Aukera aprobetxatzea, eta «zabaldu den arrakalan» sakontzeko lan egitea. Euskal Herrian etxebizitza eskubidearen alde mobilizatu diren sindikatuek argi dute zein den parean duten erronka, baita egin beharrekoa ere. Azpimarratu dute ezinbestekoa dela Madrilen sortutako olatua Euskal Herrira ekartzea, «eta koiuntura aprobetxatzea Euskal Herriko etxebizitzaren aldeko borroka elikatzeko».
Joan den asteburuan, ostiralean hasi eta igandera bitarte, mobilizazioak izan ziren Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Ostiralekoak, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek deituta —EHESS Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak—, eta larunbatekoak eta igandekoak, berriz, LAB sindikatuak. Guztietan elkartu zen jendetza.
EHESSko Ane Salvadorrek aitortu du «erantzun indartsua» espero zuten arren harritu zituela bildu zen jendetzak; Etxebizitza Sindikatu Sozialistak une honetan ez du adierazpenik egin nahi izan. «Ulertzen dugu Espainian piztu diren eztabaidek eta mobilizazioek zentraltasuna eman diotela etxebizitzaren gaiari, eta horrek eragina izan duela hemen ere», esan du.
«Ezinbestekoa da euskal erakundeak eta alderdiak interpelatzea eta etxebizitzaren arazoaren areagotzean izan duten erantzukizuna seinalatzea»
ANE SALVADOREuskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko kidea
Endika Perez LABeko ekintza sozialeko arduradunaren aurreikuspenak ere gainditu zituzten manifestazioek: «Bagenekien oinarrian egin dugun lan guztiak emaitzak emango zituela, baina asteburu osoan ikusi ditugun irudiak itzelezkoak izan dira».
Batak zein besteak, ordea, mobilizazio sorta hori heldu aurretik egindako lanean egin dute azpimarra. Salvadorrek nabarmendu du azken urteetan «etxebizitzaren borrokaren aldeko ziklo berri bat» loratzen ari dela Euskal Herrian, eta etxebizitza sindikatuen eguneroko jarduna ikusi besterik ez dagoela hori berresteko.

LABek, berriz, duela pare bat urte erabaki zuen etxebizitzaren arloan «jauzi bat» egitea, «langileen pobretzearen eta prekarizazioaren arrazoi nagusia bihurtu baita etxebizitza».
Perezek pozik baina arduraz jaso du herritarren egindua; izan ere, orain «gauzak aldatzeko aukera bat» zabaltzeko borroka egitea dagokielakoan dago. LABekoaren ustez, azken hilabeteetan Espainiakoa bai, baina Euskal Herriko agenda mediatikoa ere «oldarraldi erreakzionarioa gidatzen duten eskuineko indarrek» baldintzatu dute, eta, hein handi batean, azken asteotako etxebizitzaren aldeko borrokak lortu du joera aldatzea, eta eztabaida «eskubide berrien lorpenean» kokatzea.
«Orain denoi dagokigu, bakoitzari bere lekutik eta bere eragin eremutik, ireki den arrakalan sakontzea. LABek badu zeresana, eta prest gaude», adierazi du.
«Orain denoi dagokigu, bakoitzari bere lekutik eta bere eragin eremutik, ireki den arrakalan sakontzea»
ENDIKA PEREZLABeko ekintza sozialeko arduraduna
Salvadorri «zirku hutsa» iruditu zaio Espainiako Kongresuan gertatutakoa; azaldu du onartu diren neurriak «partzialak» direla, «langileen beharretatik urrun» daudela, eta ez dietela kaleko aldarrikapenei erantzuten: «Are gehiago: dekretuaren azken helburua errentarien eta espekulatzaileen etekinak blindatzea izan dela uste dugu».
Halaber, azpimarratu du mugimendu horiek mobilizazioei esker piztu direla, «giharra» erakutsi eta lortu dutelako etxebizitzaren arazoa agenda politikoan txertatzea. Borrokan jarraitzeko deia egin du: «Badakigu aldaketa sakonak ez direla egungo alderdi eta instituzioetatik etorriko». Oraingoa aukera historikoa ote den galdetuta, erantzun du ez dakiela, baina, hala izatekotan, gakoa izango dela etxebizitza sindikatuek aukera aprobetxatzeko duten gaitasuna.
Mobilizazioak, bananduta
Joan den asteko mobilizazioak bereizita antolatu zituzten etxebizitza sindikatuek eta LABek. «Egoera soziala ikusita, eta maizterrek hala eskatuta, kalera ateratzeko pausoa eman eta asteburuko mobilizazioak antolatu genituen», kontatu du Perezek, eta azaldu du ahalegindu zirela etxebizitza sindikatuetako kideekin koordinatzen, baita Espainiako Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin ere.
«Euskal Herriko sindikatuekin ez zen posible izan bide partekatu bat adostea; haiek ostiralerako deitu zuten mobilizazioetara, eta guk lehenagotik deituak genituenak mantendu genituen asteburuan, pentsatuz etxebizitzaren gaiarekin bazegoela asteburu osoan jendea mobilizatzeko adinako indarra», argudiatu du.
Salvadorrek, berriz, adierazi du EHESSren apustua etxebizitza sindikatuen deialdi bateratua egitea izan zela, «Euskal Herriko etxebizitza mugimendua gorpuzteko beharra dagoelako, eta haren lana erdigunean jartzekoa». Horretarako, hiru aldarrikapen zehatzen inguruan mobilizatu ziren: espekulazioa debekatzea, espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, eta etxegabetzeak baldintzarik gabe etetea.
Ez du baztertu, ordea, beste sindikatu eta herri mugimenduko eragileekin ere bat egitea, «esparru zabaletan lan egiteko momentuak ere» behar direlakoan baitago.
Grebarako deia
Esparru zabal horretan kokatu daiteke azaroaren 11rako deitu duten greba orokorra. Etxebizitza sindikatuek eta LAB, ELA, ESK eta Steilas sindikatuek, besteak beste, bat egin dute harekin. Perez: «Olatua Madrilen sortu da, baina Euskal Herrian ere badaude baldintza bai subjektiboak eta bai objektiboak bertatik bertara deialdi bat pentsatzeko».
Salvadorren iritziz, greba «hemengo subjektu eta aldarrikapen zehatzekin, etxebizitza erdigunean jarrita» eginez gero, ekinaldi garrantzitsua izan daiteke. Gehitu du, ordea, badakitela batzuek «interes elektoralisten mesedetan» erabiliko dutela lanuztea, baita «PSOE zuritzeko» ere. Lan arloko sindikatuekin hizketan ari dira greba antolatzeko, eta datozen egunetan emango dituzte deialdiei eta aldarrikapenei buruzko xehetasun gehiago.
Amaitzeko, berretsi du euren helburu nagusia orain egoeraren analisia eta aldarrikapenak Euskal Herrira ekartzea dela: «Gogorarazi behar da Hego Euskal Herrian bi etxebizitza lege daudela, betetzen ez direnak eta hutsune nabarmenak dituztenak. Hori dela eta, ezinbestekoa da euskal erakundeak eta alderdiak interpelatzea eta etxebizitzaren arazoaren areagotzean izan duten erantzukizuna seinalatzea».