek esana dute Burnham babestuko dutela, baina atzo ezin zutela Westminsterren egon.
323 diputatuk bere alde bozkatzeaz gainera, Alderdi Laboristaren parte diren 31 elkarte eta sindikatuetatik, hiruk babestu beharko lukete. Ez dirudi, baina, horretarako arazorik izango duenik.
Burnham eskertuta agertu da alderdikideek eman dioten babesagatik. Ohar bat kaleratu zuen atzo, eta ziurtatu alderdiko «sektore guztietatik» iritsi zaiola babesa: «Horrek erakusten du alderdiak ziurtasunez uste duela Erresuma Batuak ikuspuntu politiko berri bat behar duela». Gaineratu zuenez, bere gidaritzapean boterea «Westminstertik kanpo» ere egongo da, ekonomia «jende arruntaren mesedetara» jarriko du, eta herrialdeko lurralde guztietan hazkunde ekonomikoa sustatuko du.
Israeli presio gehiago egingo diola esan du burnhamek
Palestinako auziari buruz duen ikuspegia eman du sare sozialetan Andy Burnhamek, eta ziurtatu du Israelgo Gobernuari presio gehiago egingo diola lehen ministro kargura iristen bada. Israelgo armada Gazarako su etena «urratzen» eta «palestinar errugabeak hiltzen» ari dela salatu zuen atzo sare sozialetara igotako bide adierazpen batzuetan. Gaineratu zuen kolono israeldarrak palestinarrak desplazatzen ari direla Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa «bi estatuen soluzioa ezinezko egin nahian» ari dela. Horregatik, besteak beste, proposatu du Israeli zigor gehiago jartzea, eta «legez kanpoko kokaguneetako produktuen» salerosketa oztopatzeko neurriak hartzea.Â
Keir Starmer lehen ministroa ordezkatzeko moduan egon litezkeen beste bi hautagaik jakinarazi dute ez direla lehian sartuko. Erresuma Batuko hedabideen arabera, Wes Streeting Osasun ministro ohia (2024-2026) zen Burnhamek alderdiaren buruzagitzarako bidean izan zezakeen oztopo nagusia. Streetingek maiatzaren 14an ministro kargua utzi zuen, eta alderdiaren gidaritza aldatu behar zela esan. Ekainaren amaieran, aldiz, ziurtatu zuen ez zuela bere burua aurkeztuko lehia horretara.
Oraindik ere bazegoen zalantzarako tartea. Al Carns Indar Armatuen estatu idazkari izandakoa ere hautagai posibleetako bat zen, baina herenegun jakinarazi zuen ezetz, ez zela aurkeztuko. «Hiru hilabete luzatu daitekeen lehia bat abian jartzeak esan nahiko luke legegintzaldiari geratzen zaion aldiaren zortziren bat horretan erabiltzea. Ez litzateke zentzuzko erabakia izango Alderdi Laboristarentzat». Izan ere, beste hautagairen bat primarioetara aurkeztu eta 81 diputaturen babesa lortuko balu, alderdiko militantziak abuztuaren 6tik 27ra bitartean bozkatuko beharko luke. Emaitzak abuztuaren amaierarako argituko lirateke. Ez dirudi, baina, prozesua horrenbeste luzatuko denik.
Neurrira egindako prozesua
Bi urte pasa dira Starmerrek lehen ministro kargua hartu zuenetik, 2024ko uztailaren 5ean. Parlamenturako bozetan Alderdi Laboristak nabarmen nagusitu ostean iritsi zen Downing Streeteko 10. zenbakira. Azken hilabeteetan gero eta presio gehiago izan du kargua uzteko, batez ere, maiatzean, Ingalaterrako udal hauteskundeetan lortutako emaitza kaskarren ostean. Horien ostean ez zuela amore emango esan zuen, baina, azkenean, ekainaren 22an dimisioa iragarri zuen.
Ikusi gehiago
Aurrez, Alderdi Laborista hasia zen Burnhami bidea leuntzen. Erresuma Batuko laboristen araudiaren arabera, Komunen Ganberako parlamentari izatea ezinbesteko baldintza da primarioetara aurkezteko. Horretarako, laboristak maiatzetik aritu dira trikimailuak erabiltzen. Maiatzaren 18an, Josh Simons Makerfield barrutiko diputatuak kargua utzi zuen, Burnham Westminsterrera iritsi ahal izateko. horretarako, baina, lehenik hautesbarruti horretako bozak irabazi behar izan ditu. Ekainaren 18an egin zituzten boz partzial horiek, eta botoen ia %55 lortuta nagusitu zen Burnham. Orduan, Manchesterko alkatetza utzi —2017tik zen alkate—, eta parlamentari kargua hartu zuen ekainaren 22an, hain justu, Starmerrek dimisioa iragarri zuen egunean bertan.