Israelgo armadak Global Sumud Flotilla itsas segizioa geldiarazi du bart nazioarteko uretan, Greziatik gertu, eta 175 ekintzaile inguru gatibu hartu. Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak sare sozialetan jakinarazi du atxiki hartutakoak «Greziako hondartza batera» eramango dituztela «datozen orduetan»; EFE albiste agentziak, berriz, horren aurretik eta flotillaren Italiako ordezkaritzako iturriak aipatuz, kaleratu du Israelgo Ashdod hiriko portura eramango dituztela —hara eraman zituzten iazko beste bi misiotan atxikitako ekintzaileak, eta deportatu egin zituzten ondoren—.
Flotillan hamabi euskal herritar zihoazen, eta haietako zazpi daude soldaduek atzeman dituztenen artean, flotillaren Euskal Herriko adarrak jakinarazi duenez. Dena den, nahasmena handia da. Gazara laguntza humanitarioa eramatea eta Israel zerrendan egiten ari den genozidioa salatzea helburu du flotillak, eta, horretako kideek salatu dutenez, Israelgo armadak segizioko 22 itsasontzi inguratu zituen —58 doaz guztira—, eta ontzietako motorrak eta nabigazio sistemak hondatu zituzten; horren ondorioz, zenbait itsasontzi jitoan daude, norabidea ezarri ezinik, itsasoaren eta ekaitzen menpe.
Ikusi gehiago
«Nazioarteko uretan egindako oldarraldi bortitz batean, Israelgo itsas armadak atzeman, abordatu eta sistematikoki hondatu egin ditu Global Sumud Flotillako zenbait ontzi», azaldu dute flotillako kideek, Telegram sare sozialeko kanalaren bidez. «Motorrak eta nabigazio sistemak suntsitu ondoren, alde egin zuten, ehunka zibil jitoan eta ontzi hondatuetan utzita, iristear den ekaitz baten norabidean».
Global Sumud Flotillaren webgunean kaleratu dute zein ontzi atzeman dituzten, eta horietako bakoitzean doazen boluntarioen izenak ere eman dituzte. Haietako batzuek aldez aurretik egindako bideo bat zabaldu dute, non ikus-entzuleei jakinarazten dieten bideo hori ikusten ari badira bahituak izan direla. Haietako bat da Luka izeneko euskal herritarra, eta esaten du bahiketak erakusten duela «zeinen urrun» iristeko prest dauden Israel eta «haren babesleak» setioarekin eta genozidioarekin jarraitzeko. «Munduak erreakzionatu beharra dauka».
Italiako Atzerri Ministerioak gertatutakoari buruzko informazioa eskatu dio Israeli, eta neurriak abiarazi ditu flotillan dauden Italiako herritarrak babesteko. Europako Batzordeak ez du gertatutakoari buruzko adierazpenik egin. Israelgo Atzerri Ministerioak geroxeago adierazi du, frogarik erakutsi gabe, Hamasek «probokatzaile profesionalekin batera» sustatutako ekinaldia dela flotilla, eta Gazako su etenaren bigarren faserako trantsizioa boikotatzea duela helburu —urrian tregoa indarrean sartu zenetik, 800 pertsona baino gehiago hil dituzte zerrendan—.
Itsas segizioa apirilaren 12an abiatu zen Bartzelonatik, eta beste ontzi batzuk batu zitzaizkion igandean Italian, Siziliako Augusta hiriko portuan. Ekinbidearen antolatzaileek duela bi aste azpimarratu zutenez, Greziatik eta Turkiatik ere ontziak ateratzekoak dira segizioarekin bat egiteko; aurreikusten dute 3.000 bat aktibistak parte hartzea.
Ikusi gehiago
Flotillaren Euskal Herriko adarrak pentsatzen du «pirateria» ekintza bat dela Israelek nazioarteko uretan egindakoa. Hori salatu du ohar batean. «Hau da, Kreta ondoan, itsas zabalean, gizakiak legez kanpo bahitzea». Eta iruditzen zaio modu horretan jokabide bat baieztatzen dela: «Israelek, inpunitate osoz, bere mugetatik kanpo jardun dezakeela ondoriorik jasan gabe».
Approximately 175 activists from more than 20 boats of the condom flotilla are now making their way peacefully to Israel.
— Israel Foreign Ministry (@IsraelMFA) April 30, 2026
In the video: the activists enjoying themselves aboard Israeli vessels pic.twitter.com/0sz8kDpKLX
Komunikatuan nabarmendu dutenez, bi kontu ari dira agerian geratzen, gainera. Batetik, Israel ahalegina egiten ari dela «Mediterraneoaren gainean duen kontrola normalizatzeko»; eta, bestetik, Israelen zigorgabetasuna «areagotzen» ari dela. «Ezein estatuk ez du nazioarteko urak erreklamatzeko, zaintzeko eta okupatzeko eskubiderik. Halere, horixe bera egin du Israelek».
14Gazako zenbat mediku askatzeko eskatu duten. Giza Eskubideen Aldeko Medikuak-Israel gobernuz kanpoko erakundeak eskatu dio Israelgo Auzitegi Gorenari aska ditzala kontrako kargurik gabe Gazan atxilotuta dauden hamalau mediku. «Bitartean, Gazako osasun sistema kolapsatzear dago», azpimarratu du ohar batean.
Ekinbidearen Euskal Herriko adarrarentzat, erasoa bera baino «are kezkagarriagoa» da «isiltasuna». Oroitarazi dute «nazioarteko zuzenbidea defendatzen dutela» dioten gobernuek ez dutela ezer esan, «beste behin». «Ez dago atxilotuak askatzeko berehalako eskaerarik. Erantzunik ez ematea ez da neutrala».
Gogoetarako galdera bat ere utzi dute: «Nola onartu da egoera batera iristea non Israelek bahiketak egin ditzakeen begi bistan, armarik gabeko zibilen aurka eta ondorioen beldurrik gabe?». Uste dute ekintza hori «aurrekari katastrofiko bat» dela, eta «modu zuzenean» kondenatu beharra dagoela.
Asaldura eragilea
Turkiako Gobernuarentzat ere «pirateria» ekintza bat da Israelek egindakoa. Atzerri Ministerioak ohar batean salatu du Tel Avivek modu horretan urratu egin dituela bai nazioarteko zuzenbidea, bai «printzipio humanitarioak». Hamas Palestinako talde islamistak ere «pirateria sionista» gisa izendatu du Israelen operazioa. Era berean, aurrera egiteko deia egin die ekintzaileei: «Eskatzen dizuegu eraso terrorista horien aurka tinko jarraitzea; zuen misio humanitarioarekin jarraitzea, Gazan zapaldutakoei ahotsa emateko, okupazio krimenak salatzeko eta palestinarrei ezarritako gosete politikaren aurka egiteko».
Ikusi gehiago
Francesca Albanese NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari berezia ez da isildu, eta «mugarik gabeko apartheida» salatu du. «Nola da posible Israeli uztea nazioarteko uretan, Greziako eta Europako kostaldeen parean, ontziak indarrez hartzen eta konfiskatzen?», planteatu du X sare sozialean idatzitako mezu batean. Eta ohartarazi du gertatutakoak «asaldura» eragin beharko lukeela Europan.
Iazko irailean ere, Global Sumud Flotillako ontziak ahalegindu ziren Israelen blokeoa hausten eta Gazara iristen. Ez zuten lortu. Israelek bidea itxi zien zerrendatik 70 bat itsas miliara, nazioarteko uretan, eta ia 500 pertsona atxilotu zituen.