Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak uste zuen Palestinako gatazka amaiarazteko planarekin «bakea» lortu zuela, baina Israelek hainbatetan hautsi du urriaren 10ean ezarri zuten tregoa, eta armadak gutxienez 379 gazatar hil ditu tarte horretan. Eta meniak bi hilabete bete zituen atzo, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere. «Bakea badaukagu Ekialde Hurbilean», esan zuen Trumpek beste behin joan den astean, Etxe Zurian egindako prentsaurreko batean: «Jendea ez da horretaz konturatzen».
Israel, baina, zerbaitez ohartu da, aldez aurretik argiro bazekien ere: bere horretan segi dezakeela, zerrendari ia egunero eraso eginez. Hark eta Hamasek menia ezartzea adostu zuten urriaren 10erako; hirurogei egun pasatu dira orduz geroztik, eta, Al-Jazeera hedabideak egindako jarraipenaren arabera, Israelek 50 egunetan urratu du su etena, izan gazatarrak tirokatuz, Gaza bonbardatuz, edo eraikinak eraitsiz. Tarte horretan, Israelgo armadak atzera egin behar izan du, oraindik ere zerrendaren %58 kontrolatzen duen arren; lerro horia deitu diote bi aldeak banatzen dituen muga ikusezinari, eta soldaduek tiro egiten dute muga horretara gerturatzen direnen kontra.
Gatibuen, presoen eta gorpuen trukea ere egin dute. Alde batetik, Israelek ia bi mila preso askatu ditu, eta hirurehun palestinarren baino gehiagoren gorpuak ere entregatu ditu; zerrendako osasun iturrien arabera, tortura zantzuak zituzten horietako askok. Beste aldetik, Hamasek bizirik eusten zioten hogei gatibuak askatu zituen su etena hasi eta 72 orduko epean, eta bi hilabeteotan 27 gorpu entregatu ditu; Israelgo Poliziako agente baten gorpua baizik ez da geratzen, eta talde islamista horren bila ari da Gaza hiriko Zeitun auzoan, Gurutze Gorriarekin batera.
Israelek eraso egiten jarraitu du, argudiatuta Hamasek ez duela hitza bete oraindik gorpu bat ez baitu entregatu. Printzipioz, truke horrek bide emango lieke bigarren faseko negoziazioei, eta espero da setio ondorengo Gazari buruz arituko direla fase horretan. Trump presidentearen hogei puntuko planak jada ezarriak ditu eztabaida horren oinarriak: nazioarteko indar militar bat zabaltzea; trantsiziozko gobernu «apolitiko eta teknokrata palestinar» bat ezartzea; horiek gainbegiratuko dituen organo bat sortzea, Bake Batzordea delakoa; Israelgo armadak are atzerago egitea; eta Hamas armagabetzea, besteak beste.
Hain zuzen ere, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak babestu egin zuen plana, azaroaren 17an egindako bozketan. Orduko hartan, baita lehenago ere, Trumpek esan zuen aurki iragartzekoa zela nola osatuko eta ezarriko zituzten erakunde horiek guztiak, nahiz eta ez duen ezer aurreratu. Hori bai, gauza bat argi dago: AEBetako presidentea izango dela Bake Batzordeko «xamana», plana aurkeztu zuen egunean esan zuenez, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa alboan zuela. Abenduaren 29an, biak beste behin elkartuko dira Etxe Zurian, asteon Netanyahuren bulegoak jakinarazi duenez: «aurrera begirako pausoak eta faseak» izango dituzte hizpide, eta zerrendako «barne segurtasunaz» arduratuko den nazioarteko indar militarra ere bai.
Netanyahuk zalantzan jarri du zabaltzekoak diren indar militarra gai izango ote den Hamas armagabetzeko: «Dena ezingo dute egin, eta agian ezta inportanteena [armagabetzea] ere. Ikusiko dugu».
Gatazkako aldeek badakite berandu baino lehen ekin beharko dietela su etenaren bigarren faseari buruzko negoziazioei, azken gatibuaren gorpua aurkitu eta entregatu ondoren. Joan den asteburuan, Bassem Naim Hamasen arduradunetako batek Associated Press agentziari esan zion taldea prest dagoela bere armategia «gordetzeari» buruz eztabaidatzeko, zertarako-eta meniaren bigarren fasea ezartzeko. Egun berean, Israelgo enbaxadoreekin eta diplomaziaburuekin egindako bilera batean, Netanyahuk esan zuen hurrengo fasea gertu zegoela, baina zalantzan jarri zuen zabaltzekoak diren indar militarra gai izango ote den Hamas armagabetzeko: «Ba al dago, ba, boluntariorik?». Zenbait herrialde, batik bat musulmanak, prest daude tropak bidaltzeko. «Dena ezingo dute egin, eta agian ezta inportanteena [armagabetzea] ere. Ikusiko dugu. Egin daiteke modu errazean, edo egin daiteke modu zailean. Egin, egingo da», erantsi zuen.
Balizko kasuetara jo gabe ere, Israelek beste zenbait modutan urratu du tregoa azken bi hilabeteotan. Esaterako, zerrenda hegoaldeko Rafah pasabidea irekitzekoak ziren; bada, joan den astean, Israelgo armadak ohar batean iragarri zuen gazatarrek ihes egin zezaten irekiko zutela «esklusiboki». Gatazkako aldeen artean bitartekari lanetan aritu dira Egipto eta Qatar, eta, beste zenbait herrialde musulmanekin batera, salatu zuten «palestinarrak sorlekutik desplazatzeko» asmoa zuela Israelek.
'Byron' ekaitza
Berez, laguntza humanitario gehiago sartzeko bidea ere izan beharko litzateke Rafahko pasabidea, meniaren lehen fasean aurreikusten baitzen seiehun kamioi inguru sartuko zirela zerrendara egunero. Lehenagoko egoerarekin konparatuta laguntza gehixeago helduagatik ere, urriaren 10etik gaur arte 7.700 kamioi besterik ez dira heldu Gazara —batez beste, egunean 125 kamioi baino gehixeago—, laguntza monitorizatzeko NBEren sistemaren arabera. Eta Israelekin muga egiten duten pasabideetatik sartu dira kamioiak, gehienbat hegoaldetik.
Gazatarrek zer jana behar dute, bai, baina baita non babestu ere. Al-Jazeera hedabideak atzo kaleratu zuenez zerrendako gobernuko iturriak aipatuz, ia 300.000 familia babeslekurik gabe daude oraindik. Kamioietan gordetako kanpadendak ere noiz sartuko zain daude Gazako mugetan, batez ere haizeteak eta uholdeak baitaude emanda bihar arte; Byron ekaitzak gogor joko du.
Ikusteko dago bigarren fasean are laguntza gehiago helduko ote den eta Israelen asmoa zein den. Itxaron egin beharko da. Izan ere, Gazarako planari buruz esan izan dute ez duela inolako eperik zehazten gatibuen eta presoen trukeari dagokiona izan ezik. Segurtasun Kontseiluak bi urterako eskumena eman zien planak biltzen dituen erakundeei —epe hori luzatu daiteke—, eta tarte horretan burutu beharko dituzte, besteak beste, Hamasen armagabetzea eta Gazaren gobernabidea PAN Palestinako Aginte Nazionalari bueltan emateko prozesua.
Azken horixe da nazioarteak zerrendarako lehenetsi duen irtenbidea; Gaza PANen esku uztekoak dira, hogei puntuko planaren arabera, dagokion «erreforma programa» egin eta gero: hauteskundeetara deitzea gatazka ondoren, Israelek hildakoen eta preso dituenen senideei emandako laguntzak etetea, hezkuntza programa aldatzea eta beste.